Kafe Bilbao Teatro Laburreko Sariak banatu dituzte

Kafe Bilbao Teatro Laburreko Sariak banatu dituzte https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kafe-bilbao-teatro-laburreko-sariak-banatu-dituzte/@@download/image/2012215563webLogoTeatroSaria2.jpg
2012/12/13
berria
Kafe Bilbao Teatro Laburreko Sariak banatu dituzte
Fredi Paia bertsolari getxostarrak eta Pedro Zabalza antzerki kritikariak jaso dituzte Cafe Bilbao Teatro Laburreko sariak, euskarazko eta gaztelaniazko sailetan, hurrenez hurren. Aurtengoa bederatzigarren edizioa izan da. Garaileen lanak Cafe Bar Bilbaoren web orrian zintzilikatuko dituzte, eta Artez argitaletxeak kaleratuko ditu.

Cafe Bar Bilbaok ehun urtetik gora ditu, eta TARTEAN Teatroa konpainiarekin batera antolatzen du urteroko lehiaketa. Gainera, lan sarituak Bilboki antzerki-programazioaren baitan taularatu ahal izango dituzte, irakurketa dramatizatu baten bidez.

Irabazleen artean, 1.400 euroko saria jaso du Fredi Paiaren Hartu ez nuen deia euskarazko obrak, Feta 1.200 euro, aldiz, Pedro Zabalzaren Ochomil gaztelerazko antzezlanak. Mikel Martinez aktoreak banatu ditu sariak.

Fredi Paia Ruiz


Getxostarra bertsolaria, etnografoa, musikaria eta antzerkizalea da, bestak beste. Taula gaineko zaletasuna etxetik datorkio, ama aktorea baitu. Horregatik, Trokaolatarrak antzezlanean hartu du parte, eta baita Bertso-tranpak obran ere, antzerkia, musika eta bertsolaritza uztartuz. Halaber, Erregea eta bufoia bertso eta antzerki ikuskizunean ere aritua izan da.

Hartu ez nuen deia
Maite den pertsona bat hil aurretik ongi agurtzeak duen garrantziari buruzko obra da. Kutsu autobiografikoa du testuak, Paiak bere aitaren deia jaso baitzuen hura hil baino bi egun lehenago, baina ezin izan zuen hura erantzun. Fikzioan, protagonistak bere heriotzaren berri du, eta beraz, semeari agurtzeko deitzen dio zuzenean.


Pedro Zabalza Lopez


Iruindarra kazetaria eta erizaina da. Horregatik, antzerki obren inguruko kritikak egiteaz gain, Nafarroako Ospitale guneko erizaina ere bada Zabalza. Iruñeako Gaiarre antzokian Lazos familiares eta Virtual lanak aurkeztu ditu.

Ochomil
Buruari jartzen dizkiogun mugak borondatez eta irudimenez gainditzen saiatzen direnei egindako omenaldia egin du Zabalzak. Besteak beste, zortzimilakoa igo, itsas hondora jaitsi, edota inor izan ez den lekuetara iritsi nahi izan du gizakiak. Helmugak miresgarriak dira, baina sakrifizioak eta uko egiteak eskatzen dituzte. Lanean irudimena erabili du, eszenatokian ere hori irudikatzeko, halako asko beharko baita.