Kalamuaren nazioarteko feria Ficoban, irailean

Kalamuaren nazioarteko feria Ficoban, irailean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kalamuaren-nazioarteko-feria-ficoban-irailean/@@download/image/2012754425expogrow_bertikala.jpg
2012/12/13
berria
Kalamuaren nazioarteko feria Ficoban, irailean
Expogrow izena izango du, eta antolatzaileen esanetan, kalamuaren Europako feriarik handiena izango da. Irailaren 14tik 16ra bitarte, Irungo Ficoba erakustazokako hiru aretoak beteko dituzte, eta nazioarteko 200 enpresa baino gehiagok hartuko du parte haziak eta gainerako produktuak beren postuetan erakutsiz.

Dagoeneko eginda dute erreserba: Ficobaren %80 inguru hartuko du Expogrowk. PlantaSur, Amalur eta Ph-Ec Productions dira antolatzaileak, gisa honetako beste hainbat ekimenetan parte hartuak hirurak, eta haien hitzetan, "kalamua osasuntsu dago gure artean". Bereziki Frantzian, gainera, interes handia pizten duela eta, Irunen jarriko dute feria.

Haziak, substratuak eta gainerako produktuak ikusgai jarriko dituzte 200dik gora enpresak, eta hurbiltzen direnek guztiak ikusi eta informazioa jasotzeko aukera izango dute.

Halaber, kalamuari buruz hausnartzeko Nazioarteko Lehen Foroa antolatuko dute, eta atzerritik etorritako hainbat adituk hartuko dute parte bertan. Beronen legislazioa, erretzaileen elkarteen egoera, eta beste kontzeptu batzuk eztabaidatzeko parada izango da.

Baina erakusketatik haratago, Expogrowk jaialdi osoa bilakatu nahi du, eta horretarako, Ficobak eskaintzen dituen kanpoko 7.000 metro karratuak baliatuko ditu. Zuzeneko graffiti erakusketak eta maila anitzeko skate patinatzaileen txapelketak egingo dituzte, besteak beste, eta musika ere ez da faltako, Marea eta B-Real taldeen eskutik.

Sarrerak


Bisitari bakoitzak egingo duen planaren araberako sarrera eskuratzeko aukera du. Hala, feriaren aurretik 10 euroko sarrerak erosi ahal izango dituzue, egun batean sartzeko aukera ematen duena. Aldiz, sarrerarik garestienak 50 euro balioko ditu, eta hiru eguneko ekitaldi guztietara joateko balioko du.
Sarrerak erosteko, sartu hemen.