Kazetaritzaren ahotsa isildu da

Kazetaritzaren ahotsa isildu da 79 urterekin zendu da Mariano Ferrer kazetari donostiarra. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kazetaritzaren-ahotsa-isildu-da/@@download/image/15631258557296.jpg
2019/07/15
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

79 urterekin zendu da Mariano Ferrer kazetari donostiarra.
Kazetaritzaren ahotsa isildu da

Esker eta agur mezuz bete dira sareak asteburuan; Mariano Ferrerren ahotsa itzali da, 79 urterekin. Kazetari donostiarrari bihar egingo diote azken agurra, hilak 16, 19:30ean, Donostiako Gladis Enea parkeko Mandasko Dukearen jauregian.

Erreferentziazko kazetaria izan zen Mariano Ferrer (Donostia, 1939ko irailaren 11 - 2019ko uztailaren 14a). Herri Irratiko zuzendariorde eta Egin egunkariko zuzendari, adierazpen askatasunaren aldeko irudia izan zen Ferrer. Inguruarekin beti kritikoa izan zen kazetaria, eta aldi berean, guztiekin eztabaidatzeko gai. Lanbide hau dugunon irakasle eta itsasargi, hil arte aktiboa ibili zen, 2004ean kazetaritzatik erretiroa hartu bazuen ere. Hain zuzen, 18/98+ plataformako bozeramailea izan zen, eta Altsasukoentzat justizia eskatzeko sinatu zuen. Kazetaritzarekin batera beste alor batzuk ere jorratu zituen; besteak beste, Donostiako Zinemaldiko prentsa arduraduna izan zen, eta baita irakaslea Deustuko Unibertsitatean

Herri Irratiko garaia (1971-1977)

Radio Popular de San Sebastián irratian ibili zen zuzendariorde, 1971tik 1977ra. Irrati honekiko harremanak 2004 arte iraun zuen, erretreta hartu zuen arte. 1970eko hamarkadan, frankismoaren instituzioek hedabideen gainean zeukaten kontrolak berriak zabaltzea galarazten zuen. Berriak eman ahal izaten zituen irrati-etxe bakarra RNE, Espainiako Estatuaren irratia alegia, zen. Horren aurrean, Mariano Ferrerrek egunkariek ekarritako berriak irakurtzen eta iruzkintzen zituen, oso kritikoki. Askotan, irakurketa horiek ere debekatu zizkioten arren, Euskal Herrian adierazpen-askatasuneko erreferente bihurtu zen Ferrer.

Egin (1977-1978)

Egin sortzeko kolaboratzeaz gain, aldizkariko lehen zuzendaria izan zen. Ikuspuntu ezkertiarra eta abertzaleari ahotsa ematea zen hasierako helburua. Gutxira, 1978an, Ferrerrek egunkaria utzi zuen.

El kiosko de la Rosi (1978-2004)

Askok oso gogoan dute Ferrerek irratsaio honetan egunero astelehenetik ostiralera egindako jarduna. 30 urte iraun zuen, erretreta hartu arte.

Han eta hemen

Ferrerrek hainbat hedabidetan ere parte hartu izan zuen iritzi artikuluen bidez. El Mundo egunkarian 1990eko hamarkadaren amaieran baita 2000koaren hasieran aritu zen. Julio Medemen Euskal Pilota. Larrua harriaren kontrako filmean ere elkarrizketatzen dute Mariano Ferrer. Erretreta hartu ondoren, 2004ko uztailaren 9an,Euskal Herriko hainbat irrati-, prentsa- eta telebista-komunikabidetan politika-iruzkingile gisa lan egin zuen. 

35 urteko ibilbide profesionalak eta ondoren egindako kolaborazio ugariek aztarna utzi dute Euskal Herriko kazetaritzan; bere falta sumatuko dute askok.