Jordskott. Gu sortu ginen enbor beretik...

Jordskott. Gu sortu ginen enbor beretik... https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jordskott-gu-sortu-ginen-enbor-beretik/@@download/image/jordskott_1441276611.jpg
2015/09/10
erreportajea
TESTUA: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Mundu zabalean astero telesail berriren bat estreinatzen da, baina, gezurra badirudi ere, ez da hain erraza parekorik ez duen lan bereziren batekin topo egitea. Alde horretatik, sorpresa atsegina izan da ‘Jordskott’ telesail suediarra; harrituko zaitu.


Urtea: 2015.
Sortzailea: Henrik Björn publizista.
Aktoreak: Moa Gammel, Göran Ragnerstam, Richard Forsgren, Peter Andersson, Lia Boysen, Ann Petrén.
Herrialdea: Suedia.
Denboraldiak: Bat.
Atal kopurua: Ordubeteko hamar atal.

Ariketa zaila izan daitekeen arren, telesailari buruz gehiegi kontatzeak berezko duen xarma zapuztu dezakeenez, saiatuko naiz soilik printza batzuk emanda ikus dezazuen konbentzitzen.

Lehen atalaren hasierak Forbrydelsen (The Killing, 2007-2012) edo Broadchurch (2013-) bezalako telesailetan ikusi dugun ume desagertuaren inguruko drama poliziakoan pentsatzera garamatzan arren, atalaren amaierako genero aldaketak argi ikusaraziko digu ekoizpen desberdin eta harrigarri baten aurrean gaudela. Henrik Björn publizistak sortutako telesailaren gakoetako bat horixe da, telesail amerikarren inbidia pizteko modukoa den genero berri baten sorrera.

Eko-telesaila bezala definitu dute hainbat webgunetan, atalak pasa hala osagai erreflesibo-ekologiko bat azaleratzen duelako; Hayao Miyazakiren filmetan sarritan ikusi dugun hausnarketaren atzerako zerbait, alegia. Eta ikuslea gogoetara daraman osagai horretaz gain, misterioa eta etengabeko beldur-giroa ere maisutasunez lantzen du; M. Night Shyamalanek hasierako filmetan oinarri izan zuen ideia: "Ikusten ez dugun hori imajinatzeak beldurtzen gaitu". Gainera, efektu digitalik gabe lortzen du ikuslea urduri jartzea, soinuekin eta naturako elementuekin ezinhobeto jolastuta.

Sinbolismoz jositako telesaila da. Adibidez, etengabe ikusten ditugun Suediako kokaleku naturaletako zuhaitzak tramaren ezinbesteko elementu dira. Hasieratik bere jokoan sartzen bazara hezurretaraino harrapatzen zaituen telesaila da; misterio horiek guztiak argitzeko gogoak erabateko atxikimendua lortzen du.

Ez pentsa, ordea, atalak pasa ahala guztia murtxikatuta emango digutenik. Ez dira batere larritzen erantzunak emateko garaian, galderak iradokitzaileak direlako, eta, batez ere, istorioak berez indar nahikoa duelako. Noir kriminalaren amarruak erabiliz engainatzen gaitu, baina Silverhöjd inguruetan bizi den komunitatea inguratzen duen mitologia oinarri hartuta gatazka klasiko bat du hari gidari.

Ez galdu, beraz, seriezaleen artean kultuzko bilakatuko den harribitxi nordikoa. "Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak, borroka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaxka gazteak. Beren aukeren jabe eraikiz ta erortzean berriro jaikiz ibiltzen joanen direnak: gertakizunen indar ta argiz gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak." Umeak erdigunean dituen istorioaren barne-borrokan ere indartsuenek soilik iraungo dutelako.

BINGE WATCHING
Bai. Misterioa goitik-behera argitu arte ezingo diozu ikusteari utzi.

MUSIKA
Ezinbesteko abestiak:
I Will Meet You There (The Kennel's Hayley Aitken, Erik Lewander & Iggy Strange-Dahl eta Olle Ljungman).
Josefins Visa (Moa Gammel).

BITXIKERIAK
– Hasierako titulu ikusgarriak egite uztaileko aldizkarian aipaturiko Carnivàle telesailaren eredua hartu zutela aitortu dute sortzaileek.
– ‘Jordskott’ suediaerazko hitza da, baina euskarazko ordaina ematea spoiler argia litzatekeenez, hobe telesaila ikusi ostean esamahia zeuek deskubritzea.
– Suedian sekulako arrakasta izan du: 1,5 milioi ikusletik gorako audientzia izan du, populazioaren %15 inguru.

LOKALIZAZIOAK
– Suedian errodatu dute osorik, Sala hirian eta Ragunda eskualdean.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
The X-Files (1993-2002).
Les Revenants (2012, 2015).
Wayward Pines (2015-).