Jarduera fisikoaren monitorizazioa

Jarduera fisikoaren monitorizazioa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jarduera-fisikoaren-monitorizazioa/@@download/image/sarezulo_147_1389185085.jpg
2014/01/10
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez @aldakur
Jarduera fisikoaren monitorizazioa
Smartphoneak jendartean hedatu ahala, osasuntsu mantentzen laguntzen gaituzten aplikazio eta gadgetak ere ugaritu egin dira. Ezagutu ditzagun horien artean berrienak.


Gaur egun, jaten dugunaren elikadura balioa aplikazioen bidez kontrola dezakegu: kaloria kopurua, proteinak, karbohidratoak… Eta gimnasioan egin beharreko ariketak azaltzen dizkiguten aplikazioak ere badira! Fitnessaren eta osasunaren alorrean sortutako azken gailuak, baina, jarduera fisikoaren monitorizaziora zuzenduta daude, eta horien artean gehienak sport itxurako eskumuturrekoak dira, "busca" edo bilagailu antzeko batzuk ere badauden arren.

Merkatuan aurki daitekeen gailuetako bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina gehienek funtzio berdina eskaintzen dute: eguna hasten dugunetik amaitu bitarte egiten dugun jarduera fisikoa kontabilizatu edo zenbatzea.

Eskumuturrekoa soinean eraman behar da beti, ohetik jaiki eta ohera sartu arte; gainera, eskumuturrekoarekin lo eginez gero, datu are zehatzagoak jasoko ditugu. Zenbait gailu loaldia jarraitzeko gai dira, baita amets sakon eta ahulen arteko bereizketa egiteko ere (fabrikatzaileek hala diote behitzat!). Merkaturatu diren azken eskumuturrekoek erabiltzaileak emandako pausoak, egindako distantzia eta gastatutako kaloriak azaltzen dituzte LED argien bidez. Gaur egun, dena den, smartphonean daramagun teknologia berbera integratuta daramate zenbait eskumuturrekok. Horregatik, egunean zehar emandako pausoak zenbatzeaz gain, gailuetako asko korrika, oinez edo eskaileretan gora goazen jakiteko gai dira, eta egunaren amaieran datu errealagoak eskaintzen dizkigute. Nike + Fuelband eta Polar Loop gailuek, esaterako, aurrerapauso nabarmenak egin dituzte alor honetan, lehen egunean gure helburuak finkatzen baditugu, egunaren amaieran helburu horiek bete ditugun ala ez azalduko baitigu eskumuturrekoak. Bete ez baditugu, korrika pixka bat egitera joan gaitezke eguneko jomugara heltzeko. JawBone Up eskumuturrekoak, gainera, jaten duguna kontrolatzen du produktuaren barra kodea eskaneatze hutsarekin.

Gailu gehienek Android eta iOS aplikazio bana eskaintzen dute. Bluetooth bidez eskumuturrekoarekin konektatu eta honek biltzen dituen datu guztiak grafikoki eta era ordenatuan ikusi ahal izango ditugu pantailan. Fabrikatzailearen arabera, aplikazioek aukera gehiago ala gutxiago eskainiko dizkigute. Zenbaitzuek datuak Sarera igo eta web orrialde baten bidez kontsultatzeko aukera ematen dute; horretarako, aplikazioa bera edota eskumuturrekoak barnean gordeta duen USBa konektatu beharko dizkiogu ordenagailuari.

Gailu gehienak oso antzekoak izan arren, arestian aipatu moduan, bakoitzak bere berezitasunak ditu. Beraz, dendan ikusten dugun lehenengoa erosi beharrean, barnebiltzen dituzten tresnak, datuak eta aplikazioa aztertzea komeni da. Nike + Fuelband eta Polar Loop punta-puntako gailuez gain, Fitbit One, Fitbit Flex, JawBone Up eta Withings Pulse ere gomendagarriak dira, besteak beste. Prezioak 100 eta 150 euro artean kokatzen dira, eta smartphoneko aplikazioa doakoa da.

HARRITU GAITU



Ubuntu Bikes
Ez du Ubuntu sistema eragilearekin zerikusirik. Artista talde batek sortutako bizikleta denda da. Artistek diseinatutako bizikletak eros daitezke, edo zeure gustura bat egiteko eska dezakezu. 

KATXONDOENA



Buzzfeed - Jajaja
Sarean zein jendearen egunerokoan gertatzen diren gauza barregarriak post kuriosoetan biltzen dituen ataria.

INFORMAZIO BILA



Stackoverflow
Informatikaren munduan, garatzaileentzako gaur egun dagoen fororik garrantzitsuena. Edozein zalantzaren erantzunak aurki daitezke bertan.