Joseba Tapiak jasoko du Adarra Saria

Joseba Tapiak jasoko du Adarra Saria Musikariak ekainaren 21ean jasoko du garaikurra Victoria Eugenia Antzokian, eta kontzertua eskainiko du ondoren. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-tapiak-jasoko-du-adarra-saria/@@download/image/VEA_Joseba Tapia fot Gaizka Peñafiel.jpg
2022/04/07

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkiak: Gaizka Peñafiel,
Donostia Kultura,
eta Gorka Rubio

 

Musikariak ekainaren 21ean jasoko du garaikurra Victoria Eugenia Antzokian, eta kontzertua eskainiko du ondoren.
Joseba Tapiak jasoko du Adarra Saria

Donostia Kulturak Joseba Tapiari emango dio 2022ko Adarra Saria. Jose Joaquin Forcada Forki kazetariak, Auria Etxeandia EGOko komunikazio arduradunak, eta Esther Fernandino Donostia Kulturako Musika ataleko teknikariak osatutako Aholku Batzordeak aho batez hartutako erabakia izan da.

Donostia Kulturak jakinarazi duenez, "Joseba Tapiaren ibilbide luzea, moldakortasuna, herri-musikaren ondarea kontserbatu eta zabaldu izana, hainbat eta hainbat pieza berri konposatu izana, eta akordeoiak askotariko musika-ingurune eta giroetan duen gaurkotasuna frogatu izana" hartu dituzte aintzat bere aldeko hautua egiteko garaian.

Joseba Tapiak bere inguruko lankideak izan ditu gogoan sariaren berri izandakoan: "Aurretik sarituak izan diren euskal kantari horien belaunaldiko, ekipoko, taldeko sentitzen naiz. Euskal kantari profesionalak gara eta borrokan ari gara euskararen eta artearen alde. Sari hau nire izenean badator ere, nirekin ibili diren eta dabiltzan musikari, teknikari eta profesional guztiekin partekatu nahiko nuke".

Joseba Tapiak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako garaikurra. Jarraian, Egon edo ez egon diskoa aurkeztuko du musikari hauez lagunduta: Nerea Erbiti (ahotsa), Olaia Inziarte (ahotsa), Kristina Aranzabe (ahotsa), Iñigo Telletxea (gitar apala), Iker Uriarte (jazbana), Jexux Aranburu (teklatua), Ion Celestino (tronpeta), Amets Aznarez (tronboia), Ibon Irixoa (saxofoi tenorra) eta Mixel Ducau (saxofoi altua).

Kontzerturako sarrerak salgai daude, 18 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan, edota Donostia Kulturaren webgunean. Lau sarrera erosi ahal izango dira gehienez pertsonako. Kontzertu honek Tapiak apirilaren 28an Victoria Eugenia Antzokian eman behar zuen kontzertua ordezkatuko du, eta, beraz, emanaldi horretarako eskuratutako sarrerak ekainaren 21eko kontzerturako baliagarriak izango dira.

Ibilbide luzea
Umetatik izan du harremana Tapiak musikarekin, bereziki trikitixa eta euskal kantagintza berriarekin. Tapia eta Leturiarekin trikitixaren eta erromeriaren munduan ibili zen luzaroan. 1987an argitaratu zuten lehen diskoa eta guztira zortzi disko kaleratu zituzten. 

1998an bakarkako bidea hasi zuen. Koldo Izagirrerekin batera argitaratu zuen bakarkako lehen lana: Apoaren edertasuna. 1999an Quebec-eko kantagintza modernoaren antologia bat argitaratu zuen, Quebec: Hamalau kantu independentziarako, hango kantu garrantzitsu eta esanguratsuenen bilduma. 2001ean, Agur Intxorta Maite 1936-37ko euskal kantutegi antifaxista egin zuen, Koldo Izagirrerekin. 2006an, Arkaitz Miner eta Jexux Aranbururekin, Real Politik izeneko diskoa grabatu zuen, Euskal Herriko lehengo eta oraingo poeten testuekin osatutako kantutegia. 2010ean, Eta tira eta tunba sortu zuen, karlisten eta liberalen arteko gerran sortutako kantutegi euskalduna tarteko. 2013anTximela Kapitainaren izarrak kaleratu zuen, Luis Rezola gazte kapitainak Duesoko kartzelatik idatzitako bertsoekin osatua.

Besamotzak talde elektrikoa ere jarri zuen martxan 2017an, Iker Uriarte, Iñigo Telletxea eta Dani Narbarterekin. Bere bakarkako ibilbideko kantuekin osatutako lehen bilduma ere sortu zuen. 2019an osatu zuen bederatzi lagunez osatutako banda. Tranpaldo izan zen bere kantutegiarekin osatutako bigarren bilduma. 

Iaz, berriz, Egon edo ez egon diskoa kaleratu zuen, Koldo Izagirreren testuekin osatua. Bere ohiko bandaz aparte, Et Incarnatus orkestrarekin egindako zenbait kantu ere badira.  

Euskal musikariei aitortza
Donostiako Udalak eta Donostia Kulturak 2014an sortu zuen Adarra Saria, euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati omenaldia egiteko. Orain arte Mikel Laboak, Ruper Ordorikak, Benito Lertxundik, Fermin Muguruzak, Anarik, Berri Txarrak taldeak, Kepa Junkerak eta Amaia Zubiriak jaso dute Adarra Saria.