Jaroslav Hasek: Ekialdeko buhamea

Jaroslav Hasek: Ekialdeko buhamea https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Jaroslav Hasek: Ekialdeko buhamea
Txekieraz idatzitako idazle askoren lanak aurki daitezke euskaraz. Neurri batean, deigarria da hizkuntza horrekin itzultzaileek izandako zaletasuna, baina bestalde, ez da harritzekoa. Obra handiak idatzi baitituzte Europa erdialdeko hainbat sortzailek; Milan Kunderak, Bohumil Hrabalek, Jan Nerudak, Jopsef Skvoreckyk edo gaurkoan gurera dakargun Jaroslav Hasekek berak. 
Xveik soldaduaren komeriak asmatu zituen idazlea 1883an jaio zen Pragan. Hiri honek idazle, pentsalari eta artista asko erakarri ditu. Pragak badu ukitu berezi bat, buhame bizitzarekin lotutako nortasun propioa. Beharbada horregatik ibili zen batetik bestera Jaroslav gaztea. Matematika irakasle, apopilo lanetan, merkataritza akademiako irakasle, banketxe bateko bulegari... Ogibide askotan aritu zen Lehen Mundu Gerra hasi arte. Orduan Austria-Hungariako armadako soldadu gisa abiatu zen Errusiako frontera. Laster abandonatu zituen, ordea, bere armadakoak, eta Armada Gorrian sartu zen, errusiarren alde borrokatzeko.
Gerratik itzulitakoan, Pragako taberna giroan murgildu zen, eta kartzelarako bidean behin baino gehiagotan jarri zuten. Urte haietan idatzi zuen Xveik soldadu onaren menturak liburu mardula. Obra honetan, Lehen Mundu Gerrako bizipenak islatu zituen Hasek-ek. Xveik izeneko protagonista arlote baten pasadizoak harilkatuz, gerraren alde komikoa azaleratu zuen ironia handiz. Sarritan parodiaren bidea erabiliz, garaiko erakundeen funtzionamendua nolakoa zen ikusiko dugu eleberrian. On Kixote moderno baten antzeko pertsonaia da Xveik, antiheroia, baina badaki egoerei aurre egiten. Arazo batetik bestera dabilela, mozolo itxurako gizaseme honek beti lortzen du arriskuak gainditzea. Zentzugabekeria muturreraino daraman lan honetan, kritika marxistaren aldeko iritziak topa daitezke. Arrazoi horregatik naziek liburua debekatu zuten, baina 1948tik aurrera obraren argitarapena etengabekoa izan da. Gazterik hil zen Hasek, 1923an. Bere oihartzuna, ordea, ez da isildu.