Karena egitasmoen sorgune digital berria abian da

Karena egitasmoen sorgune digital berria abian da https://www.gaztezulo.eus/albisteak/karena-egitasmoen-sorgune-digital-berria-abian-da/@@download/image/karena_1403080924.jpg
2014/06/17
erreportajea
Karena egitasmoen sorgune digital berria abian da
Auzolanean oinarritutako euskal egitasmo parte hartzaileei bultzada bat eman eta finantzaketa lortzen laguntzeko asmoz sortu da Karena, lehen euskal crowdfunding plataforma.

Ekain eta Unai Martinez anaiek eta Txemi Valdecantosek osatzen dute Karena atariaren lantaldea. Kasualitate batek eraman zituen tresna berri hau sortzera: kideetako batek finantzaketa arazoak zituen buruan zerabilkien proiektu bat aurrera eramateko, eta crowdfundingaren berri izan zuen. "Euskal Herrian halako tresnarik ez zegoela ikusita, bere proiektua bezalaxe, beste hamaika egitasmo aurrera ateratzeko tresna bat sortu behar zela iruditu zitzaion. Eta hemen gaude", azaldu du Ekain Martinezek. Hainbat hilabeteko prestaketa lanen ostean, ekainaren 18an argitaratu dute plataforma, eta sei proiektuk finantzabideak eskuratzeko kanpainak martxan dituzte jada bertan.

Atariaren jardunaren gako nagusiak hiru dira: euskara, auzolana eta parte-hartzea. Alegia, euskara da Karenaren lanabes eta oinarria, eta beste hizkuntzak erabili ahal izango diren arren, plataforman zintzilikatuko den informazio orok, gutxienez, euskaraz adierazita egon beharko du. Bestetik, herritik sortutako ekimenei emango diete sostengua; horren adibide da Oilategia txokoa. Herri eta auzoetako egitasmo guztiek erregistratu eta euren proiektuaren berri eman ahal izango dute bertan, baita beste proiektuekin hartu-emanetan jarri ere. Oilategian izena ematen duten proiektuen artean, gainera, Karenak urte batean mugitzen duen diru guztiaren %1 banatuko dute bozka sistemaren bidez (edozein proiekturi xoxak ematen dizkion edonork eman dezake bozka). Dena den, norbanakoen edo elkarteen ekimenei ere euren garrantzia aitortuko diete. Parte-hartzeari dagokionez, azkenik, guztion onura bilatzen duten proiektuak hobetsiko dituztela azaldu dute kideek, helburua ez baita irabaziak lortzea, elkarlanari esker aurrera ateratako egitasmoekin gustura geratzea baizik. "Hiru alderdi hauek azpimarratzeak, baina, ez du esan nahi baldintza hauek ezinbestean bete behar direnik. Karenak berritzaileak eta sortzaileak diren proiektuak errealitate bihurtzeko tresna ere izan nahi du, gure aburuz interesgarriak diren aspektu horiek sustatu eta hobetsiz", argitu du Martinezek.

Indarra eta zabalkundea hareagotu ahala, egitasmo berriak helduko zaizkiela espero dute. "Argi utzi nahi dugu, ordea, Karena ez datorrela dagoeneko martxan dauden plataformak ordeztera, ezta haiekin lehian hastera ere. Baina herri honen ezaugarriak,  hots, euskara eta auzolana, ondo bilduko dituen tresna bat sortzea ezinbestekoa zela pentsatzen genuen, eta hori ikusarazten saiatu gara", nabarmendu du Martinezek. Herritarrengandik abiatuko ideia eta egitasmo interesgarri asko, finantzaketa arazoak direla medio, erdibidean gelditzen direla-eta,  aukera berri bat eskaintzeko helburuarekin abiatu dute, beraz,  Karena.

Izenaren jatorria


‘Karena’ euskal hitz jatorra gazteleratik eratorritako ‘plazenta’-k ordeztu du. Plataforma bera, proiektu berriak babesteaz eta elikatzeaz arduratuko den heinean,  karenak izaki bizidunen lehen garapen fasean duen paper berbera jokatuko du. Hortik izena.



Zehaztapen garrantzitsuak


- Ezin da proiektu bat baino gehiago aldi berean eskegi. Finantziazioa lortzeko 40 egunak igaro ostean, proiektu berri bat proposatzeko aukera zabalduko da.

- Lortu nahi den diru kopurua aldez aurretik zehaztu behar da. Horretarako, proiektua aurrera ateratzerakoan sortuko diren gastuak, sarien kostua, bidalketa gastuak, Karenak jasoko duen %5, bankuen komisioak eta erabiltzaileek ordaindu beharreko zergak kontuan hartzea komeni da.

- Proiektuei ekarpenak egingo dizkieten lagunei opariak egin beharko zaizkie derrigorrez. Ahalik eta erakargarrienak izan daitezen ahalegindu.

- Finantzazio helburua edozein izan daiteke. 800 euro baino gutxiago bildu nahi duten ekimenei, baina, Karenak 40 euro kobratuko dizkie sortzen diren gastuei aurre egiteko, beti ere, behar adina diru lortzen badute.