Joan Fierro, Laura Martinez, Sara Ayesa eta Joey Ordoñezen erakusketak izango dira datorren urtean Gasteizko Montehermoson

Joan Fierro, Laura Martinez, Sara Ayesa eta Joey Ordoñezen erakusketak izango dira datorren urtean Gasteizko Montehermoson 33 proposamen jaso dituzte guztira eta hautatutako proiektuen egileek banakako erakusketa eta diru-saria izango dute. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/joan-fierro-laura-martinez-sara-ayesa-eta-joey-ordonezen-erakusketak-izango-dira-datorren-urtean-gasteizko-montehermoson/@@download/image/My project-1.png
2022/08/04

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

33 proposamen jaso dituzte guztira eta hautatutako proiektuen egileek banakako erakusketa eta diru-saria izango dute.
Joan Fierro, Laura Martinez, Sara Ayesa eta Joey Ordoñezen erakusketak izango dira datorren urtean Gasteizko Montehermoson

Monterhermoso Kulturuneak jakinarazi ditu, Montehermoso-EHU deialdia tarteko, datorren urteko erakusketa egitarauaren parte izateko hautatutako artistak. Montehermosok Joan Fierroren Extranjero; Laura Martinezen Unión; Sara Ayesaren Ja, ja; eta Joey Ordoñezen Toca, pon erakusketak hartuko ditu. Hala, aukeratutako artistei espazioa eta tresnak eskaini, euren lanei ikusgarritasuna eman eta mundu profesionalera hurbiltzeko lan-plataforma eskaini nahi diete. 

Proiektuek banakako erakusketa izango dute eta artista bakoitzak 9.000 euro jasoko ditu aurkezpenarengatik. Halaber, bakoitzak bere katalogoa izango du.

Joan Fierroren Extranjero proiektuak bizitzaren kontenplaziozko denboraren kontzeptua eta kapitalismo digitalaren berezko denbora zatitua edo azkartua ikertu eta jorratzen ditu. Atzerritarren irudia erabiltzen du bi denboren dimentsioaren arteko tentsioa arakatzeko. Bere lanaren oinarrian eremu publikoan egindako hainbat esku-hartze eta performancearen ikus-entzunezkoak daude.

Laura Martinezen Union proiektuak teknologikoaren aurkakoen eta aldekoen zatiketaren inguruan hausnartzen du. Zibilizazioak aurrera egin dezan, bi bandoek adostasunera heltzeko premiaren emaitza gisa sortu da erakusketa, bi ideiak uztartzen dituzten piezekin. Irudizko orainaldi bateko distopia batetik sortutako hainbat obraren sorkuntza-proiektua da. 

Sara Ayesaren Ja,ja proiektuaren nondik norakoa, berriz, honela azaldu dute: "Inguratzen gaituenari uneoro arreta eskaintzea, gauzak ikasi ditugun moduan ikusiz eta interpretatuz, neketsua da. Une batzuetan distraitu egiten gara, distantzia hartu eta hitzartutako logika hori hausten dugu. Hala, arreta galduz lortzen dugu bizitzari jartzen diogun arretatik apur bat deskantsatzea eta ideien konexio eta lotura berriak sortzeko jokoa has dezakegu, bizitza desberdin bat izan dezaten". Artistak premisa horretatik abiatuta planteatzen du bere pintura, eta intuizioarekiko, inperfekzioarekiko, soiltasunarekiko, eta pinturaren baliabideekiko duen interesa erakusten du lanetan, emozio jakin batzuk sortzeko, esaterako, grazia, barrea.

Joey Ordoñezen Toca, pon eskulturen proiektua da, eta objektuak eta irudiak kokatzeko moduak elkarren artean lotzen ditu materialen egoera zalantzan jarriz. Haien eraldaketaz eta tresnen bestelako erabilerez dihardu eta piezak zehaztugabeak dira, zer diren edo zer funtzio duten zehatz adierazi gabe.