Kafearen Nazioarteko Eguna dugu!

Esnearekin, hutsa, ebakia, kaputxinoa, irlandar erara, azukreduna, gabe... egunero, 2.250 milioi kafe edalontzi kontsumitzen dira munduan. Horietako bat zara? Orduan, zorionekoa zara, gaur, urriak 1, Kafearen Nazioarteko Eguna baita!
Kafe-landarearen hazi txigortuak birrinduz lortzen da kafea. Kafea, gosarian edota bazkalostean edaten da; kafe hutsa edo esnearekin nahasiz. Normalean beroa edaten da, baina uda partean, izotzarekin ere edaten da. Gorputza iratzartzeko gaitasunak (gora kafeina!) egiten du horren desiragarri kafea, eta baita bere zaporeak ere. Guzti hau badakizue, noski; baina, badakizu zein den edari miragarri honen jatorria?
Kafearen jatorria Etiopian dago -antzinako Abisinian-, hain zuzen ere, Kaffa izeneko lurraldean. Seguru ez bada ere, beharbada, lurralde horrek eman zion izena kafeari.
Kondairak dioenez, VII. mendean, Kaldi izeneko artzain batek ikusi zuen bere ahuntzek landare bitxi bat jaten zutela. Ostean, bere harridurarako, ahuntzok urduri agertu ziren, askoz ere aktiboago, egonezin nabarmenarekin. Bere etxera eraman zituen haziak, eta infusioa prestatu zuen; ez zitzaion gustatu, baina gorputzean sekulako euforia sentituta, herriko prioreari eman zizkion haziak. Honek lortu zuen kafea zuzen egiteko formula, eta denbora gutxian, monasterio guztietara zabaldu zen; gerora, Arabiara eraman zuten landarea, eta ondoren mundu osoan zabaldu zen. Hala, egun Brasil da kafe ekoizle handiena. Eta zuk, nola hartzen duzu kafea?