Jon Benito: Sustraien arkeologoa

Jon Benito: Sustraien arkeologoa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jon-benito-sustraien-arkeologoa/@@download/image/jon_benito_1371132361.jpg
2010/12/03
erreportajea
Bederatzi urte igaro dira Jon Benitok (Zarautz, 1981) lehen liburua argitaratu zuenetik. Egileak hogei urte besterik ez zituenean plazaratutako Aingurak erreketan (Susa, 2001) hark bat baino gehiago harritu eta liluratu zuen.

Izan ere, lehenago herri eta gazte mailako literatura lehiaketetan eskuratu zituen sarien arrastorik ez zutenek indartsu bezain eder heldutako egile berri bat deskubritu zuten. “Apaltasunetik eta duintasunetik idatzitako liburu oso konpletoa da”, idatzi zuen kritikariren batek, askorik huts egin gabe.

Jon Benitoren poesiara erraz ohitzen da bat. Errazegi. Gehiago behar izateraino, adikzioa sortzen duten harreman guztietan bezala. Beste libururik ezean, adikzio hori metadona apur batekin baretu behar izan dute irakurleek. Amukoak bildumako Orbel zaku bat (Susa, 2003) bete zuen dozena bat poema ederrekin, eta Gariren ahotsean entzun ditugu behin baino gehiagotan hango hitzak eta gerora sortutako beste batzuk.

Bidean, literaturari begira entretenitu da idazlea, astero, ia hutsik egin gabe, idazleak elkarrizketatuz eta liburuez hitz eginez, Rikardo Arregi Saria ere jasotzeraino. Gara, Sautrela, Linterna Gorria eta beste hainbat bitarteko erabili ditu, eta horretan segitzen du orain ere, Berria egunkariak igandero literaturari eskaintzen dizkion orrialdeak idatziz, garai bateko eguneroko zutabegintza alde batera utzita.

Metadona aski ez eta benetako poesia nahi duena, ordea, orain aseko da. Azaroaren amaieran aurkeztu du zarauztarrak liburu berria: Bulkada (Susa, 2010).

Harritzerainoko gordintasunez begiratzen dio ispiluari egileak, eta harritzerainoko gardentasunez erakusten dizkigu erradiografia pertsonalenak: haurtzaroa, lagunak, galderak, beldurrak, bakardadea, politika, iheserako lekuak,  desirak, bizipenak, damuak, kezkak...

Isil naiteke, baina esan egingo dut: euskal poesian arrastoa utziko duen liburua da. Egundoko arkeologia ariketa erraietan. Benik, ez beste inork, horrela idatz zezakeena.

Bibliografia


• Aingurak erreketan (Susa, 2001).
• Orbel zaku bat (Susa, 2003).
• Bulkada (Susa, 2010).