[Gomendioa] Kerobia

[Gomendioa] Kerobia Lehengoan txio herrian norbaitek galdetzen zuen ea nor zen euskal talde azpibaloratuena. Erantzunen artean Kerobia azaldu zen... poztu egin nintzen hori pentsatzen ez duen bakarra ez naizelako. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/gomendioa-kerobia/@@download/image/4472813468_c954be40cd_o.jpg
2020/02/10

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Lehengoan txio herrian norbaitek galdetzen zuen ea nor zen euskal talde azpibaloratuena. Erantzunen artean Kerobia azaldu zen... poztu egin nintzen hori pentsatzen ez duen bakarra ez naizelako.

Momentu horretan konturatu nintzen bazela garaia Kerobia taldearen diskoez eta ibilbideaz apur bat hitz egiteko, izan ere, nire talderik kuttunenetako bat dira. Beharbada ez da melodiarik finenak egiten dituen taldea, ezta teknikoki onenak ere; irudituko zaizu ez duela ezer asmatu, baina Kerobia zerbaitegatik berezia bada zerbait esateko duelako da, musika barne unibertso oso bat entzuleari aurkezteko erabili baitzuen.

Zintzotasuna helarazten dute akorde bakoitzean eta pasio hori zenbait zaleturengana iritsi bazen ere (izan ere, Kerobia zaleok oso Kerobia zaleak gara), ez zuen lortu publiko zabalarengana iritsi eta talde bezala lehertzea. Irudipena dut, behin taldea deseginda errekonozimendu gehiago jaso duela euren musikak.

Euren lehen diskoa gozagarria bada ere, ibilbideko diskorik estandarrena dela esango nuke. 2004ko Kerobia diskoak garai hartako gitarra soinuekin bat egiten du. Xabi Bandiniren ahots berezia da beharbada ezberdintzen dituena, zinez melodikoa baita, sentimenduz betea. Bertan daude Belarrira esan edota garai hartan Gaztean horrenbeste entzun zen Itsasoa bezalako abestiak.

Alabaina, 2006an iritsi zen euren maisulana izango dena, edo bederen euren soinua definitzeko balio izan zuen lana: Rose Escargot. Hemen gitarra distortsionatuak zenbait kantutan mantenduko badira ere, alde poperoagoa lantzen dute, euren melodietarako zaletasuna lotsarik gabe azalduz. Gainera, lehen diskoko abestiak alegiazko mundu bati aurkezpena ematen dio. Isburt Norvegian kokatzen den asmatutako herri bat da eta Rose Escargot-ek bertara egiten duen bidaia kontatuko du diskoak. Taldea Escargoten ihesaldiaren zergatia azaltzen saiatzen da bere pentsamenduen, erruen, pozten eta negarren berri emanez. Rose Escargot alegiazko pertsonaia bada ere gu guztiok identifikatua sentitu gaitezkeen biografia unibertsala sinatu zuten nafarrek bere izenean. Aipatu diskoko abesti bakoitzari ilustrazio bat egin ziola Maite Gurrutxagak, oraindik ere diseinuari garrantzi gehiegirik ematen ez zitzaion garaian. Honela, taldeak disko bat baino, diziplina anitzeko lan bat eskaintzea izan zuen helburu.

Beti iruditu izan zait, bere denborari aurreratzen zitzaion taldea izan zela, ezinegonez betea, entzuleari beti zerbait berezia eta pertsonala eskaintzeko gogoz zegoena. Halaxe frogatu zuten hiru diskoz osatutako lan kontzeptual honekin ere. Hiru EP labur ala disko luze bat bezala hartu ditzakezu Materia organikoa eta gainerakoak (2008), Papera eta kartoia (2009) eta Ontziak (2010) lanak. Baina, alderdi artistikoan sartu aurretik aipatu taldeak SGAEtik ateratzea erabaki zutela, beren sorkutza modu askean zabaltzeko creative commons zigilupean. Egun creative commons kontzeptua ezaguna bazaigu ere, garai hartan bilatu egin behar izan nuen zer demontre zen hori. Beste behin pausu bat aurrerago zihoan Iruñeko taldea.

Arlo musikalean, birziklatzeko ontzi bakoitzari erreferentzia eginez urte bakoitzean disko bat argitaratu zuten. “Disko berdea” (Materia organikoa eta gainerakoak) da diskorik rockeroena, Asteroideen antzokian artista eraila bezalako abestiek ezinbestean Mando Diao taldearen hasierako diskoak gogorazten zuen. Letretan Rose Escargot diskoarekin eraikitzen hasi ziren unibertsoa zabaltzen joango dira, ihesaldiak eta barne bidaiak nagusituko direlarik. Hori ederki islatzen du “disko urdineko” (Papera eta kartoia) Nondik irtetzen da barrura abestiak, edo Oreka ezina zen indibiduo baten azken pentsamenduak kantuak, bertan, literalki, naufragio bat narratzen duelarik. Baina taldeak hasieratik zerbait aldarrikatu nahi izan badu hori eguneroko gauzak txikien handitasuna izan da, entzun bestela Esaldi sinple bat galdera handiegirako abestia: zure ilea gauza ederra da, kaosa gauza txikitan. “Disko horian” (Ontziak) Rose Escargot-eko unibertsoari erreferentzia egiten diote, Asteroideek norabide zuzenean kolpatzen dute lurra abestian Isburt aipatzen da, baita Rose bera ere, frogatuz, Kerobia diskoetara mugatzen den proiektu zurruna baino askoz zabalagoa dela. Kerobiak gu guztiok garen unibertso infinituak musika bilakatu ditu bertan gal gaitezen. Horrela, zabaltzen doan unibertso horri Anna Grey, Suit Van Hollerman, Tina eta bestelako pertsonaia samurrak gehitzen hasiko dira garai honetan. Guzti-guztiak nire lagun, aholkulari eta momentu txarretako helduleku bilakatzeraino iritsi ziren eta hala jarraitzen dute.

Bi urte beranduago, 2012an iritsi zen Supernova, euren lan arriskatuena eta baita azkena ere. Aurretik ereiten joan ziren ideiak guztiz loratuak agertzen dira lan honetan. Bertan daude Kerobiaren osagai guztiak: melodia ederrak, pasioz betetako ahotsa eta pertsonaia karismatikoak euren unibertsoa narratzen, bertan gurea islatu dezagun. Lana ordea, ez da berezia osagai guzti hauengatik soilik; beste behin abesti bakoitzari ilustrazioek laguntzen diete, baina baita testu narratibo eder batzuk ere, batzuk euskaraz, besteak gazteleraz, guztiak erraietatik idatziak, egunerokotik pausa bat hartu eta orduak igaro ditzazun lan bikain honetaz gozatzen. Izan ere, Supernova ez da disko formatuan aurkezten, liburu formatuan baizik. Proiektu hau gauzatzeko crowfunding sistema jarri zuten martxan eta bere zalegoek berehala erantzun genion deiari.

Hala, handik denbora batera, Pedro Espantosaren hiletak bezalako abesti bikainak dakartzan liburu-diskoaz gozatzeko aukera eduki genuen. Beste behin, Espantosa bezalako pertsonaia hunkigarriek hausnarketa ederrak uzten dizkigute: Bizitza oker banatutako penetara ohitzea da / Esan zuen Pedro Espantosa jaunak. Espantosa da Kerobiaren unibertsoko nire pertsonaiarik gustukoena, non hiletak antzezten dituen faltan botatzen dituen horiek ikusteko. Halere, beste hainbat ezusteko zoragarri ere aurkituko dituzu diskoan aukera bat ematen badiozu, entzunaldi gehiagoren eta denbora pasa ahala hazten eta hobetzen den disko horietakoa baita.

Eta hala, supernovaren leherketa baten moduan, 2013an, disko berria oraindik bero zegoela iritsi zen albistea: Kerobiak agur esaten zuen eskutitz baten bitartez. Bertan azaltzen zuten ezin izan zituztela buruan zituzten ideia guztiak gauzatu eta horregatik agur esateko unea iritsi zela.

Sortutako unibertsoak bertan dirau ordea, batzen den zale berri bakoitzak bere galaxia partikularra gehitzen duelarik. Nire aldetik talde nafarrari eskerrak ematea besterik ez zait gelditzen, Kerobiaren musika ipini dudan bakoitzean oparitutako bidaia bakoitzagatik.


Argazkia: Igor Zalbidea (flickr.com/igorza76)