Jonathan Larrañaga: "Eskarmentu faltagatik gertatzen dira istripuak"

Jonathan Larrañaga: "Eskarmentu faltagatik gertatzen dira istripuak" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jonathan-larranaga-quoteskarmentu-faltagatik-gertatzen-dira-istripuakquot/@@download/image/60p46-1.jpg
2006/02/03
elkarrizketa
Orkatz Goenaga
Jonathan Larrañaga: "Eskarmentu faltagatik gertatzen dira istripuak"


Bi hitzetan, zer da izotz eskalada?
Nire iritziz, dantza moduko bat da. Zure eskuetan dituzun tresnekin, izotzeko ur-jauzi batek hartzen dituen formei egokitu behar duzu. Izan ere, izotzezko eskaladan tresnak dira gakoa: tresnen bitartez lau heldu-leku dituzu beti, eta tresna horiek zure gorputzaren zati bihurtzen dira. Harkaitzezko eskaladan hatzen eta oinen menpe zaude, eta izotzezko eskaladan, tresnen menpe.

Zenbat aldaera ditu izotzezko eskaladak?

Izotzezko eskaladabera alpinismoaren aldaera bat da; hala ere, bi aldaera nagusi daude: izotzezko eskalada garbia, eta izotz eskalada mistoa edo drytooling-a. Izotzezko eskalada garbian, soilik izotzezko ur-jauziak igotzen dira.

Drytoolingak, aldiz, harkaitza eta izotza nahasten ditu. Seguruenik, drytoolingada alpinismoaren aldaeraq konplexuena; izan ere, izotza eta harkaitza nahasten direnez oso jarduera teknikoa eta fisikoa da, eta psikologikoki ere oso gogorra da. Mugimendu luzeak egin behar dira, eta batzuetan segurtasun baldintzak oso onak ez direnez, pentsatu eta ebaluatu egin behar da aurrera egitea komeni ote den, beste bide bat hartubehar den edo jaistea...

Zein material behar da izotzean eskalatu ahal izateko?

Trakziozko bi piolet, kranpoiak, kaskoa (ezinbestekoa), arnesa, sokak, izotzetarako torlojuak, eta bakoitzak eraman nahi duena.

Euskal Herrian izotzean eskalatu al daiteke?

Oso zaila da. Aralar eta Aizkorri mendikateetan badira izotzezko korridore eta kanalak, baina izotzezko ur-jauzirik ez dago. Zaila da Euskal Herrian izotzezko eskalada egitea.

Izotzean eskalada-saio bat egiteko, zeintzuk dira gutxieneko segurtasun baldintzak?

Batez ere, zero gradu azpitik eskalatzea gomendatzen dut; horretarako termometroa eramatea ezinbestekoa da. Ongi atxikitutako izotz horma homogeneotan bagabiltza,  2 edo ia 5 gradutan eskala genezake. Baina, beti ere, gomendioa 0 gradu azpitik eskalatzea da. Izotzean eskalatzen dugunok, izotzaren kolorearen arabera jakin ohi dugu nola dagoen izotza, bertan ibili gaitezkeen edo ez. Izotza urdin-berdexka kolorekoa bada, izotz ona da, oso gogorra eta eta ongi eutsirik dago. Aldiz izotza zurixka bada, ur asko duela esan nahi du, eta badaezpada ere, ondo ebaluatu behar da. Izotza marroia bada, egun askotamn 15 edo 20 gradu zero azpitik egona da, eta izotz ona da.

Zure aburuz, zergatik gertatzen dira hainbeste ezbehar mendizaleen artean?

Eskarmentu faltagatik gertatzen dira. Alpinista edo mendizale profesionalen artean, ia sekula ez da ezbeharrik gertatzen. Azken aldian, mendi-eskiatzaile ugari harrapatu dituzte luiziek, eta horrelakoak eguraldiaren aurreikuspenak ez ezagutzeagatik, edo interpretatzen ez jakiteagatik gertatzen dira. Udan, eskarmenturik gabeko jendea ikusten duzu zapatilak jantzita 3.000 metroko menditzarra igotzen, pioletik eta kranpoirik gabe. Horiek, edozein irrist egiterekin, behera joango dira.

Zein maila du euskal mendizaletasunak?

Katalanekin batera, euskal mendizaletasunak du mailarik onena. Kirol eskaladan, Patxi Usobiaga munduko kopako lehenen artean dabil. Pou anaiak lan gogorra egiten ari dira "7 kontinente. 7 pareta" proiektuarekin. Iker Pouk berak, 9a mailako bideak egin ditu harkaitzean. Bigwall munduan, hor ari dira Adolfo Madiñabeitia, Miranda, Txus Lizarraga... Alpinismoan ere, oso kirolari onak daude Euskal Herrian: Beloki Himalaian, Kepa Eskribano...

Eta euskal izotz-eskaladak, nolako maila du?

Euskal Herrian, jende gutxik egin ohi du izotz-eskalada. Ez dakit jendeak zergatik ez duen kirol hau aukeratzen: arriskutsua dirudielako? Euskal Herritik irten behar delako?

Izotzean eskalatzeko gomendioak…

Jende guztiari gomendatuko nioke izotzezko eskalada egitea. Ez da harkaitz-eskalada bezain ezaguna, eta ez da ez arriskutsuagoa, ezta zailagoa ere. Bidaiatu egin behar da, baina ez dugu zertan Himalaiara joan beharrik, Pirinioetan nahiko toki egoki badelako. Toki berriak nahi ditugula? Alpeetara joan gaitezke, eta bizitza osoan ere ez genituzke hango bide guztiak egingo!

Gazte-gaztetan hasitakoa



Jonathan Larrañaga algortarra da jaiotzez, eta Castejon de Sos herrian bizi da, Benasque haranean (Hueska). 25 urte besterik ez dituen arren, mendiari eskaini dio bizitza erdia: “13 urterekin hasi nintzen eskalatzen, eta 15 nituela, jada Naranjo de Bulnes igota nuen. Pare bat urte beranduago, Alpeetara jo nuen harkaitz berrien bila”. 18 urte zituela, Hueskara joan zen goi-mendiko gidari ikasketak egitera.

2004 urtetik ona, Espainiako mendi federazioko alpinista gazteen taldean ari da, eta horri esker, mundu osoan bidaiatzeko aukera izan du. Gaur egun, proiektu bat baino gehiago darabil buruan: “Orain, neguan, ziurrenik Kanadara joango naiz drytoolinga egitera. Ekainean espedizio bat antolatu dugu Pakistan aldera, modu alpinoan 6.000 metroko paretaren bat egiteko. Hala ere, hemen inguruan oso leku ederrak ditugu eskalatzeko, Pirinioak, Alpeak, Naranjo de Bulnes...”.