'Kantuen Kontrabandista' saioa estreinatuko dute astelehenean ETB1-en

'Kantuen Kontrabandista' saioa estreinatuko dute astelehenean ETB1-en Pantxoa Bergara 'Xabaltx' konpositoreak Euskal Herriko bazterrak zeharkatuko ditu kantu galduen bila. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kantuen-kontrabandista-saioa-estreinatuko-dute-astelehenean-etb1-en/@@download/image/Kantuen-Kontrabandista-1.jpg
2022/08/25

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Pantxoa Bergara 'Xabaltx' konpositoreak Euskal Herriko bazterrak zeharkatuko ditu kantu galduen bila.
'Kantuen Kontrabandista' saioa estreinatuko dute astelehenean ETB1-en

Datorren astelehenetik aurrera, Pantxoa Bergara Xabaltx musikariak gidatutako Kantuen Kontrabandista saioa izango da ETB1en eta eitb.eus-en, astero, 22:30etik aurrera. Euskal Herriko herriak eta mendiak zeharkatuko ditu Xabaltxek behor gainean, aspaldiko kantuen hitz eta doinuez oroitzen diren pertsonak aurkitzeko. EITB-ak azaldu duenez, makilan gordetako mikro batean grabatuko ditu kantu horien aztarnak eta gaur egungo musikari ezagunei eramango dizkie, garai berrietara molda dezaten. Desagertu diren edo desagertzear dauden abestiak berreskuratzea izango da helburua.

Musikari hauek parte hartuko dute saioan, besteak beste: Lumi taldeko Nahia Zubeldia eta Manu Matthys, Willis Drummondeko kideak, Petti, Madda Luzzi, Beñardo, Thierry Biscary, eta Oihan Oliarj-Ines. Estilo ezberdinak jorratzen dituzten artistak izango dira, beraz. Bestalde, hainbat aditu ere izango dira saioan, abestien, hitzen eta melodien testuinguru soziokulturalaren eta historikoaren berri emateko.

Astelehenean, bi atal 
Lehen atalean, Bidasoaldetik abiatuko da Xabaltx, Xabier Kerexeta historialariak Resurreccion Maria de Azkueren liburu batean topatutako Luis Gaiztoak kantua bilatzeko proposamena egingo baitio. Ustez betirako desagertuta dagoen kantu zaharra da eta XVI. mendeko bale-ehiztarien bizitza kontatzen omen du. Abesti hura oroitzen duen arrantzaleren baten bila joango da Hondarribira, eta garai hartako bale-ehiztarien bizitza aztertuko dute. Gero, bildutako "merkantzia-kulturala" Donibane-Ziburuko Lumi taldeari emango dio, euren estilora egokitu dezaten.

Bigarren atalean, berriz, musikalki bi bertsio oso ezberdin dituen Arroxa Xuriaren Azpian izeneko kantua izango da ardatz. Txomin Dhers txalapartariarekin batera, abestiaren arrastoaren bila arituko dira Senpere aldean. Bertako ikerle eta adituekin hitz egingo dute, tartean Terexa Ibarrarekin. Ondoren, Sara eta Bera arteko kontrabandisten bide sekretutik igaroko da Xabaltx, Willis Drummond eta Petti musikariekin biltzeko.