Jonghyun k-pop idoloaren suizidioak Hego Korea astindu du

Beharbada ez zaizu ezaguna egingo, baina SHINee musika taldeak milaka jarraitzaile ditu munduan. Hego Koreako k-pop boskote arrakastatsuak une latzak bizi ditu; Jonghyun, taldeko abeslarietako bat, hilik aurkitu dute, ustez bere buruaz beste eginik.
Abeslariaren milaka fanek beren mina adierazi dute sare sozialetan; sekulako fenomeno musikala da SHINee, eta 27 urteko abeslariak mundu osoko herrialdetan zituen jarraitzaileak. Bere heriotzak agerian utzi du Hego Korean tabua den arazoa; depresioa.
Antza denez, abeslariak denbora zeraman depresioak eta antsietateak jota. Bere lagun Nain9 abeslariari utzitako gutunean, mina eta nekea adierazi zituen, arnas gabe zegoela eta ezin zuela aurrera egin esanez.
Arrakasta eta fama ez dira errazak, eta Hego Korean, oraindik ere zurrunagoa da famaren bidea. Atzetik agentziak dituzte, une oro artisten mugimenduak neurtzen dituztenak; ezin dute pauso bakar bat ere eman beren oniritzia gabe, eskandaluak debekatuta daude eta harremanak edota sentipenak tabu dira.
Suizidio kasuak ez dira soilik famaren munduan gertatzen; Hego Korean, plaga bat dira. Suizidio tasa handienetako bat duen herrialdea dira; 100.000 biztanleko 28,5 suizidatzen dira, herrialdeko laugarren heriotza mota da, eta batez ere 10-30 urte bitarteko gazteak dira suizidioa hautatzen dutenak.