Kike Areitioaurtena: «Komikizaleen artean gero eta onartuagoak daude superheroi homosexualak»

Kike Areitioaurtena: «Komikizaleen artean gero eta onartuagoak daude superheroi homosexualak» https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kike-areitioaurtena-komikizaleen-artean-gero-eta-onartuagoak-daude-superheroi-homosexualak/@@download/image/kike_1401702348.jpg
2014/06/04
elkarrizketa
Ilustrazioak: Hartza.com. Testua: Aitor Abaraoa
Kike Areitioaurtena: «Komikizaleen artean gero eta onartuagoak daude superheroi homosexualak»
Kike Areitioaurtena (1975) donostiarra Bear kolektiboko kidea da, eta ilustrazioa du ogibide. Berak marraztutako superheroi sendo, indartsu eta bizardunak  Hartzak.com helbidean daude ikusgai


Jaioterrian ilustrazio ikasketak egin ostean, AEBetan bizi izan da bost urtez, Miami, Atlanta eta Los Angelesen; publizitate agentzia, film ekoiztetxe, argitaletxe zein komiki etxeentzako egin du lan. Egun, Londresen bizi da, eta senar Alex Galindo eta bazkide Steve Kayrekin batera, Hartzak.com web orria jarri du martxan bere lana ezagutzera emateko.

Superheroiak dira zure ilustrazioetan protagonista. Zergatik?
Umetatik gustatu zait marraztea, eta gogoan dut sei urte nituela aitak The Teen Titans komiki bat oparitu zidala; orduan ekin nion superheroi ezagunak marrazteari. Gerora neure komiki superheroi propioak ere asmatu ditut, eta noizbait komiki oso bat egitea ere gustatuko litzaidake. Azkenaldian, gainera, lagunak edo ezagutzen ez dudan jendea superheroi itxuraz marrazten ari naiz.

Gorra izateak zerikusirik izan du marrazteko zaletasunean?
Ez dut uste zaletasuna pizterako orduan eragin handirik izan zuenik. Hala ere, gaur egun egia da lan egiterakoan atentzio guztia marrazkietan zentratzen laguntzen didala, soinuek ez bainaute distraitzen. Bestalde, esango nuke gorra izanik ikusmenaren erabilera sakonagoa egiten dudala, eta horrek asko laguntzen dit ilustrazioa eta diseinu grafikoa lantzerakoan.

Zer daukate superheroiek beste genero batzuetako pertsonaiek ez dutenik?
Norbanakook hainbat arazorekin topo egiten dugu gure eguneroko jardunean, eta, nire ustez, arazo horiek konpontzeko dugun gaitasuna irudikatzen dute superheroiek. Bestalde, gay eta gorra izanik, pertsonaia mutanteekin erabat identifikatuta sentitzen naiz; ezohiko boterea dute, eta sarritan, diren bezalakoak izateagatik, jende askok ez ditu onartzen.

Denok ditugu besteengandik ezberdintzen gaituzten ezaugarriak. Alde horretatik, denok senti gaitezke superheroiekin identifikaturik?
Zalantzarik gabe. Guztiok ditugu dohai jakin batzuk. Baina dohai horiek ongia edo gaizkia egiteko erabili daitezke. Adibidez, hitz-jarioa duenak, gauzak argi azaldu eta jendea konbentzitzeko gaitasuna duen horrek, badu botere bat. Baina botere hori mundu hobeago bat egiteko erabili dezake, edo jendea elkarren aurka jartzeko. Superheroiek gauza bera egin dezakete euren soperbotereekin.

Superheroi komikiek gizarte arazoak izan ohi dituzte jomuga: arrazagatiko gatazkak, klase borrokak, bloke ideologikoen aurrez aurrekoak... Sexu identitatea, aldiz, tabu halako bat izan da, ezta?

Bai, duela gutxi arte halaxe izan da. Zorionez, gauzak aldatzen ari dira, eta komiki etxe handiak superheroi gay zein lesbianak sortzen hasi dira. Adibidez, Marvelek Northstar, Wiccan, Hulkling eta Karma ditu, eta DCk Batwoman, Obsidian, Apollo eta Harley Quinn. Komikizaleen artean gero eta onartuagoak daude superheroi homosexualak. Beste kasu batzutan, pertsonaien sexu orientazioa eta euren arteko harremanak modu anbiguoan tratatu dira, euren sexu joerak argi utzi gabe.

Zure pertsonaiek, oro har, Bear kolektiboko lagunen ezaugarri fisikoak dituzte.
Baliteke. Esango nuke nire ilustrazio lanak superheroien eta kolektiboko gizon maskulino, indartsu eta iletsuen arteko nahasketa direla. Hala ere, nesken ilustrazioak ere egin izan ditut.

Gure gizarteak oraindik ere gay estereotipotzat gizon argal eta femeninoak ditu?
Oro har, baietz uste dut. Jende asko oraindik harritu egiten da euren begietara heterosexuala dena gay dela jakiterakoan. Adibidez, oso ohikoa da gizonezko ballet dantzariak gay direla pentsatzea, eta ezagutu ditudan Miami City Ballet konpainiako lagun gehienak ez dira gay, are gehiago, oso kitzikagarri zaie egun guztia neska lirainez inguratuta egotea. Era berean, uste da ejerzitoan gizonezkoen gehiengo zabala heterosexuala dela, eta kasu horretan ere, nik ezagutzen dudanari dagokionez, hainbat herrialdetako indar armatuetan dauden gizon gay eta emakume lesbianen kopurua proportzioan oso altua da.

Irudipena dut Bear kolektiboa oso batuta dagoela, baina era berean, nahiko itxia dela. Hala da?
Bear kolektiboa oso batuta dago, eta beste hartz batzuekin harremanak sortzea oso erraza da. Interesgarria da ikustea kolektiboko bilkurak izaten direnean gehienok elkar ezagutzen dugula. Baina ez dut uste kolektibo itxia denik. Are gehiago, esango nuke hartzak ez direnek uste dutela hartzei zuzendutako taberna, ekitaldi eta bilerak hartzentzako soilik direla, baina mutil argal askori gustatzen zaizkie hartzak, eta hartz askori mutil argalak. Eta emakumeentzako oso zabalik dagoen kolektiboa da, batez ere emakume heterosexualentzako. Hartzak, oro har, oso adiskidetsuak gara.

Nola ikusten duzu zuen kolektiboa Euskal Herrian?
Zaila egiten zait erantzutea, urte asko baitira han bizi ez naizela. Garai hartan, gay komunitatea zen, oro har, bistaratuagoa zegoena. Badakit, Donostian adibidez, ez dagoela hartzen tabernarik, baina Bilbon badago bat: The Santu Bear. Nik ezin esan dezaket, baina lagunek esan didatenez, Bear komunitatea hazten ari da Euskal Herrian.

Duela gutxi, senar Alex eta lagun Stevekin Hartzak.com ataria sortu zenuen. Zer eskaintzen duzu bertan?
Nire sorkuntza lana jende askorengana heltzeko aukera ematen dit, eta sormena garatzeko bidea ere bada. Kolektiboko lagun eta ezagunek zein gainontzeko lagunek nire marrazki eta diseinuak kamisetetan jartzeko egiten zizkidaten eskaeren harira sortu zitzaigun web orria egiteko ideia. Uste dut Bear kolektiboko pertsonentzako diseinu alternatiboak eskaintzen ditugula, eta publiko orokorrarentzako marka berri bat ateratzeko asmoa dugu.

Jendeak gustuko du bere burua superheroiz jantzita ikustea?
Ihauterietan mozorrorik salduenak superheroienak izaten dira, baita AEBetan Halloween gauean ere. Horrek erakusten du jende asko identifikatzen dela superheroiekin, eta euren burua hala ikustea gustuko dutela. Are gehiago, jende askok eskatzen dit eurak superheroiz jantzita ilustrazioak egiteko.

Beraz, guztiok dugu barnean superheroi bat?
Nik argi dut baietz, eta uste dut bakoitzak bere dohaiak behar bezala erabiliz gero, denon mesederako izango litzatekeela.

Bear hiztegia


Hartz (Bear): gizon iletsu eta sendoa.
Hartzkume (Cub): hartz gaztea (ez derrigorrez txikia).
Loditxo (Chubby): gehiegizko pisua duen gizon handia.
Miresle (Admirer): hartz komunitatea erakargarri zaiona.
Heldu (Daddy): adinean aurrera egindako gizonak.
Hartz zuri (Polar Bear): ile eta bizar zuria duten gizon helduak.
Hartz gihartsu (Musclebear): gimnasiora sarri joaten diren gizonak, giharrak garatuta dituztenak, baina berez gorpuzkera handia dutenak.
Igaraba (Otter): gizon iletsu eta bizardunak, baina argalak, edo behintzat ez hartzak bezain handiak.
Otso (Wolf): gorpuzkera ertaineko gizon iletsuak (ez dira igarabak, ez hartzak, ezta gazteak ere).