Julio

Berotegi-efektuaz kezkatuta gaude. Ideia horrekin bonbardatzen gaituzte behin eta berriro, be-hin-e-ta-be-rri-ro, komunikabide guztietatik. Teleberri jarri, eta itsasoak ez-dakit-zenbat-urtetan kostaldeko-ez-dakit-zenbat-herri itoko dituela ikusten dugu. Irratia piztu, eta ez-dakit-zenbat-urtetan kasko polarrak urtuko direla entzuten dugu. Egunkaria ireki, eta ez-dakit-zenbat-urtetan ez-dakit-zenbat-herrialde basamortu bihurtuko direla irakurtzen dugu. Egoera larri hau geldiarazteko, mundu mailako matxinadarako deia egiten digutela sentsazioa daukat batzuetan. Urte gutxitan petrolioa agortuko dela iragartzen digute, ur gerrak gertatuko direla profetizatzen dute (Mad Max filmaren antzera), lehorteak, basamortuak, tenperatura ikaragarriak... Eta politikariak agertzen zaizkigu kameren aurrean protokoloak sinatzen. Betetzen ez diren protokoloak, edota galeriarentzat diren protokolo hutsak.
Berri hauek guztiak ikusten, entzuten edota irakurtzen ditudanean, bi aukera posible etortzen zaizkit burura: telebista eta irratia itzaltzea, egunkaria ixtea, edo zerbait egitea. Politikari guztiek zerbait egin nahi dutela iruditzen zait sarritan. Edozein unetan Ibarretxe jauna Greenpeace-ko itsasontzi batera igoko dela, eta Japoniako itsasoetan bale ehiztarien kontrako ekintzetan parte hartuko duela iruditzen zait. Yolanda Barcina Lemoizko zentral nuklearraren kontrako protestetan Tuteran hil zuten emakumea izan zitekeela iruditzen zait beste batzuetan. Noizbait imajinatu dut Patxi Lopez AHTren lanen aurkako eserialdi batean atxilotzen dutela. Ertzaintza, Polizia Forala eta Udaltzaingoa Amalurra defendatzeko armada bihurtuko direla iruditu zait sarritan. Irudi horiek burura etor-tzen zaizkidanean, mundu honek esperantza duela iruditzen zait. Baina minutu gutxi batzuk nahikoak dira errealitatera itzultzeko, eta nire esperantzak Itoizko Urtegiko uretan itotzen direla konturatzeko.
Ibarretxek eta Lopezek gure herria zulatuko duen AHT egiten jarraitzen dute. Barcinaren alderdiak urtegiak, errepideak eta horrelakoak egiten jarraitzen du. Ertzaintzak, Polizia Foralak eta Udaltzaingoak Amalurra defendatzen duten lagunak atxilotzen jarraitzen dute. Abuztuaren erdialdetik Julio Villanueva, Itoitzekiko elkartasun taldeko kidea, Iruñeko kartzelan dago preso. Politikariek egin ez zutena egiteagatik. Horrela ez goaz inora!