Kameleoientzako musika

Kameleoientzako musika https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kameleoientzako-musika/@@download/image/ainhoa_cantalap_1370527052.jpg
2013/06/10
erreportajea
Indartsua, ideia argikoa eta langilea. Halakoxea da Ainhoa Cantalapiedra (Galdako, 1980). Musika du pasio, eta ibilbide gorabeheratsu baten ostean, egonkortasuna aurkitu du.


Hamazazpi urte zituenean hainbat musika talderekin entseatzen hasi zen, eta haietako batekin Bilbao Pop-Rock Hiria Lehiaketako finalera iritsi zen 1998an. Baina 2002an egin zuen jauzi handia, Espainiako telebista kate publikoak emititzen zuen Operacion Triunfo (OT) realityaren bigarren edizioko garaile suertatu zenean. "Telebistaren alde ezkutua ezagutu nuen esperientzia luze eta gogor haren bitartez". Halaber, nazioarteko musikari ospetsu eta onduekin lan egiteko aukera eman zion, tartean, Emilio Estefan ekoizlearekin eta Shakira abeslariarekin.

Une gogorrak ere bizi izan zituen, bi errepide  istripuren ondorioz kontratu diskografikoa galtzeko zorian izan baitzen; gainera, epaiketa luze eta gogorrak izan zituen ondoren. "Baina guztiok dakigun moduan, hiltzen ez zaituen horrek gogortu egiten zaitu". Horregatik, garaian garaikora egokitzeko asmoz, bere irudia eta musika aldatzen joan da, eta dance joeretara hurbildu da azken aldian; "irudi batek mila kantek baino gehiago balio dute oraindik", dio ziurtasunez. Kameleoien antzera, berea doitu duen artista batek esana.

... eta gaur


Ze proiektu duzu uneotan eskuartean?
Crowdfunding bidez osatutako disko berria 2013an kaleratuko dut, eta hain zuzen, ni neu sistema honen amabitxia izan naiz estatu mailan. Daniel Paez izeneko abeslari ekuadortar ospetsuarekin elkarlanean osatu dut. Musikaz haratago, telebistan jarduteko aukera ere sortu zait, eta gainera musika elektronikoaren jaialdi bateko irudia naiz.

Harremanik al duzu OTko lehiakideekin?
Ez gehiegi, egia esan. Gainera, beste edizioetakoekin hobeto moldatzen naiz, ez garelako elkarren artean lehiatu. Uste dut hobe dela harremanak kameretatik urrun abiatzea, guda eremutik kanpo.

Kalean ezagutzen al zaituzte oraindik?
Hamar urte igaro diren arren, bada denbora luzez begira geratzen zaidanik, ni ote naizen ziurtatu nahian. Baina oso hitz onekin hartzen naute, ikaragarria da benetan.

Jare talde bizkaitarraren ‘Ilargiari begira’ kantan hartu duzu parte. Euskaraz sortzeko asmorik?
Musikak ez du hizkuntz eta kultur mugarik… Esaterako, ikaragarria da jendeak beste hizkuntzetako kantak zer esaten ari den jakin gabe kantatzea! Hori musikaren lorpena da! Italieraz, ingelesez, euskaraz eta katalanez abestu dut dagoeneko, eta beste hainbatetan aritzeko prest nago, baldin eta kanta gustatzen bazait.

Zeintzuk dira zure helburu pertsonal eta profesionalak epe labur nahiz luzera?

Dance musikaren munduan bidea egiten jarraitu nahi dut, eta Madrilen, Bartzelonan ala Bilbon lan egin. Era berean, Latinoamerikara egiten ditudan bidaiak lan errutina bilakatu nahi ditut.