Kalamuz jantzita

Perretxikoak bezala ari dira ugaltzen mota honetako dendak Euskal Herrian. Hiriburuen artean Gasteizen dago denda gehien. Bertan hiru aurki daitezke. Bilbon eta Donostian bi ireki dituzte eta Iruñean eta Bainonan, berriz, bana dago. Hala ere, ziur asko hemendik gutxira, Gasteizen gertatu legez, denda gehiago zabalduko dira beste hiriburuetan ere.
Zer topa daiteke denda hauetan? Gauza asko eta oso desberdinak. Kalamuz eginda dagoela sekula pentsatuko ez zenukeena ere bertan aurki dezakezu. Arropa, janaria, xaboiak, edariak... Baina, honek kolokatzen du? Alegia, goxoki hau janez gero, sekulako "itsua" hartuko dut? Richard Gasteizko Ametsa dendako arduradunak egindako keinuarengatik, galdera bera behin baino gehiagotan egin diotela dirudi, Richardek zalantzak argitu dizkigu: "Ez, ez du kolokatzen. Kalamua eta marihuana finean gauza bera da, kontua da kalamuak ia ez duela THC substantziarik, ez bederen legez kanpokotzat jotzeko bezainbeste. Hortaz, goxokiak, pasta edota txokolatea jateak ez du buruan inongo eraginik"
Marihuana landareak THC kopuru handiagoa du. Dena den, horretarako landareak emea behar du, arrek ez baitute THCrik. Legalitate eta ilegalitate kontuak darabiltza Richardek marihuanaz eta kalamuaz mintzo denean: "Marihuana landatuz gero; ezin dizute ezer esan; landarea hazi eta loratzen den arte. Une horretan, berriz, emea izango balitz, legez kanpokoa litzateke landare hori izatea".
Denda hauetara jotzen duen jendea adin eta mota guztietakoa dela dio Ametsako dendariak. "Batzuek ez dute erretzen, baina arropa, giroa... atsegin dituzte". Azaldu digunez, dendara hurbiltzen diren bezeroen batez besteko adina 20 eta 30 urte bitartekoa izan ohi da. Hala ere, hortik gorakoak ere sarri doaz haziak ereintzeko produkturen bat erostera. "Aurreko batean 40 bat urteko emakume bat etorri zen haziak erostera, izan ere ez zioten tabernetan saltzen eta emakumeak ez zekien zer egin marihuana lortzeko", dio.
Egia esan, harrigarria da zenbat gauza egin daitezkeen kalamuz. Hala dio Richardek: "Kalamuz guztia egin daiteke, landare osoa aprobetxagarria da eta. Papera ere egin daiteke, eta horretarako ez genuke zertan zuhaitz bat ere mozturik... Kalamua munduaren salbazioa izan liteke".
Horrelako denda bat irekitzeko, marihuanaren munduaz nahikotxo jakin behar da. Beraz, ez da harritzekoa dendetako jabeek gaztetxoak zirenean ere mundu honekiko jakinmina izana. "Hamalau urte baino ez nituenean mendian buruan eraginen bat izango zuen landarerik egongo zela pentsatzen nuen. Horrez gain, kalamuari buruz irakurtzen hasi nintzen eta begira nola bukatu dudan: salmentan. Hori bai, teorikoki ez kontsumitzeko". Argi gera dadila, beraz, eta inork ez dezala bestelakorik pentsa!
Kalamuzko garagardoa... eta gonak!
Kalamuz egindako productuak saltzen dituen dendaren bat bisitatzen baduzu, beste gauza askorten artean, honako produktuok aurkituko dituzu. Den-denak kalamuz eginak!
-Edari energetikoak.
-Limonada, garagardoa, lima vodkarekin...
-Txanpuak, gorputzerako olioak, aurpegirako kremak...
-Txokolatea, tea, goxokiak, mueslia.
-Pasta.
-Alkandorak, prakak, jakak, berokiak, kamisetak, gonak.
-Poltsak, motxilak...
-Erretzeko materialea (pipak, papera, txiskeroak...).
-Marihuana landatzeko haziak, ongarriak...