Jamaikar musikaren garapena

Jamaikar musikaren garapena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jamaikar-musikaren-garapena/@@download/image/65p26-1.jpg
2006/07/07
erreportajea
Jamaikar musikaren garapena
Jamaikar musikari buruz hitz egiterakoan, guztioi reggaea datorkigu burura; Bob Marley eta bere taldekideen reggaea, zehatzago esanda. Baina jamaikar musikaren historian, reggaearen eremua gainditzen duten musikak egon dira, noski: soca, mento edo calypsoa, eta espainiarrak iritsi aurretik Jamaikan bizi ziren indiarren musikak, adibidez

Ugaritasun hori ikusita, jamaikar musikaren garai zehatz batera mugatu dugu ondorengo azterketa: 50eko hamarkada bukaeratik, gaur egun arte nabarmendu diren estilo eta korronteak dituzue ondorengoak. Hona hemen zuhaitzaren adar nagusiak (urteak gutxi gorabeherakoak dira).

SKA (1958-1964)

AEBetako jazz, rhythm and blues, eta Karibeko mento eta calypsoaren arteko maitasun harremanetik sortutako erritmo zoroa da ska musika. Jamaikaren independentziaren lehen urteetan indarrean egon zen, eta garai hartako itxaropena eta alaitasun sentimendua primeran islatzen dituen musika da. Ezinbestekoak: Laurel Aitken, Derrick Morgan, Prince Buster, The Maytals, Skatalites...

ROCKSTEADY (1964-1967)

Independentzia lortzearekin batera, turismoak indar handia hartu zuen Jamaikan. AEBetako aberatsak Jamaikara joaten hasi ziren eguzki eta lasaitasun bila. Ondorioz, turistentzako erritmoak garatu ziren irlan: erritmo lasai eta goxoak, baxu elektrikoaren protagonismoaz, hitzek maitasunari buruz hitz egiten dute gehienbat. Ezinbestekoak: Alton Ellis, Ken Boothe, The Paragons, The Techniques, Delroy Wilson, e.a.

EARLY REGGAE (1968-1974)

Sentimenduak adierazteko tresna ezinhobea da musika. Independentzia lortu ondoren, jamaikarren ametsak ez ziren bete, eta jamaikar gehienek miseria gorrian jarraitu zuten. Ezinegon hori musikaren bidez islatu zen, eta rocksteady erritmo goxoetatik, reggae-aren lehenengo erritmo garratzetara pasatu ziren. Garai berean, AEBetan, pil pilean zeuden afroamerikarren eskubideen aldeko mugimenduak, eta mugimendu horien eragina Jamaikara ere iritsi zen. Ezinbestekoak: Bob Andy, The Heptones, John Holt, Upsetters, Wailers, Ethiopians...

ROOTS REGGAE (1974-1981)

Jamaika lehertzear zegoen. Beltz harrotasunaren mugimenduak, Afrikarako itzulerak, Rastafari erlijioak, ghettoetako bizi baldintza kaskarrek… faktore guztiek bat egin zuten, Jamaikan inoiz izandako musika/giza mugimendu iraultzaileena sortuz. Reggaea sustraietan oinarritutako musika dela defenditu zuten,  giza eskubideak eta beltz izatearen harrotasuna aldarrikatuz. Musikari dagokionez, bateria eta baxuaren taupadak nagusitu ziren; perkusioa, danbor eta haize sekzioaren laguntzaz. Mezu konprometituak eta erlijiosoak nagusi. Garai honetan reggaea nazioartera zabaldu zen. Ezinbestekoak: Burning Spear, Culture, The Abyssinians, Dennis Brown, Augustus Pablo, Gladiators...

DJ edo TOASTERRAK (1969-gaur egun)

Sound systemetako animatzaileak dira. Mikroa eskuetan zutela, jendea zirikatzeko eta animatzeko helburuarekin hasi ziren 70eko hamarkada hasieran. Urteen poderioz, reggaearen azpi-estilo bilakatu da. Hitz jario musikatua da. Ezinbestekoak: U-Roy, Dennis Alcapone, Big Youth, Dillinger, Prince Far I...

DUB (1972-gaur egun)

Grabazio estudioetako teknikoek abesti originalei egindako nahasketa berriak dira. Baxua eta bateria lehen mailan jartzen dira, gainontzeko osagaiak —ahotsa, horien artean— bigarren mailan utziz, eta era guztietako interferentzia eta soinu efektuak sartuz. Gaur egun, musika elektronikoaren baitan horren ezagunak diren erremixen aitzindariak izan ziren. Ezinbestekoak: King tubby, Mad Professor, Lee Perry, Prince Jammy, Scientist, e.a.

DUB POETRY (1976-gaur egun)

Olerki musikatuak. Re-ggaearen oinarri musikalaren gainean, olerkiak errezitatzen dituzten olerkariak dira. Gai sozial eta politikoak nagusi. Ezinbestekoak: Mutabaruka, Linton Kwesi Johnson, Oku Onuora, e.a.

DANCEHALL (1981-1989)

Bob Marley hil da. Reggaeak indarra galdu du nazioartean, eta jama-ikarrak barruko merkatuari begira jarriko dira berriro; sound systemetara begira, alegia. Mezu konprometituek pisua galduko dute, eta festarako kantuak nagusituko dira. Ezinbestekoak: Barrington Levy, Don Carlos, Roots Radics, Freddie McGregor, Yellowman...

RAGGA-DANCEHALL (1989-Gaur egun)

Erritmoak bortitzagoak dira orain. Erritmo kutxak eta soinu digitala nagusi. Gorputza astintzen dizuten kolpeak. Dj edo toasterren garapenaren ondorioz, ahotsak zakartu egin dira. Kantuetan sexua, drogak, bortizkeria eta dirua dira gai nagusiak; beti ere, modu arinean landuta. Ezinbestekoak: Shabba Ranks, Tenor Saw, Cutty Ranks, Chaka Demus & Plier, Lady Saw...

NEW ROOTS (1994-Gaur egun)

Sustraietan oinarritako reggae musikaren itzulera. Gauzak musikaren bidez aldatu nahia. Mezu konprometituak. 70eko hamarkada bukaerako reggae erritmoak gaurkotuta, soinu eta instrumentazio digitalarekin. Abeslarien artean abesteko era melodikoa eta ragga tartekatzeko joera dago; sing-jay estiloa. Ezinbestekoak: Garnett Silk, Luciano, Everton Blender, Morgan Heritage, Sizzla, Bushman, Anthony B...