Karmele Jaio: Inkomunikazioaz

Karmele Jaio: Inkomunikazioaz https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Karmele Jaio: Inkomunikazioaz
Karmele Jaio (Gasteiz, 1970) gero eta oihartzun handiagoa lortzen ari da euskal literaturaren munduan; presa handirik gabe, pixkanaka. Hiru liburu baino ez ditu argitaratu orain arte, Hamabost zauri (Elkar 2004), Amaren eskuak (Elkar, 2006) eta Zu bezain ahul (Elkar 2007), baina horietako bakoitzak egindako ibilbide luzeari esker, idazle arabarra irakurleak bereganatuz joan da.
Argitara eman dituen lanak kontuan hartuta, eta idazleak berak adierazi digunaren arabera, narratiba baino ez du jorratu. Uneotan, buru-belarri ari da nobela baten proiektuan, eta lehenago argitara emandako lan bat gaztelaniara itzultzeko asmoa ere ba omen du.
Karmeleren eraginak oso eklektikoak dira, eta  idazle zerrenda luzea maite du: Julio Cortazar, Dorothy Parker, Anton Chejov, Raymond Carver, Medardo Fraile, Margarite Duras, Bernardo Atxaga, Lobo Antunes… sortzaile bikainak eta estilo propioen jabe guztiak. Hortaz, nekez aurkituko dugu idazle zehatz baten eragina Karmelek istorioak osatzeko erabilitako egituretan.
Jorratutako gaiei dagokionez, familia, ingurua eta gizarte gaiak oso present daude, bera fikzioaren eremuan ibili arren. Bere kontakizunen ardatza, deskribatzen saiatzen den hura, inkomunikazioa dela azpimarratu izan du beti; gizakien arteko komunikazio eza, batez ere. Karmelek idaztea aukeratu du gizakiok barruan gordetzen ditugun sentimentuak, inportanteenak askotan, azaleratzeko; besteen aurrean esateko gai ez garen esaldi landuak eta ederrak paperean jasotzeko. Esaldi soilak baina sakonak dira batzuetan, handiak eta boteretsuak besteetan.
Bibliografia
• Hamabost zauri (Elkar, 2004)
• Amaren eskuak (Elkar, 2006)
• Zu bezain ahul (Elkar, 2007)