Kafe-alerik gabeko kafea?

Kafe-alerik gabeko kafea? Sandia eta ekilore hazien azalak batu eta, prozesu kimiko baten ondoren, kafearen pareko zaporea eta itxura duen produktua sortzen dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/kafe-alerik-gabeko-kafea/@@download/image/coffee-1983332-1280.jpg
2021/05/13

Maitane Legarreta Etxezarreta

Sandia eta ekilore hazien azalak batu eta, prozesu kimiko baten ondoren, kafearen pareko zaporea eta itxura duen produktua sortzen dute.
Kafe-alerik gabeko kafea?

Zu ere kaferik gabe bizi ezin daitekeen gizaki horietakoa al zara? Jaiki bezain laster, begiko makarrak kendu aurretik, edateko beharra sentitzen al duzu? Egunean lauzpabost aldiz bidaiatzen al du zure zintzurretik behera? Laster kafe-landarearen osagairik ez duen baina haren zaporea duen edaria dastatzeko aukera izango duzu, hala nahi izanez gero.

Attomo Coffe izeneko enpresak kafearen pareko itxura eta zaporea duen edaria egitea ahalbidetzen duten aleak sortu ditu laborategian. Horretarako, sandia eta ekilore hazien azalak nahastu ditu eta prozesu kimikoa gauzatu. Kafeina ere ba omen du osagaien artean. 

Bi urtez aritu dira garapen lanetan eta lehen produktuak udan merkaturatuko dituzte Estatu Batuetan. Lehenik eta behin, kafe-izozki latak salduko dituzte, eta aurrerago ale osoz osatutako paketeak eta kafe disolbagarria.

Batek baino gehiagok pentsatuko du zer zentzu ote daukan produktu natural bat laborategikoarekin ordezkatzeak. Sortzaileek argi dute, ordea, munduko kafearen etorkizuna ezbaian dagoela. Zenbait ikerketen arabera, kafe-landarearen biziraupena arriskuan omen dago aldaketa klimatikoa dela medio. 

Kafearen industria oso zabala du mundu mailan eta ehun mila milioi dolarreko irabaziak sortzen ditu urtean. Gainera, etorkizunean eskaria handitu egingo dela aurreikusten dute.