Justizia norentzat?

Justizia norentzat? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/justizia-norentzat/@@download/image/50p30-1.jpg
2005/03/04
erreportajea
Alberto Irazu
Justizia norentzat?
42 gazte epaitu dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean 18/01 edo Jarrai-Haika-Segi auziaren barruan. Epaiketa horretan, auzipetuen eskubide oinarrizkoenak urratu dira.

Epaiketa hasi baino egun batzuk lehenago, Jarrai-Haika-Segi auzian defentsa lanetan aritutako Kepa Landa abokatua argi mintzatu zitzaien kazetariei: “Epaiketa hau kafkarra da. Nire bizitza profesionaleko 25 urteotan, ez dut sekula halakorik ikusi. Auzitegi Nazionalean gertatzen ari den astakeria, zorakeria, histeriaren berri jakin behar du iritzi publikoak”. Epaiketa hastekoa zen egunean, auziperatutako gazteetako batek “tragikomediatzat” jo zuen auzia. Hala ere, 654 urteko espetxe zigor eskaera tartean izanik, kasu honetan inork gutxik egin du barre.

42 gazte epaitu dituzte 18/01 auzian. Jarrai, Haika edo Segi gazte erakundeetako kide izateagatik, gazte hauei ETAko kide izatea edo ETAri laguntza ematea leporatu diete. Gazteek erabat ukatu dituzte akusaziook.

Hamaika irregulartasun

Abokatuek behin eta berriz salatu dituzte defentsari jarri zaizkion oztopoak eta prozeduran gertatutako oker eta urratzeak.

Hala, Bizkaiko eta Gipuzkoako abokatuen bazkunetan kezka handiz hartu dira auzi honetako gorabeherak, eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailak eta Europako Abokatuen elkarteak begiraleak bidali zituzten Auzitegi Nazionalera.

Legezko irregulartasun horiek direla eta, Jarrai-Haika-Segi auzian oso gutxitan gertatzen den zerbait gertatu da: “Asociacion de Victimas del Terrorismo (AVT) herri akusazioko abokatuek, gure alde egin zuten irregulartasunak salatzerako orduan. Izan ere, berme faltak haiengan ere eragina izan zuen. Akusazioko abokatuen portaera hori irregulartasunen frogarik onena da”, azaldu digu Aitor Ibero defentsako abokatuak.    

ETTak ere ETAn?

Prozedura akatsak eta eskubide urratzeak ez dira soilik epaiketa hasi aurretik gertatu. Epaitegian bertan, irregulartasun larriak jazo dira.

Esaterako, epaiketa egin zen egun beretan, kale borrokarekin lotutako beste epaiketa bat egin zen Auzitegi Nazionalean. Hala, zenbait egunetan, azken ordura arte ez zen jakiterik izan hurrengo egunean bi epaiketa horietatik zein egingo zen.

Bestalde, auzipetutako gazte gehienek euskaraz deklaratu zuten, eta euskaratik gaztelaniarako itzulpenean akats larriak izan ziren. Esaterako, “lehenengo Jarrai ezagutu nuen, gero Haika” esaldia, “Primero era Jarrai, y luego ETA” itzuli zuen itzultzaileak. Pankarta batean idatzitako “Gazteok duintasunaz borrokatuz ETTak itxiko ditugu”, esaldia, aldiz, “Jovenes por la ETA” bihurtu zuen.

Azkenerako, itzulpenekin gertatzen ari ziren huts egiteez jabetuta, Alfontso Guevara epaileak euskaraz berme osoz deklaratzea galarazi zien gazteei:”(…) hemen guztiek dakite gaztelania, eta beraz, tribunal honetan hizkuntza horretan hitz egin behar dute (…) itzultzaileak kontzientziak dioenaren arabera itzuliko du. (…) Nahi baduzue onartu itzulpen hori, eta nahi ez baduzue, ez!”.

Gazte erakundeak mintzo


1. Jarrai-Haika-Segi auzian, defentsako abokatuek hainbat irregulartasun salatu dituzte. Zer diozue?
2. Nola erantzun behar da hau bezalako sumarioen aurrean?


Gonzalo Codesino. Ezker Batua-Berdeak-eko gazte zuzendaritzako kidea: 1 Justizia eraginkor, garden eta demokratikoa defenditzen dugu. Botere Judiziala eskuhartze politikoetatik eta presio mediatikotik aske behar du, defentsa eta epaiketa justoak bermatzeko.
2 Oinarrizko eskubideak urratuko balira, auziak gelditu beharko lirateke, gutxieneko bermeak ziurtatu arte.

Iker Padura, EGIko kidea:
1 Oinarrizko eskubideen urraketa sistematiko baten aurrean gaude: auzipetuen berme juridikoak ezabatzea, fidantza ekonomiko neurrigabeak, espetxealdi prebentiboaren erabilera neurrigabea, tortura eta tratu txarren salaketa… horrez gain, legearen erabilera politikoa egiten ari da, zehaztu gabeko delitu-tipoen ezarpen malgu eta zabalegia eginez. Bestalde, froga bezala baliorik ez duten agirietan oinarrituta, jardunbide ideologizatua egiten ari dira.
2- Salaketa egitea da aukera bakarra. Euskal gizartearen salaketak bateratua izan behar luke.

Ibon Usandizaga, Gazte Abertzaleak:
1. Entzutegi Nazionalean behatzaile gisa egonda nago: errugabetasun presuntzioa, legezko prozedura betebeharrak, eta hainbat eskubide urratu dira.
2. Makrosumario hau Jarrai, Haika eta Segiko kideak kriminalizatzearren erabilitako arma politikoa da. Gazte Abertzaleak-en horixe salatzen ari gara. Bai kriminalizazioa, bai indarkeria, bai indarkeriaren legitimazioa bide okerrak dira. Indarkeria gaitzestearekin batera, elkartasuna adierazi nahi diegu epaitutako gazteei.

"Harro gaude Euskal Herriko gazteak izateaz"



Epaitutako 42 gazteetako bat da Markel Ormazabal donostiarra. Artean epaiaren berri ez zuela, elkarrizketatxo hau egin genion.

Nola bizi duzue epaiketa?
Gazteak gara, eta egoera txarrenetan ere, ilusioari eusten diogu. Epaiketaren lehen egunean gure poza azaleratu genuen, lau urte generamatzalako espetxeratutako lagunak ikusi gabe. Harro gaude Euskal Herriko gazteak izateaz, eta horrek indarra ematen digu. Bestalde, oso pozik gaude jasotako atxikimenduekin. Guretzako ezusteko handia izan da iberiar penintsulako hainbat herritatik, Europatik eta Hegoamerikatik heldutako atxikimendu piloa. Horrek erakusten du nazioartean ere jabetzen direla hemen zer gertatzen ari den.

Nola jokatu behar da hau bezalako epaiketen aurrean?
Zigortzen bagaituzte, euskal gazteek estatuarekiko lotura guztiak hautsiko dituzte: zeharo galduko da gazteriak estatuarekiko eduki zezakeen gutxieneko konfiantza. Epaiketa honek gazteria bera gainditzen du, eta Euskal Herriaren kontrako epaiketa orokorraren barruan kokatzen da. Beraz, Euskal Herria osoak eman behar du erantzuna. 

Bost egun milaka orriri erantzuteko


Auzi honetan, epaileak lau urtez egon dira diligentziarik egin gabe. Urtarrilaren 11n, fiskaltzak zigor eskaerak jakinarazi zituen.

Auzitegiak bost eguneko epea eman zien defentsari eta akusazioari 110 liburuki eta milaka orri dituen auziaren inguruan erantzuteko. Bost eguneko epe murritz horretan, ezinezkoa da defentsak edo akusazioak auzia behar bezala prestatzea.Konparazio bat egingo dugu, denbora epe horren laburtasuna ondo uler dadin: sumario “normal” batean, defentsak bizpahiru tomo aztertu behar izaten ditu  -400 orri inguru-, eta material hori aztertzeko, bost eguneko epea ematen da legez. Hau bezalako kasu batean –esan bezala, 110 liburuki eta milaka orri dituen sumarioa da- gutxienez hilabeteko epea eman behar zitzaion defentsari.

Hori gutxi balitz, defentsak bi eguneko epea izan zuen frogak aurkezteko. Eta frogak aurkeztu ondoren, tribunalak denak atzera bota zituen. Akusazioak berak irregulartasun hauek salatu zituen.

Inpartzialtasunik gabeko perituak


Epaiketa normal batean, tribunalak zalantzaren bat izanez gero gai tekniko bati buruz, gai horri buruzko azterketa eskatu ohi dio peritu edo aditu bati. Legearen arabera, perituak erabat inpartziala izan behar du beti.

Auzi honetan, auziperatutako gazteek, ez dituzte inoiz onartu beraiei leporatutako delituak. Horrexegatik, beste sumario askotan ez bezala, ez dago froga gisa erabil daitekeen deklaraziorik. Epaiketa honetan, gazte hauen kontrako froga elementuak bestelakoak dira, ordea: telefono entzunketak eta grabazioak, bigilantzia lanak… Hain zuzen, aipatutako horiek froga objetibo nahikoa ez direnez, “inteligentzia” edo “ETAri buruzko perituen” azterketak hartuko dira kontuan.

“Inteligentzia peritu” hauena defentsarako gutxieneko bermeen urratze nabarmena da. Aipatu perituak poliziak dira, eta sumario honetako hamaika fasetan esku hartu dute: atxiloketak, galdeketak… erabat partzialak dira, beraz.

Defentsako abokatuek agirien bitartez frogatu dute peritu hauen inpartzialtasun eza; hala ere, tribunalak ez du kexu hori bideratu ere egin. 

Auziak nahasten ari dira


Jarrai-Hika-Segi auziaren jatorria 18/98 sumario ospetsuan dago. 18/98 sumario horrek teoria nagusi bat du: ETA erakundea dagoela ezker abertzalearen, eta haren barruko erakunde guztien gainean. Teoria horren arabera, ETAk zuzenean agintzen zuen Jarrai, Haika eta Segi gazte erakundeetan. Teoriak frogatu egin behar dira, baina.

Gauzak modu normalean egin balira, lehenik 18/98 sumarioa argitu beharko zen –ETAren agintaritzaren teoria hori frogatu edo ezeztatuz, alegia-, eta sumario hori burututa, bestelako azpisumarioekin –gazte erakundeena, adibidez-, jarraitu beharko zen.

Gauzak ez dira orden horretan egiten ari, baina. Presa zuten gazteen aurkako epaiketa egiteko, eta ez dute kontuan hartu horrek interferentziak sortuko dituela beste sumario batzuekin. Hori legez ezin da gertatu, baina honetan ere agerian geratu da bestelako arrazoiak nagusitzen direla. 

Presoekin defentsa prestatzerik ez


Europako Giza Eskubideen Auzitegiak duela gutxi jakinarazitako ebazpen baten arabera, epaitu behar duten edozein presok, eskubidea du epaiketa hori egitekoa den tokian, epaiketa hasi baino hilabete lehenagotik egoteko.

Presoen oinarrizko eskubide horrekin, bermatu egin nahi da preso dagoen auzipetuak eta abokatuak elkarrekin egon ahal izatea, eta defentsa taxuz prestatzeko aukera eta denbora nahikoa izatea.

Jarrai-Haika-Segi auzian, epaitzen ari diren gazteetatik 21 preso daude. Gazte horiek, epaiketa hasi baino hilabete lehenago, Madrilgo espetxeetan egon behar zuten, legearen arabera. Ez da hala gertatu, baina.

Lau presoren kasuan, hamabost egun lehenago eraman zituzte Madrilera. Horrez gain, 23 presoak 6 espetxetan banatuta egon dira, eta auzipetuen dispertsio horrek asko zaildu du defentsako abokatuen lana. Beraz, goitik behera urratu da Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren ebazpena.

Neurririk ez zigor eskaeretan


Kode penalaren arabera, bi zigor mota daude talde armatuko kide omen direnentzat. Lehen zigorra talde armatuko partaide “soilentzako” da (6-12 urte bitarteko kartzela), eta bigarren zigorra, talde armatuko “kide eta buruentzat” (11-14 urte). Talde armatuko laguntzaileentzat da zigorrik txikiena (5-10 urte).

Hain zuzen, auzi honetan kode-penalean baimendutako zigorrik handienak eskatzen dituzte epaitutako gazteentzat: 10 urte ETAren laguntzaile omen direnentzat; 12 urte ETAko kide omen direnentzat, eta 14 urte ETAko kide eta buru omen direnentzat.

Jakina denez, auzipetutako gazte hauetako batzuk ukatu egin dute Jarrai, Haika edo Segi-ko kide izan direnik ere. Beste batzuek onartu egin dute erakunde horietan aritu zirela, baina argi nabarmendu dute ETArekin ez dutela inoiz zerikusirik izan.

Kasurik txarrenean, gerta liteke gazte hauei “buruei” ezarritako zigor kartzela suertatzea, baina ez Jarrai, Haika edo Segi gazte erakundeetako “buru” bezala, ETAko “buru” bezala baizik. Kafkarra da, erabat.

Errugabetasun presuntziorik ez


Maiz entzun dugu: ustezko delitu bat tartean dela, pertsona bat errugabea dela kontrakoa frogatzen den arte. Errugabetasun presuntzioaren kontzeptu hori sistema judizialaren oinarrian dago, eta bermatu egin behar da beti.Kasu honetan, errugabetasun presuntzioa ez da bermatuko.  Sumario osoa ia lau urtez diligentziarik egin gabe egon ondoren, presa handia egon da epaiketa lehenbailehen egiteko... zergatik halako presa lau urtez hautsak hartuta egondako epaiketa egiteko?

Hain zuzen, auzipetutako gazteetatik seik, martxoaren hasieran lau urte egingo dituzte espetxean. Epaiketarik gabeko lau urteko epe hori gaindituko balitz, gazte horiek aske atera beharko lukete, espetxeratze prebentiboak ezin baitu epe hori gainditu. Hor egon daiteke presaren arrazoia: nola edo hala, espetxean nahi dituzte gazteok.