Jasangarritasunean eta lidergoan trebatzeko Gazte Ekoliderrak programan izena emateko epea zabaldu dute

Jasangarritasunean eta lidergoan trebatzeko Gazte Ekoliderrak programan izena emateko epea zabaldu dute Hogeita hamar gaztek izango dute sei hilabeteko iraupena duen formazioan parte-hartzeko aukera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jasangarritasunean-eta-lidergoan-trebatzeko-gazte-ekoliderrak-programan-izena-emateko-epea-zabaldu-dute/@@download/image/c8d5a8bb-2f1b-4078-b95c-7000b5223f15.jpeg
2023/09/25
Hogeita hamar gaztek izango dute sei hilabeteko iraupena duen formazioan parte-hartzeko aukera.
Jasangarritasunean eta lidergoan trebatzeko Gazte Ekoliderrak programan izena emateko epea zabaldu dute

Kutxa Fundazioak, EHU Uda Ikastaroak Fundazioaren laguntzarekin, sustatutako Gazte Ekoliderrak, gazteak jasangarritasunean eta eraldaketarako lidergoan trebatzea helburu duen "formakuntza eta bizitzarako ibilbidea" da, 20 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendua. "Gazteen artean jasangarritasunerako eraldaketan eragile izateko bidea egin nahi dutenei bidaia hasten laguntzeko gaitasun eta ezagutzak eskaini nahi dizkiegu", azaldu dute.

Gazte Ekoliderrak trebakuntza-programan ezagutza zabaltzeaz gain, "gazteak ekintzarako ahaldunduko dira eragile aktibo bihurtu daitezen". Aurtengo edizioan, gainera, proiektuen garapenerako ibilbidean erakundeekin lankidetzan arituko dira gazteak, "jasangarritasunari lotutako egiazko erronketan inplikatzeko aukera izan dezaten".

Formazio programak sei hilabeteko iraupena izango du, 120 ordutan, azarotik apirilera bitarte. Programari dagokionez, edukiak bost arlotan antolatuko dira: klima larrialdia, justizia soziala, kapitalismo berdea, biodibertsitatearen galera eta ikusle edo eragile. Honez gain, hiru ibilbide egingo dituzte parte-hartzaileek: jasangarritasunaren ikuspegi holistikoan sakonduko dute, lidergo kontzientea landu eta proiektuaren garapenean zentratuko dira. 

Guztira hamabi aurrez aurreko saio izango dira, hilean bi, hiru elkarbizitza asteburu eta online gunea. Lan pertsonala ere aurreikusten da, jasotako trebakuntzetan sakontzeko eta proiektuei forma emateko. Arduradunek azaldu dutenez, prozesu osoa talde gidari baten laguntzaz eta jasangarritasunean eta lidergoan adituak diren profesionalen bidelaguntzarekin gauzatuko dute gazteek.

Plaza mugatuak
20 eta 35 urte arteko hogeita hamar gaztek izango dute Gazte Ekoliderrak egitasmoan parte-hartzeko aukera. Formazioak hirurehun euroko prezioa du eta irailaren 29a baino lehen izena ematen dutenek ehuneko hamarreko deskontua izango dute. Parte-hartzaileek euskaraz ulertzeko gaitasuna izan beharko dute.

 Izen-ematea urriaren 20ra arte dago zabalik, Kutxa Fundazioaren webgunean.