Jatea, edatea, kirola egitea... eta maskara eramatea derrigorrezkoa ez den bestelako salbuespenak

Une hau iritsiko zela nahiko argi genuen guztiok; gaur, maiatzak 21, indarrean sartu da maskara leku publikoetan janzteko agindua. Dena den, duda asko sortu dira agindu honen harira; dekretuak dioenez kalean derrigorrezkoak izango dira sei urtetik gorako herritarrentzat, beti ere guxtienez metro t'erdiko distantzia gorde ezin diren espazioetan. Baina zer egin tabernan zerbait hartzen ari bagara? Edota kirola prakikatzerakoan? Hauek dira aginduaren salbuespenak:
- 6 urtetik beherakoak: ez daude maskarak eramatera behartuta, baina biziki gomendatzen dute hauen erabilera 3 eta 5 urte birtaurteko haurren artean.
- Arnasketa arazoak dituztenak: Asma, hiperbentilazio sindromea edota bestelako arnas arazo larriak dituztenek ez dituzte eraman behar medikuak hala adierazi badie. Berdin antsietatea dutenek, medikuak hala aginduta.
- Maskara jantzita egin ezin daitezkeen jardueretan: Beste hitzetan, taberna batean jaten ala edaten gaudenean ez gaude maskara erabiltzera behartuta.
- Kirola egiterakoan: Gomendio hau ez dago dekretuan hitzez hitz zehazturik, baina gomendio orokorrago baten barruan sartzen dela ulertzen dute adituek; hain zuzen, dekretuak jasotzen duenez, ez da maskara erabili beharko egiten ari garen ekintzan oztopoa den egoeratan.
- Kotxean, bidaiariak etxe berekoak badira: Kotxean eta garraio publikoan maskara eramatea derrigorrezkoa izaten jarraituko du, baina kotxeko bidaiariak etxe berekoak badira ez da derrigorrezkoa izango.
- Bero handiko egunetan: Tenperatura altuegia egunetan ez dute maskararen erabilera gomendatzen, arnas arazoak ekar ditzakeelako. Dena den, gomendio hau ez dute dekretuan zehaztu.
BESTE GOMENDIO BATZUK
- Hobe Kirurgikoak: Maskara mota aukeratzerakoan kirurgikoak ala higienikoak nahikoa dira pertsona osasuntsuentzat, helburua ingurukoak ez kutsatzea delako. Gainera, hauek dira arnasketa gutxien ekiditen duten maskarak. Balbuladunak ez dira gomendatzen, eta FFP2 motatakoak soilik gaixoentzat ala gaixoekin kontaktu zuzenean daudenentzat gomendatzen dira.
- Ez berrerabili horretarako propio ez badira diseinatu: Maskaren higienea zaintzea ezinbestekoa da, bestela, maskara erabiltzeak kontrako helburua izan dezake eta birusa etxera eraman dezakegu.
- Jarraitu distantziak mantentzen: Maskara lagungarria izan daiteke distantzia minimoa gorde ezin den kasuetan. baina horrek ez du esan nahi erlaxatu gaitezkenik. Distantzia soziala da ingurukoak babesteko modurik eraginkorrena.