Juan Diego Botto: Konpromisoaren irria

Oso goiz ezagutu zituen ihesa eta erbestea Juan Diego Bottok. Bi urte besterik ez zituen Videlaren Argentina iluna atzean utzi zuenean. Amarekin eta Maria arrebarekin egin zuen ihes Espainiara. Aitak, ordea, ez zuen hain zorte onik izan. "Desagertu" egin omen zen. Askatasuna maite zuten argentinar gehienen patu gordin berbera nozitu zuen Diego Fernando Bottok. Eufemismo polit batez mozorrotutako hilketa koldarra, alegia.
Cristina Rota ospetsua da Juan Diego Bottoren ama. Maria Botto aktore iradokitzailea da, berriz, bere arreba. Amaren antzerki eskola entzutetsuan aktore modura hezi eta hazi zen Juan Diego Botto. Geroago, Uta Hagen zorrotzaren eskolan findu zuen bere artea. Gaztea den arren, ibilbide oparoa egin du dagoeneko zinemaren munduan. Montxo Armendarizen "Historias del Kronen" mingotsak egin zuen ezagun. Adolfo Aristarain argentinarraren "Martin (H)" ederra da, baina, bere filmik esanguratsuena. Bertan, aktore aparta dela erakutsi zuen estreinakoz.
Azken sasoian ez ditu bere zinema proiektuak behar bezala aukeratu. Hala eta guztiz ere, nabarmentzeko moduko interpretazioa egin zuen duela ez asko "Silencio roto" sentiberan. Zinema adina maite du antzerkia. Zinema baino areago, beharbada. "Rosencrantz & Guilderstern han muerto" antzezlanarekin, hain zuzen ere, arrakasta handia erdietsi zuen iaz.
Ixila, herabea eta idealista da Juan Diego Botto. Glamourzalea denik, ostera, ezin esan. Galtza bakeroak eta artilezko jertseak jantzita baitaramatza ia beti. Neska-lagunik ez duela dioen arren, Ana Rayo aktorearekin irteten ari da egun. Bere konpromiso bakarra, ordea, politikoa da. Militante komunista izateaz gain, makina bat kausa sozialen aldeko borrokalari nekaezina baita mutila. Bihotzarekin pentsatzen duenez gero, kolore gorrikoa du pentsamendua. Idealista xaloentzat garai ekaiztsua den arren, baikortasuna aldarrikatzen du. Bere irria, konpromisoaren irria ez ezik, itxaropenaren irria ere delako.
Nortasun Agiria
Izena: Juan Diego Botto Rota.
Jaioteguna: 1975-VIII-29.
Jaiolekua: Buenos Aires (Argentina).
Neska laguna: Ana Rayo aktorea.
Kolore bat: Gorria.
Janaririk gustukoena: Gnocci.
Edaririk gustukoena: Ardoa.
Filmik maiteena: "A Streetcar Named Desire" (Elia Kazan).
Pertsonaia historiko bat: "Che" Guevara.
Musika talderik estimatuena: The Beatles.