Joaquin Phoenix: Pizti Bakartia
Johnny Depp aktorearen Vipper Room klubaren atarian ziplo erori zen River Phoenix zinema izarra Halloween gau batez. Droga gaindosi batek hilzorian utzi zuen espaloi ertzean James Dean berria. Ezbeharra gertatu bezain pronto, Joaquin anaiak telefono dei dramatiko bat egin zuen laguntza eske. Riverren bihotz taupadak, ordea, amatatuz joan ziren apurka-apurka, bere irriaren distira betirako galdu zen arte. Komunikabideek lau haizetara zabaldu zituzten klandestinoki grabatutako Joaquinen hitz saminak eta Riverren anaia txikia gogoz kontra- famatu bihurtu zen.
Jaungoikoaren Haurrak sektaren kide ziren Joaquinen gurasoak eta Amerika osoan barna eraman zituzten euren seme-alabak. Hala, Puerto Rico urrunean jaio zen Joaquin iluna, duela ia hogeita zazpi urte. Riverrek interpretaziorako zituen aparteko dohaiek bultzatuta, Los Angelesera jo zuten Phoenixtarrek. Joaquinek ere Riverren urratsak jarraitu zituen zinema munduan, baina anaia zaharraren itzalean bizi izan zen beso artean hil zitzaion arte.
Anaiaren heriotzaren ostean, Hollywoodetik erbesteratu zen Joaquin. Itzuli zenean, ostera, zinema kritikari guztiak ahoa bete hortz utzi zituen Gus Van Sant zinemagile independentearen "To Die For" interesgarrian egindako lan apartarekin.
Handik gutxira, "Inventing the Abbotts" filma errodatzen ari zela, Liv Tyler aktore iradokitzailea ezagutu zuen eta harekin maitemindu zen. Harremanak, baina, ez zuen luze iraun. Apurtu zutenetik bakarrik bizi da Joaquin.
Uzkurra, makurra eta oso izaera zaileko pertsona da Joaquin Phoenix. Duen itxurak ere bere arima tormentatuaren isla dirudi. Zentzu horretan, ikatz koloreko ile eta bekainek nahiz goiko ezpaina urratzen dion orbainak berez darion iluntasuna areagotu besterik ez dute egiten. Bere begi urdin argiek soil-soilik hausten dute helarazten duen ezinegona, mesfidantza erakargarri bilakatuz. Aurten, "Gladiator", "Quills" eta "The Yards" filmetan jokatu dituen rol gordinek bere aktore sen ezkutua utzi dute agerian. Antza denez, harribitxi ilunek ere distira egiten dute.