Kerobia, Pop Kontzeptuala

Kerobia, Pop Kontzeptuala https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kerobia-pop-kontzeptuala/@@download/image/69p38.jpg
2006/12/01
elkarrizketa
Gaztezulo
Iruñakoak dira Kerobia, baina "Rose Escargot" izeneko beren bigarren diskoan, british ukituko popa dakarkigute. Isburt hirian bizi den Rose pertsonaia da diskoaren ardatza.  

Nolakoa da Rose izeneko pertsonaia? Eta nolakoa da Rose-ren bizileku den Isburt hiria?  
Rose zu edo ni bezalakoa da. Guk denok bezala, ilusioak, kezkak, penak eta poztasunak ditu. Rosek ez dauka istorio berezirik kontatzeko, azken batean, biografia unibertsal bat aipatzen dugu. Isburt hiria, ordea, Norvegian kokatu dugu. Hiri arrantzalea da, eta itsasargia da bere elementurik esanguratsuena. Isburtek bere sinbolismoa du, eta diskoan agertzen den poemak islatzen du hori.

Oso tonu britanikoa du diskoak; lehen diskotik hona, hori al da aldaketa nagusia?

Lehen diskotik hona, gauza asko aldatu dira. Hasteko, diskoa lantzeko era aldatu dugu. Lehenengo diskoarekin, egun batetik bestera sortu zitzaigun aukera, eta geneuzkan abestietatik batzuk aukeratu, eta aurrera egin genuen. Oraingoan, diskoa hasieratik prestatu dugu, abestiak disko horren barruan irudikatuz. Bestalde, guk ere bilakaera bat izan dugu, heldutasunean eta musikaltasunean, eta horrek eragin du estilo aldaketa. Bestalde, asko gustatzen zaigu pop britainiarra, eta horrek bere ondorioa dakar.  

Patxadaz aritze hori, asko nabaritzen al da diskoan?

Gu pribilegiatu hutsak gara. Zorte handia dugu gauden tokian gaudelako, eta gauden diskoetxean (Gor) gaudelako. Diskoetxekoek ez digute ezer exijitzen, ez presiorik sartzen. Hala ere, bigarren diskoa izanik, lehenengoaren gainetik egotea nahi genuen. Eta horrek, grabaketan, tentsio momentuak sortzen ditu, baina azkenean, lan ona egin dugula iruditzen zaigu.

Maite Gurrutxagaren ilustrazioek ipuin naif baten itxura ematen diote diskoari, hori al zen zuen helburua?

Diseinuari ere ukitu berezia eman nahi genion. Horretarako, Pablo Errea diseinatzailearekin hitz egin genuen, eta Pablok berehala ulertu zuen disko kontzeptualaren ideia. Bestalde, Maite Gurrutxaga gure laguna da, eta bere lanak asko gustatzen zaizkigu; beraz, Pablori proposatu genion Maiteren ilustrazioekin lan egin zezan. Grabaketak egin ahala, haiei bidaltzen genizkien.

Nafarroan, euskal musikak proposamen gogorrak eman ditu beti. Salbuespena al zarete?  

Nafarroan eta Euskal Herrian, beti estilo berdintsuak nagusitu dira denbora luzez. Gure ustez, musika estilo ugaritasuna oso gauza positiboa da, eta orain, poliki-poliki izan arren, badirudi gauzak aldatzen ari direla. Ez dugu konplexurik gustuko dugun estiloa jorratzeko, estilo hori estandarretik ateratzen bada ere.

Kantu luzeak dira zuenak, eta horretan ere salbuespena zarete: kantu luzeen bertigoak ez zaituzte askorik beldurtu...  

Kantu originalak, askotan, diskoan baino luzeagoak ziren. Maiz esaten digute, kantu luzeegiak egiten ditugula. Hori jakin badakigu: komertzialagoak lirateke hiru minutuko kantuak. Baina ez da gure helburua disko asko saltzea, barruan duguna ateratzea baizik.