Jessica Alba: Panpin exotikoa

Jessica Alba nerabezarorik samurrenean hasi zen zineman lanean. Ez zuen arrakasta handirik izan, ordea. Izan ere, film erdipurdikoak baino ez zituen errodatu hasieran. Telebistak, ostera, zinema izartxo erraustuen hilerritik berpiztu zuen. "Flipper" telesail arrakastatsuak ezagun egin baitzuen munduan barna. Dena dela, famak ere alde iluna du. Telebistan zebilela, gaizkile batzuek Jessica bahitu baitzuten. Zorionez, automobil baten maletategian abandonatu zuten azkenean, eta onik irten zen. Baina, oharkabe, ospea xahutzen joan zitzaion pixkanaka-pixkanaka. Denborak ez duelako inoiz errukirik izaten. Hala, berehala, izurdetxoekin jolasean ibiltzeko zaharregi bihurtu zen neskatoa. Edo, helduegi, beharbada.
Ahanzturaren infernua saiheste aldera, interpretazio ikasketak egitea erabaki zuen. Gauzak horrela, Atlantic Theater Company entzutetsuan aritu zen ikasle. David Mamet handiaren lezioek, ordea, ez zioten zinemaren erresuma ustelean ate askorik ireki. "Never Been Kissed" eta antzeko pelikula kaskarretan bigarren mailako rolak egitera kondenaturik jarraitzen baitzuen Jessica Albak. Etsitzear zela, telebistaren deia jaso zuen berriro ere. Handik gutxira, James Cameron zinemagile ezagunak ekoitzitako "Dark Angel" zientzia-fikziozko telesailean rol esanguratsua lortu zuen.
"Dark Angel" telesailean egindako lanarengatik Urrezko Globoa bereganatzeko zorian izan zen aingeru iluna. Baina, amaieran, supitoki, telesaila hondoratu egin zen. Cameronen Titanic eder hura bezalaxe, hain justu. Jessica Alba ez zen ito, hala ere. Bere edertasun exotikoaz, Derek Jeter New York Yankees taldeko beisbol jokalaria ezezik, Hollywoodeko zinema ekoizle guztiak ere sorgindu baititu azkenaldian. "Honey" eztitsuaren porrotaren ostean, "Sin City" eta "Fantastic Four" pelikula fantastikoetan ikusiko dugu Jessica Alba erakargarria. Erronka zaila du, zinez. Panpin exotikoa baino askoz gehiago dela erakutsi beharko du aurrerantzean. Edertasuna iragankorra delako oso. Maitasunaren taupadak bezalatsu.
Izena: Jessica Marie Alba
Jaioteguna: 1981-IV-28
Jaiolekua: Pomona/Kalifornia (AEB)
Mutil laguna: Derek Jeter beisbol jokalaria
Musika talderik gustukoenak: Portishead eta Red Hot Chili Peppers
Gizonezko aktore bat: John Cusack
Emakumezko aktore bat: Susan Sarandon
Telesailik kuttunena: "The Simpsons"
Maskota: Sasha txakurra
Maite ditu: Adiskide onak
Gorroto du: Modaren diktadura
Zaletasunak: Futbola eta golfa