Jostun topaketa eta azoka maiatzaren 22an Kanbon

Jostun topaketa eta azoka maiatzaren 22an Kanbon https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jostun-topaketa-eta-azoka-maiatzaren-22an-kanbon/@@download/image/he_oh_pesta_1460361044.jpg
2016/04/11
berria
Orratzetik Hari kolektiboa HE OH Pesta antolatzen ari da datorren hilabeterako. Kanboko OHtegi etxe inguruan izango da eta, joste ofizioari ez ezik, eskulangintzari eta, oro har, berrerabiltzeari eman nahi dio balioa. Bertan mahai bat paratu edota arratsaldeko desfilean parte hartu nahi duten sortzaileek apirilaren 30era arte dute izena emateko epea.

Hihaurk Egin Orratzetik Hari Pesta! artisau merkatuak jostungintza, eskulangintza eta birziklapena uztartuko ditu maiatzaren 22an Kanboko OHtegi etxe inguruan. Sarrera doakoa izango da publiko zabalarentzat eta, sortzaileen postuekin ez ezik, moda desfile batekin, kale animazioarekin eta jan-edanarekin ere gozatzeko aukera izango dute.

Orratzetik Hari jostun kolektiboak egun hau probestu nahi du bere dinamikaren berri zabaltzeko eta OHtegi etxea bera ezagutarazteko. Materialak berrerabiliz joste ofizioari jarraipena eta balioa ematen diharduten sortzaileen sarea zabaldu nahi dute, eta zentzu horretan, azoka hau elkar ezagutzeko plaza bikaina izan daiteke.

Hortaz, maiatzaren 22ko Kanboko HE OH Pesta honetan postua jarri edota moda desfilerako ekarpena eginez parte hartu nahi duten egileek apirilaren 30era arte dute izena emateko aukera orratzetikharikom@gmail.com helbidera idatzita.