Ken Zazpi: "Ez da isilik egoteko garaia"

Ken Zazpi: "Ez da isilik egoteko garaia" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/ken-zazpi-quotez-da-isilik-egoteko-garaiaquot/@@download/image/29p10-1_1369223120.jpg
2003/04/04
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Ken Zazpi: "Ez da isilik egoteko garaia"
Ken zazpi taldeak "Bidean" bigarren lana kaleratu berri du, Gor disketxearekin. Bizkaitarrek primeran uztartzen dituzte melodiak eta erritmo gogorrak, "Atzo da bihar" estreinako disko arrakastatsuan erakutsi bezala. Bigarren diskoan soinu nahasketa hori gehiago landu dute, eta taldea heldu egin da. Eñaut Elorrieta kantari gernikarrarengana jo dugu, lan berriaren xehetasun bila.

Grabazioa bide onetik joan da? Pozik zaudete emaitzarekin?  
Andoaingo Garate estudioetan grabatu dugu eta Haritz Harreguy izan da soinu teknikaria. Grabazioa beti da lan gogorra, baina oso gustura ibili gara, hasiera-hasieratik oso ondo konpondu baikara Haritzekin. Ziur naiz gure arteko harremana ez dela bigarren lan honekin amaituko.

Zer aurki daiteke disko berrian? Sortze lana erraza izan da? Kantuak melodikoagoak direla dirudi...

Diskoan 11 kantu eskaintzen ditugu, guztiak guk sortu eta ekoitzitakoak: landutako abesti melodiko, indartsu eta zuzenak dira. Lehen diskoan hartutako bidea jarraitu dugu, baina taldea heldu egin da. Disko ona dela uste dut; orekatua eta osoa. Gu oso harro gaude emaitzarekin. Bestalde, kantuak egitea gauza ederra da, baina lan handia eskatzen du, eta azkenean zeharo hustuta gelditzen zara. Dena den, emaitzarekin hain pozik gelditzen zarenean, egindako ahalegin guztiak kolorea hartzen du…

Gustuko duzue grabatzea edo nahiago dituzue lokaleko lanak edo zuzenekoak? Arlo bakoitzak berezko esparrua duela uste duzu?

Lan ezberdinak dira, baina dudarik gabe, zuzenean aritzea da gehien atsegin duguna. Grabazioak badu berea, baina ez du zuzenekoaren intentsitatea.

Kantuetan, melodiek garrantzia handia dute, baina gitarra ere nabarmena da.
Power-pop-a edo pop gogorra egiten duzuela diote askok. Indarraren eta melodiaren arteko oreka bilatzen saiatzen zarete?
Taldearen oinarria oso sendoa eta zuzena da, eta ahotsa oso melodikoa. Bien arteko oreka gitarrek lortzen dute; gitarra gogor eta samurrek. Horrela, emaitza melodikoa bezain indartsua da. Hau guztia modu naturalean irteten zaigu, baina kantuak landu egin behar dira. Gure estiloan aurrerapausoak ematen ahalegintzen gara.

Bad Religion eta hardcore melodiko taldeen eragina eta rock gogor klasikoarena sumatzen dira diskoan. Aniztasuna da gakoa, ez soilik musikan, baita bizitzaren arlo guztietan ere?

Agian, bai. Beharbada, gure kantuetan aurki daitekeena bizitzaren aniztasun horren isla baino ez da. Musika asko eta mota guztietakoa entzun ohi dugu, eta besteen eragina nahitaezkoa da. Hala  eta guztiz ere, gu geure estiloari eusten saiatzen gara, geure kezkak azalduz.

Garrantzia handia ematen diezue hitzei. Mezuek musikak adinako garrantzia behar dute izan?

Hala da. Melodia on bat ez da ezer hitz indartsu barik. Horrela sentitzen dugu guk behintzat, eta irizpide hori jarraitzen dugu.

Mezu politikoak eta rock musika uztartzearen alde zaude?

Musika komunikatzeko era da; barneko maitasun eta gorrotoak ateratzeko bidea. Ken 7 ez da gertuko errealitatetik at bizi, errealitate horrekin konprometitutako taldea da. Gure iritziak argi azaltzen ditugu. Garai gogorrak bizi ditugu eta ez da isilik egoteko garaia. Nork bere alorrean sokatik tira egin behar du.

Gatibu, Audience… Gernikan musika mugimendua dagoela dirudi. Dena den, arazo handia omen duzue lokal eskasiaren ondorioz...

Gu Exkixurena izandako lokalean aritzen gara eta jakin badakigu zorionekoak garela. Ukaezina da Gernikak asko duela emateko, baina lokalak behar dira eta Udalak musika taldeen eskakizunei kasu egin beharko lieke.