Kafea hartzeko atsedenaldiaren beharra

Kafea hartzeko atsedenaldiaren beharra Faltan botatzen al duzu lankideekin hitz egiteko tarte hori? Ez zara bakarra. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kafea-hartzeko-atsedenaldiaren-beharra/@@download/image/coffee-trends-in-2020-that-you-can-replicate-in-the-office-809x550.jpg
2020/07/15
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Faltan botatzen al duzu lankideekin hitz egiteko tarte hori? Ez zara bakarra.
Kafea hartzeko atsedenaldiaren beharra

Produktibitatea lanpostuan eserita igarotzen dugun denborarekin lotzen badugu ere, zuzen lan egiteko asko dira beharrezkoak diren faktoreak, eta bai, lankideekin botatako kafetxoak ere garrantzitsuak dira. Horretaz konturatuko zineten itxialdiarekin; zaila da atsedenaldi horiek etxean antolatzea, eta gaizki sentitzen gara geure eserlekutik altxa eta sukaldea bisitatzen dugun bakoitzean.

Horrekin batera, itxialdiak eta ondoren etorri diren lan eraldaketek (txandaka lan egitea, maskara eramatea, distantziak mantentzea...) geure lankideekin eraikitako harremanak hoztu ditu hein batean. Hala, konfinamenduaren aurreko kaferako tartetxo horien garrantziaz ohartu gara; asteburuan egindakoa kontatu, arazoez hitz egin, notizi onak ala txarrak partekatu, barre egin, elkar lagundu... azken finean, gizaki sozialak garen heinean, lantokian ere ingurukoekin harremanak eraiki eta mantentzea ezinbestekoa dugu geure lana pozik eta energiaz burutzeko.

Horrek ez du esan nahi telelana txarra denik, baina itxialdiaren efektuetako bat freskotasuna eta talde lanaren ahultzea izan dira; gauzak horrela, hainbat enpresetan aldizkako talde bilera informalak egiteko lanean dabiltza, konexio horiek apurtu ez daitezen.

Halere, mundu guztiak ez du atsedenaldia kafea hartu eta berriketan ibiltzeko erabiltzen; badira estiramenduak ala meditazioa egiten dutenak, apur bat ibiltzen direnak ala musika entzuten dutenak ere. Kontua da, etxetik lan egiterakoan atsedenaldi horiek ez ahaztea; produktibitatea eta lanerako ilusioa eta energia mantentzeko ezinbestekoak dira.