Joseph Gordon-Levitt: Harrigarria

Joseph Gordon-Levitt: Harrigarria https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseph-gordonlevitt-harrigarria/@@download/image/joseph_gordon_1358170180.jpg
2013/01/03
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Joseph Gordon-Levitt: Harrigarria
Elkarrizketa guztietan oso lotsatiak direla esaten duten arren, aktoreak txorimalo samarrak izan ohi dira. Bai, badira gaztetako herabetasuna gainditzeko antzerki talde batean izena eman eta izar handi bihurtu diren aktoreak.
Baina normalean ikasturte amaierako antzerki-lanean zuhaitzarena egitea aukeratzen duenak ez du sen berezi hori izaten. Jarri kasuan: Ozeko aztia taula gainean eta lau urte baino ez dituen ume koxkorra txorimaloarena egiten. Dorothyrekin bidean, aztiari burmuina eskatu nahi dion txorimaloa, noski. Eta publizitate agente bat guraso hunkituen artean. Halaxe hasi zen Joseph txikia gurin, zereal eta zapatila iragarkiak egiten.
Iragarkiak, telesailak eta zinea. Eta lehenengo arrakasta komertziala 1999an, 10 Things I Hate About You komedia erromantikoarekin, Heath Ledger alboan zuela. Kritikaren onespena, aldiz, 2005ean lortu zuen Gordon-Levittek, Ryan Johnsonen eskutik, genero beltza ordura arte landu gabeko lurretara eraman zuen Brick film independente laudatuarekin. Indie izateak badu bere xarma, maitasun kontuek ere beste garraztasun bat izaten dute. Hala, 2009an, (500) Days of Summer ederrean amodioaren gazi-gozoak dastatu zituen Zooey Deschanelen beso artean.
Ados, industria independentean film onak egiten dira, baina baita ekoiztetxe handien esanetara ere, batez ere, zuzendari bisionarioa baldin badaukazu. Zentzu horretan, Christopher Nolan izena duen gizonarengan itsu-itsuan sinestea besterik ez dago. Inception (2010) txundigarrian azpimarratzeko moduko lana egin zuen Gordon-Levittek eta saria handia izan zen: Zaldun Ilunaren trilogia ixten laguntzea. Hasierako zurrumurruek zioten Heath Ledger zenak utzitako Jokerra berreskuratuko zuela, antzik ezin ukatu, baina Nolanek sorpresa hunkigarriago bat zuen gordeta, John Blake poliziaren azpian gordeta, Batmanen kidea, Robin, mutiko harrigarria. Oraintsu, berriro Ryan Johnsonen aginduetara ikusi ahal izan dugu, oraingoan ukitu berezidun zientzia-fikziozko Looper filmean. Eta hilabete honetan, Lincoln estreinatzen du, Spielbergen berriena.