Joseba Irazoki: "Gure bizimoduaz hausnartzeko parada eman digu pandemiak eta hori islatzen saiatu naiz diskoko letretan"

Joseba Irazoki: "Gure bizimoduaz hausnartzeko parada eman digu pandemiak eta hori islatzen saiatu naiz diskoko letretan" Joseba Irazoki (Bera, 1974) musikari berberez inguratua dabil oholtzan azken urteetan: Felix Buff (Bateria eta sintetizadoreak), Jaime Nieto (Baxua) eta Ibai Gogortza (gitarra). Talde soinua lortu dutela iruditzen zaio musikari beratarrari, eta zuzenekoetan ere igartzen dela. Disko berriaren iluntasunaz, esperimentazioaz, ikusezintasunaz eta gizakion arteko harremanetan ematen den biolentziaz aritu zaigu hizketan. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joseba-irazoki-gure-bizimoduaz-hausnartzeko-parada-eman-digu-pandemiak-eta-hori-islatzen-saiatu-naiz-diskoko-letretan/@@download/image/JIEL_01-B.jpg
2021/11/15
elkarrizketa

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Joseba Irazoki (Bera, 1974) musikari berberez inguratua dabil oholtzan azken urteetan: Felix Buff (Bateria eta sintetizadoreak), Jaime Nieto (Baxua) eta Ibai Gogortza (gitarra). Talde soinua lortu dutela iruditzen zaio musikari beratarrari, eta zuzenekoetan ere igartzen dela. Disko berriaren iluntasunaz, esperimentazioaz, ikusezintasunaz eta gizakion arteko harremanetan ematen den biolentziaz aritu zaigu hizketan.
Joseba Irazoki: "Gure bizimoduaz hausnartzeko parada eman digu pandemiak eta hori islatzen saiatu naiz diskoko letretan"

JIEL (Joseba Irazoki Eta Lagunak) ageri da diskoaren azalean, eta atzealdean. Talde izaera aldarrikatzeko modua al da?
Bai, argi eta garbi. Hirugarren diskoa da talde berarekin ari naizela, eta sentsazioa dut gero eta taldeago jotzen dugula. Aurreko lana nik egiten dut batez ere, eta kudeaketa lana, baina egia erran soinuan eta lokalean uste dut badaukagula talde soinua, talde sena, eta gutxi gorabehera talde baten gisan funtzionatzen dugu. Ez da kantautore baten musika, aspaldian ez dut musika hori egin; orduan, horrekin soinuari eman nahi nion garrantzia, talde senari. Nire izenaz aspertzen hasia nengoen, gainera. 

Ramon Zabalegik egindako azala soila da, zuri-beltzekoa. Esparatrapuak dira agertzen direnak, ezta?
Hala dira, bai. Ramoni aipatu nion zerbait minimalista nahi nuela. Gure musikan ere gauza batzuk errepikakorrak dira eta egitura aldetik ez dira hain konplikatuak. Agian badaude beste konplikazio batzuk, baina pauta zen zerbait minimala egitea eta aldi berean urbanoa. Horrekin pixka bat deskolokatu egin nuen, baina erdibideko zerbait egin zuen esparatrapuekin eta atzealdean zinta amerikanoarekin, musikan anitz erabiltzen duguna. Ez da berehala arreta ematen duen azal horietakoa, erreparatu egin behar diozu zer erakusten dizun jakiteko.

Itxialdian sortutako kantuak dira ‘III’ diskokoak. Zure buruari eguneroko errutina ezarri omen zenion, ezta?
Bai, pixka bat bai. Lehen hamabost egunak-edo opor gisa hartu nituen, normalki asteburuetan kontzertuak izaten ditudalako eta aste-tartez haiek prestatzen aritu behar dudalako. Gero bai, etxean ere aspertua nengoen, eta lokala justu etxe azpian daukadanez, pentsatu nuen kantu berriekin hastea, buruan bainenbilkien hori egitea denbora nuenean. Lantzen hasi nintzen eta errutina bat jartzen, eta ia goizero jaisten nintzen lokalera. Maketatzen hasi nintzen, aspaldian egin gabea nintzen, taldekideekin lantzen bainuen gehiago lokalean, baina oraingoan ezin zenez, ordenagailuekin lan egin dut aspaldiko partez. Hori izan zen hasiera prozesua.

Diziplina beharrezkoa du musikariak sortzeko? Lanean jarri egin behar da sortu ahal izateko, momentuaren zain egon ordez?
Bai, noski, horrekin arrunt konbentzitua nago. Eta kontra daudenei kontra egingo nieke agian, kar-kar. Oteitzak ere esaten zuen lanean harrapatu behar zaituela, orokorrean hori erraten da. Nik lanean sinesten dut; dohainak eta ahalmenak hor daude, eta azaleratzen dira lanean baldin bazaude. Ehuneko ehun sinesten dut horretan, langilea naiz eta nik uste dut diziplina beharrezkoa dela. Bestela, adibidez instrumentuarekin berarekin, pixka bat uzten baduzu, nabaritu egiten duzu eta trebezia galtzen hasten da, edo beste gauza batzuk ahaztu ahal dituzu, egiten duzunaren arabera. Musika entzutea ere niretzat oso garrantzitsua da musika egiteko, baina instrumentuaren gainean egon behar dela uste dut.

Itxialdiko iluntasuna ageri da, bai musikan eta baita hitzetan ere.
Normalki beti musikarekin hasten naiz eta gero gehitzen diot letra. Oraingoan, ez dakit zergatik, nahiz eta ez dudan uste pandemiaren eragina izango zenik, baina aukeratzen nituen zatiak halakoak ziren. Ez nieke kantuak deituko, zeren orain ez dut konposatzen gitarra akustikoarekin kantu perfektuaren bila, baizik eta riff-ak, gitarra-esaldiak, edo ahots melodiak, bereziki sumatzen ditudanak, aukeratzen ditut. Entzuten dudan musikarengatik-edo, aukeratu ditut pixka bat ilunagoak edo arraroagoak direnak, ez horren rockeroak edo estandarrak. Moldaketak ere nolabait iluntasunerantz joaten ziren, ez ziren halako kantu argitsuak ateratzen ari, eta uste nuen musika horiei hitz ez sobera alaiak txertatu behar zitzaizkiela.

Aldi berean, momentu batzuetan konfinamendua ez zen guztiz positiboa izan, une gorabeheratsuak izan ziren tartean, eta hausnarketarako momentua izan zen, zer bizitza dugun hausnartzeko, zer erritmo eta zer presarekin ibiltzen garen, eta horiek islatu ditut nire letretan. Gure bizimoduaz hausnartzeko parada eman digu pandemiak eta hori islatzen saiatu naiz.

Gitarra, bateria eta baxuaren ohiko soinuak hor daude, baina esango genuke esperimentalagoa dela disko hau.
Aurrekoa, argi eta garbi, nahiko rockeroa atera zitzaigun, eta soinu aldetik sintetizadoreak eta abar sartu genituen, baina nahiko melodikoa ikusten nuen. Beste proiektuetan, Atom Rhumbarekin edo nire inprobisazioko gauzetan, zaratak edo gitarra disonanteak-eta bilatu izan ditut, baina aurreko diskoan horiek alde batera utzi nahi izan nituen eta melodiaren bila joan nintzen.

Oraingoan, aldiz, moldaketetan gehiago bilatu ditut zaratak, disonantziak, esperimentazioa… Sintetizadoreekin ere berriz jokatu dugu, baina beste aparatu batzuekin ere ibili naiz. Horietako bat Kaossilator izan da. Sintetizadore bat da baina betiko soinuez aparte, zaratak ditu, sirena hotsa edo bestelako edozein soinu mota, eta gainera efektuekin. Ukipen-pantaila du eta ez daukazu jotzen jakin beharrik ere; hatz bat jarri, kantuaren tempoa bilatu, eta horrela ibili nintzen arratsalde batez, kanta bat eta beste bat pasatzen, eta mila pista sartzen, eta gero aukeratu egin behar izan genituen. Horrekin jostatu nintzen eta, horretaz gain, badaukat instrumentu bat malgukiekin egina, beste bat sokazkoa baina modu konbentzionalean jotzen ez dudana, baizik eta zaratak sortzeko... Joko horretan, janzteko momentuan, ezohiko sonoritateak bilatu izan ditut. Uste dut horrek eman diola kolorea diskoari. Momenturik dibertigarriena izan da diskoan, gauzak sartu eta probatu, eta gero aukeratzea.

Hitzetara etorrita, Joxi Ubeda, Gorka Erostarbe eta Xabier Gantzarainen testuak erabili dituzu. Zer alde dago zuretzat besteen hitzak erabili eta zuk sortzearen artean?
Lehenik eta behin, zureak direnean biluztu egiten zara. Egin izan ditut poetikoxeagoak baina azken boladan nahiko zuzen ari naiz. Zuzen eta nire barruko buruhausteak azaleratzen, nahiz eta batzuetan fikzioarekin ere jolastu. Joko hori ere polita izaten da. Horrek ematen dizuna da kanta modu desberdinean barneratzea, eta azkenaldian nahiago dut hori.

Joxi Ubedarekin egona nintzen aspaldi kontzertu batean eta erran nion hitzen bat bidaltzen bazidan musikatuko nuela. Lagunarteko kontua izan da egia esan. Gorka ere aspalditik ezagutzen dut, idatzi bat irakurri nion sare sozialetan eta garatu zezakeen galdetu nion. Besteen hitzak musikatzen gehiago aritu naiz orain arte eta gustuko dut, baina oraintxe bertan sentitzen dut beste modu batera barneratzen ditudala nik egiten baditut hitzak, literarioki hain onak ez izan arren.

Besteen hitzak hartu eta musika jartzen diezu, eta zureekin alderantziz, musika lehenik eta letra gero?
Nireekin musika egiten dut lehenengo eta gero hitzak, baina besteen hitzak ere nire musiketara txertatzen ditut. Musikak iradokitzen didanaren arabera aukeratzen ditut hitzak, giro horrentzat egokiak diren ala ez ikusita.

Letrei erreparatuta, gaur egungo mundu eta gizakiarekiko kezkak ageri dira: gailuekin zein bestelakoekin dugun menpekotasuna, iragan eta etorkizunarekiko nostalgia, biolentzia…
Gai unibertsalak dira, gizaki bakoitzaren hausnarketetan daudenak, eta horiek nire propioak dira. Batzuetan sentitzen dut gizakien arteko harremanak biolentoak direla, baita lagunen artekoak ere, batzuetan zure lagun minarekin ere haserretzen zara…  Ez zaizkit gustatzen gizakien jokaera batzuk eta uste dut ikasteko dugula horretan. Uste dut obsesionatu egiten nautela harremanak izateko moduek, eta iruditzen zait batzuetan biolentoak garela orokorrean. Hori sentitzen dut.

‘Galtzen ari da’ kantuak honela dio: "Plataformak dira arte mezenas berriak/ obrak finantzatzen dituzten jauntxoak dira orain artista berriak/ ta geu gara orain modako produktu/ guapo agertuko gara merchandising bihurtuta/ gure aurpegiarekin kamiseta/ dauka orain Amazoneko nagusiak”.
Orain Netflixen edozein pelikula beraiek finantzatzen dute, eta orduan beraiek gidatzen dute kultura nolabait, beraien diru horrekin. Gainera, guk jarraitu egiten ditugu. Modu batean dominak jartzen dizkiete euren buruei, baina dirua jartzen dute bakarrik. Spotify plataforman ere artisten kredituak oso gutxi agertzen dira, ez dago aukerarik kredituak jartzeko. Badirudi artista edo egilearen izena gero eta gehiago ezkutatzen dela, edo hori ez dela beharrezkoa, baizik eta nor den hori saltzen duena.

‘Ikusezina’ izeneko abestia ere badago. Batzuetan ikusezina sentitzen zarela aipatu duzu elkarrizketaren batean, ez dakizula zure musikarekin kasurik egiten dizuten.
Gaztea aipatu nuen adibidez. Egin dizkidate elkarrizketak, baina badirudi musika batzuk leku batzuetan ikusezinak direla. Ari da irekitzen eta gero eta artista euskaldun gehiago ari gara estatu mailan jotzen, baina batzuetan hitz egiten duzun hizkuntzaren arabera, ateak ere itxi ahal dizkizu, nahiz eta batzuetan ireki ere egin ditzakeen. Euskal Herrian bertan ere batzuetan ikusezina sentitzen zara. Hainbeste urtean kalaka ematen eta batzuetan atea jota ireki behar duzu oraindik.

Sare sozialetan zuen zuzenekoaren indarra eta kalitatea nabarmendu duten mezuak ageri dira kontzertuak ematen ari zareten honetan, tartean Ilaski Serrano eta Josu Goikoetxearenak duela gutxi. Zer eskaintzen du Joseba Irazoki eta Lagunak taldeak zuzenekoetan?
Uste dut zuzeneko indartsua dugula. Urteak daramatzagu elkarrekin jotzen eta ondo jotzen dugula iruditzen zait. Laurok gara kalitatea eskaintzen dugun musikariak eta horrek ekartzen du soinu ona izatea, eta soinu ona baldin baduzu, publikoa modu batean erakarri ahal duzu soinuarekin bakarrik. Soinua zuzenean garrantzitsua da, eta soinu ona badaukazu, puntu anitz dituzu irabazita. Kantuak erritmikoki indartsuak badira, beste puntu bat. Azken disko hau erritmikoki oso landua da eta zuzenean dantzarako parada ere ematen du, errepertorio bizia da. Nik uste horretan datzala gakoa izaten ari garen kritikak edukitzeko; instrumentista onak garela uste dut, soinua ere ongi moldatua eramaten dugula, eta orain dugun errepertorioa bizia dela, dantzagarria. Ikusgarria ez dakit, baina aspergarria ez da behintzat. Badira momentuak jendea erotzeko, badirelako momentu progresiboak, eta igoerak ere badaude, eta orduan jendea olatura igotzen da gurekin.

JIELen hurrengo zuzeneko emanaldiak:

Azaroak 19: Miarritze (Atabal)
Azaroak 20: Donostia (Intxaurrondo Kultur Etxea)
Azaroak 26: Bergara (Seminarixua)
Azaroak 27: Madril (Sala Sol)
Abenduak 6: Durango (Ahotsenea)
Abenduak 12: Usurbil (Sutegi)
Abenduak 23: Bermeo (Kafe Antzokia)
Abenduak 25: Iruñea (Santas Pascuas)
Abenduak 30: Durango (Kultur Etxea)
Urtarrilak 8: Gernika (Lizeo Antzokia)
Urtarrilak 15: Leitza (Atekabeltz gaztetxea)
Urtarrilak 21: Elorrio (Ateneoa)
Urtarrilak 22: Bera (Kultur Etxea)

Diskoa, berriz, hemen entzun eta eros dezakezu.