Joseba Urkiola: "Irudia hitz eginez eta ezagutuz eraikitzen da"

Joseba Urkiola: "Irudia hitz eginez eta ezagutuz eraikitzen da" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-urkiola-quotirudia-hitz-eginez-eta-ezagutuz-eraikitzen-daquot/@@download/image/2012539196joseb_1360707137.jpg
2012/05/04
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
Futbolarekiko duen pasioa ofizio bilakatu du leitzarrak, eta bere ahotsa Euskal Telebistako kirol emisioetako ezinbesteko osagaia da. Intimitatean, baina, oinak lurrean mantentzen ditu, izarren ligatik urrun.

Ezagutu al zaituzte sekula ahotsagatik?
Bai, tabernaren batean zerbait eskatzerako orduan ezagutu izan naute.

Eta sedukziorako baliagarria al zaizu?

Ez dut sekula horretan pentsatu… Egia esan, ez dakit arma ala tresna ote den! Komunikatzeko erabiltzen dut, baina ez nire interesak lortzeko bitarteko moduan.

Bereziki futbol emankizunak dira zureak; zer dituzu nahiago, taldeko kirolak ala bakarkakoak?

Taldekoak.

Intimitatean bezalaxe, orduan.

Bai, atzeraelikadurazko harremanak gustatzen zaizkit.

Leitzarra izanik, Osasuna zalea izango zarela suposatzen dut…

Futbol onaren goresle naizela esan ohi dut nik, eta Guardiola eta Bielsa zalea ere bai.

Futbol onarekiko leial izatea ez da ba zaila!

Onean zein txarrean, betikoekin jarraitzen dut.

Eta bikotea aukeratzerako orduan…

Hor ere, emakume onaren goresle naiz —barrez—. Ez ez, ez naiz batetik bestera ibiltzen diren horietakoa. Ideia irmoak ditut, eta buruan dudan horren alde egiten dut, gustuko dudanera joaz. Izan ere, igotako guztia jaitsi egiten da, eta koherentzia ezinbestekoa da.

Futbol onarekin bezala, irudia begietatik sartzen al da?

Ez pentsa! Urteak joan ahala, geroz eta argiago dut: "Urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta nekez lau". Irudia hitz eginez eta ezagutuz eraikitzen da, eta ez erakusleiho batean bezala ikusita.

Partidu on bat ala garaipena?

Laurogeita hamar minuturen ostean ateratzen den emaitza baino, minutu guzti horietan edukitako joko-moldea da garrantzitsuagoa.

Eta bizitza intimoan?

Berdintsu: gauzak landu, zaindu, pentsatu, hausnartu… egin behar dira; batzuetan atzera egin, eta besteetan aurrera. Gauza errazek ez dute balio.

Elkarrizketatu duzunen artean, nor aukeratuko zenuke gau ero baterako?

Bakar bat ere ez, ez dut oraindik horretarako gustuko izan dudan inor elkarrizketatu.

Kazetaritzaz gain, heziketa ere gustatzen zaizu, maisua era baitzara. Sexuan ere, denetarik probatzea gustatzen al zaizu?

Ez, eta lanerako ere ez. Bata pasio eta ofizio da uneotan, eta bestea pasiotik bizi ezin dudanerako ofizioa.

Eta ligatzerako orduan, haurren inozentzia ala ospetsuen harrotasuna?

Oinak lurrean, eta inozentziatik gehiago harrotasunetik baino.

Matt Damonen antza duzula esan al dizute inoiz?

Bai, behin baino gehiagotan komentatu didate —barrez—.

Eta positiboa izan al da?

Ez nuke jakingo zer esan, Matt Damonen antza izana arren, poltsikoak hutsak dauzkat eta! Bihotza beharbada handiagoa izango dut, baina ez askoz gehiago. Batzuek atsegin badute, eta erakargarria dela pentsatzen badute, alde horretatik ongi; baina besterik gabe, anekdota bat baino ez da.

Nondik hasten da zita on bat Josebarentzat?

Hainbat lekutatik eta unetatik has daiteke, baita zehaztu gabeko momentu batetik ere, gutxien espero duzunean.

Eta gero, une intimoagoetarako, mendi aldea ala itsasoa nahiago?

Aukeran, itsaso aldea, baina uretatik urrun!