Jarraitu Kaliforniara joan diren gazteen abenturak!

Jarraitu Kaliforniara joan diren gazteen abenturak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jarraitu-kaliforniara-joan-diren-gazteen-abenturak/@@download/image/kliforniara_1400753827.jpg
2014/05/22
berria
Jarraitu Kaliforniara joan diren gazteen abenturak!
Iraide Artetxe, Eneko Corral, Marta Barea, Ivan Poyato del Rio, Pello Baños eta Julene Barinaga Kgunetik Kliforniara lehiaketako irabazleak AEBetan dira jada, eta Kliforniara ataria baliatuko dute datozen sei egunetako bizipenak kontatzeko.


Bizkaiko lurraldean euskaraz bizitzea, komunikatzea eta adieraztea egingarria ez ezik, errealitatea ere badela erakusten duten bideo, irudi eta audio artxiboak Twitter bidez zabaltzearen truke, Kaliforniako euskal diaspora bertatik bertara ezagutzeko aukera eskaini diete Bizkaiko Foru Aldundiak eta Azkue Fundazioak sei gazte bizkaitarri. Aukeraketa egiteko, baina, Kgunetik Kliforniara lehiaketa jarri zuen abian apirilean, eta 18 eta 30 urte arteko gazte ugarik egin zituzten haien ekarpenak. Guztien artean sei irabazle aukeratu zituen epaimahaiak maiatzean.

Bada, sei gazte horiek Kalifornian dira jada. Ipar Amerikako Euskal Elkarteak-ek (North American Basque Organisations) gaur, maiatzak 22, hasi eta datorren asteartera bitarte luzatuko den jaialdian izango dira, Bakersfielden, eta euskal kaliforniarrak bertatik bertara ezagutzeko eta inguru haietan euskarak duen presentzia neurtzeko aukera izango dute bertan.

Haien ibilbidearen egunerokoa jarraitzeko, Kliforniara bloga jarri dute martxan, eta pixkanaka bideoak, argazkiak eta kontaketak igoko dituzte, Euskal Herrian geratu garenok inbidia pixka bat pasa eta haien esperientziatik ikasi dezagun.

Kmovie, martxan oraindik!
K ekimenetik abiatutako Kmovie bideo labur lehiaketak, ordea, martxan jarraitzen du oraindik. Parte hartu nahi dutenek irailaren lehenera bitarteko epea dute bi minutuko euskarazko ikus-entzunezkoak sortu eta webgune honen bidez helarazteko. Animatu, diru-sari potoloak baitaude jokoan!