Jorge Amado: Baztertuen ahotsa

Jorge Amado: Baztertuen ahotsa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Brasil ez da bakarrik baloi baten atzetik dabilen herria. Hori garbi geratu zen "Estaçao Central do Brasil" bezalako filma gogor batean. Egia esan, azken hamarkadetan indartsu jotzen ari da hango sortzaileen lana, bai musika arloan, Veloso eta Tom Jobim bezalako musikariekin, baita zineman ere, berriki Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izan genuen Carlos Dieguesen "Orfeu" lanarekin. Azpialdeko edo atzeko Brasil ezkutu hura benetan ongi ezagutu zuen abuztuan joan zitzaigun Jorge Amadok. 1912an Bahia eskualdeko Faria herrian jaioa, ezingo litzateke idazle honen obra konprenitu bere jaioterriaren sentsualitatea eta izpiritu festazalea ulertu gabe. Finean, bi ardatz nagusi izan dira bere obran; batetik, behartsu eta urdangen mundu marginala eta, bestetik, konpromiso ideologikoa-Brasilgo alderdi komunistako diputatua izan zen, harik eta honen esekidura etorri zen arte-.
Hego Amerikako hainbat autorek bezala, García Márquez kolonbiarra esaterako, Amadok errealismo magikoaren ildotik isladatu zuen beti gizartea, hiri handietako auzo txiroetako pertsonen gizatasuna eta zintzotasuna goraipatuz. Jokalariak, abenturazaleak, lapurrak, merkatari zuhurrak eta, batez ere, emakumeak. Hein handi batean beraiek dira Amadoren pertsonaia nagusiak, euren sentsualitatearen indarra eta gizaki bezala bizi duten duintasun ezarengatik. Ezin da ukatu salaketa sozialak dimentsio berezi bat duela bahiatarraren obran baina, era berean, eskualde mailako kultura eta folklore anitzak, beltzak, mestizoak, erritmo afro-brasildarrak... sentsualtasun nahiz maisutasunez deskribatzeko gaitasun aparta erakutsi zuen. Jorge Amado herri txiroaren ahots magikoa izan zen. Horren adibide garbi dira "Gabriela, cravo e canela", "Dona Flor e seus dois maridos", "Tereza Batista, cansada de guerra" eta "Tocaia Grande" bezalako nobelak. Euskaraz, Ibaizabal argitaletxeak 1997an kaleratutako "Jubiaba" irakur daiteke, Valentin Olaetxeak itzulia.