Kalera ateratzeko atzerako kontaketak kalkulatzen

Kalera ateratzeko atzerako kontaketak kalkulatzen Wuhanen gaur amaitu dute berrogeialdia; gurean, noizko? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kalera-ateratzeko-atzerako-kontaketak-kalkulatzen/@@download/image/2020-04-07T234613Z_1121389696_RC2ZZF9JY7XY_RTRMADP_2_HEALTH-CORONAVIRUS-CHINA-WUHAN.jpeg
2020/04/08
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Wuhanen gaur amaitu dute berrogeialdia; gurean, noizko?
Kalera ateratzeko atzerako kontaketak kalkulatzen

Egun handia dute gaur Wuhanen; urtarrilaren 23an hasitako itxialdiari amaiera emango diote gaur, mugekin noski. Azken egunetan ez dute hildakorik erregistratu, eta azken asteetan soilik bi kasu agertu dira. Gauzak horrela, pandemia honen epizentro izan den hiriak pixkanaka ateak irekiko ditu berriro, ardura handiz.

Txinako beste eremuetan normaltasuna berreskuratzen hasi dira egunotan, poliki-poliki; eskolak ireki dituzte, hainbat saltoki eta enpresa ere martxan jarri dituzte, eta Shanghain zinemak irekitzekotan dabiltza. Halere, beldurrez hasi dute normaltasunerako bidea, kasu berriak agertu ez daitezen kontrolatuz.

Eta munduko gainontzeko lekuetan, zer? Italian konfinamendu dekretua apirilak 13rako ezarri duten arren, ziur aski maiatzak 4a arte ez dute normaltasunera itzultzeko mugimendurik hasiko. Espainiar Estatuan antzeko egoera antzematen da; data ofiziala apirilak 26 izanda ere, litekeena da konfinamendua maiatzera luzatzea.

Europako beste herrialdeek ere antzeko datak dituzte dantzan; Austria eta Danimarkan apirilaren 14erako baimenduko dute saltoki txikien irekiera, eta denda handiek berriz maiatzaren lehen egunera arte itxaron beharko dute. Dendetan sartzeko maskarak derrigorrezkoak izango dira, eta jende kopuru maximoak ezarriko dituzte. 

Itxialdiaren irteera ez da erraza izango; Singapur eta Japonian, esate baterako, pandemia kontrolpean zegoela uste zuten, eta konfinamendu neurriak erlaxatu zituzten; eta bat-batean, koronabirus kasuak berriro agertu direla ohartu dira, berriz ere itxialdira bueltatzera behartuz.