'Kapela Eguna' egingo dute larunbatean Bilboko Konpartsek, Aste Nagusirako 100 egun falta direla ospatzeko

Bilboko Konpartsak Federazioak Kapela Eguna izeneko festa antolatuko du maiatzaren 14rako, larunbata, “azken bi urteotako egoera ilunari buelta emateko, irria eta poza berreskuratzeko ekarpen ahalik eta handiena" egiteko asmoz. Konpartsakideek “gogoa bor-borka” daukatela eta Marijaia berriro datorrela gogoratzeko jai berezia izango da asteburukoa, txupin-jaurtiketa handirako 100 egun faltako direla ospatzeko.
Gaur atzera kontaketa egiteko kontagailu handi bat jarriko dute martxan, txupinera eta pregoilariaren laguntzaz, eta larunbatean Kapela Eguna egingo dute. Kapelaren aukeraketaren arrazoia ere azaldu dute: "Erreferentziazko elementu moduan aukeratu dugu, eskuratzeko eta janzteko erraza delako eta «baziloia» delako, jai-girokoa". Bilbotarrak kalera kapela, txapela edo txanoa jantzita ateratzera animatu dituzte.
Goizean, Kapela Tour-arekin hasiko dute eguna, udaletxetik abiatuta. Goiz osoan zehar, 11:00etatik 14:00etara, Kapela-Azoka izango da Plaza Barrian. Leku berean izango dira txapelgintza tailerra, 11:00etan, eta Kapela Lehiaketa, 12:00etatik 13:00etara. Sariak ere banatuko dira ondoren. Bestetik, dantza-plaza izango da, 12:30ean, eta 14:00etan kalejira izango da fanfarrearekin Zazpi Kaleak girotzeko. Arratsaldean, Kapela-poteo musikatua izango da Unamunotik abiatuta, 17:30ean. Amaitzeko, 19:30ean, kapeladun Bilbo Kantari berezia izango da.
Abuztuko Aste Nagusiaren aurrekari modura, beste ekintza batzuk ere egingo dituzte, hala nola Txosnaganerako mendi-martxa, San Juan gaua eta Konpartsakide Eguna.