Kartzela zigorra animalien aurkako indarkeriagatik Frantzian

Kartzela zigorra animalien aurkako indarkeriagatik Frantzian Herrialdean indarrean jarri nahi duten lege berriak betirako amaituko du txakur eta katuen salmentarekin edota delfinen akuarioekin, baina ez ehiza edota zezenketekin. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kartzela-zigorra-animalien-aurkako-indarkeriagatik-frantzian/@@download/image/adoptaranimales-e1517571692152.png
2021/02/01
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Herrialdean indarrean jarri nahi duten lege berriak betirako amaituko du txakur eta katuen salmentarekin edota delfinen akuarioekin, baina ez ehiza edota zezenketekin.
Kartzela zigorra animalien aurkako indarkeriagatik Frantzian

Frantziak animalien eskubideen aldeko lege anbiziotsua onartzeko bidea hasi du; proposamenak aurrera egiten badu, animalien aurkako indarkerian aurrerapauso garrantzitsua eragingo du herrialdean. Zigor gogorrenen artean bost urte bitarteko kartzela zigorra eta 75.000 euroko multa planteatu dituzte; zigor horiek animaliak hil edota nahita abandonatu badira aplikatuko dira.

Aste honetan zehar eztabaidatuko dute lege proposamena; onartzen bada, beste hainbat berrikuntza ekarriko ditu, hala nola, txakur eta katuen salmentaren debekua bai dendetan zein plataforma digitaletan. Horrekin batera, delfinen eta orken akuarioak edota animaliak erabiltzen dituzten zirkuak debekatuko dituzte; delfinen eta orken kasuan, orain herrialdean daudenak Italia eta Greziako santutegi naturaletara eramango dituzte. 

Etxeko animalien kasuan, gainera, jabeek maskota horien ardura onartzen den ziurtagiria sinatzeko proposamena egin dute; bestalde, albaitariek oraintxe duten "sekretu profesionalerako" betoa kenduko lukete, praktika susmagarriak ikertu ahal izateko. Azkenik, animalien aurkako indarkeria eragin dutenen zerrenda nazionala osatuko dute, etorkizunean animalia berriak eskuratzeko baimena ukatzeko.

Lege proposamenak berritasun ugari dakartza, baina ekologistentzat ez dira nahikoak, izan ere, lege berriak ez du ezer esaten ehizaren edota zezenketen aurka; gainera, maskoten salmenten debekuan ez dituzte untxiak, hamsterrak, hegaztiak edota narrastiak sartu. Guztiarekin, legea onartzen badute 2024 urtetik aurrera ezingo da txakurrik ala katurik erosi Frantzian.