Katuek karratuetan sartzeko duten joera aztertu dute

Katuek maite dute toki estuetan sartu eta espazio itxietan uzkurtzea edo etzatea, kaxetan, arroparen saskian, ohe azpian zein palankanan. Sareetan jendeak partekatutako irudi eta bideoetan ikusi izan dugun bezala, karratu formako objektu edo zoru lauen gainean ipintzea gustatzen zaie. Ikerketek ondorioztatu dutenez, karratu itxura duen ilusio optikoen gainean ere jarriko lirateke.
New Yorkeko unibertsitate batek katuak zituzten boluntarioak eskatu zituen animalien portaera aztertzeko. Katuen gaitasun kognitiboa nolakoa zen ikusi eta karratu itxurako ilusio optikoak bereizteko gai ziren jakin nahi zuten. Aztertutako portaeren arabera, ez da beharrezkoa kaxa batek hiru dimentsio izatea katua erakartzeko, zinta itsasgarriarekin marraztutako karratu batean ere kokatzen baitira. Ilusio optikoak ere nahikoa dituzte, beraz.
Ohitura honen inguruko teoriak ere badira. Ikertzaileek diotenez, <<katuek euren gorputzean presio gozagarri bat sentitzeko premia dute, kume ziren garaian kumaldi berekoen gorputzen abaroan sentitzen zutenaren parekoa. Bestetik, ezkutalekuak gustuko dituzte, ehizan ari direnean harrapakina zelatatzeko egiten duten moduan>>.
Ilusio optikoena frogatzeko, ikerketako parte-hartzaileek lurrean itsasteko paperezko formak inprimatu eta mozteko azalpenak jaso zituzten. Hiru molderekin egin zuten proba: Kanizsa izenekoa, hiruki itxurakoa dena; karratu formaduna; eta Pac Man jokoko irudiaren antzekoa, baina kanpo aldera begira. Sei egunez proba motzak egin zituzten eta katuak bideoan grabatu zituzten estimulu horiekin topo egitean. Gainera, boluntarioek eguzkitako betaurrekoak jantzi zituzten begiekin oharkabean seinalerik ez egiteko. Katuak karratu itxurako eremuen barruan benetakoetan bezainbeste eseri ziren, eta forma hori ez zeukatenetan baino gehiago. Hortaz, katuek ilusio optikoak antzemateko gaitasun nabarmena dute.