Jamaika... paradisua?

Jamaika... paradisua? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jamaika-paradisua/@@download/image/65p22-1_1365513434.jpg
2006/07/07
erreportajea
Jamaika... paradisua?
Nork ez du inoiz Jamaikako hondartza ederrekin amets egin? Hondar zuri finak zure azala laztantzen duen bitartean, edari freskoa eskuetan, marihuana zigarroa ahoan, Bob Marley-ren kantu goxoekin gozatuz. Zoragarria, ezta? Bada, ez da horrela. Noizbait Jamaikara joaten bazara, amets hori amesgaizto bilaka dakizuke.

Jamaika Ertamerikako estatua da; Karibeko Antilletako hirugarren irla handiena da. Iparraldean Kuba du, eta ipar-ekialdean, Haiti. Blue Mountains izeneko mendikateak (2.292 m) ekialdetik mendebaldera gurutzatzen du Jamaika. Eguraldia itsas tropikala da: oso hezea, euritsua eta beroa.

Nekazaritza nagusi

Jamaikako ekonomia nekazaritzan oinarritua dago; lurraldearen %21 emankorra da. Banana eta azukre kaña dira gehien landatzen diren laboreak, eta labore horietatik, azukrea eta eztia ateratzen dituzte, eta baita hain famatua den rona ere. Garrantzi txikiagoa dute kafea, kakaoa, patata gozoa, mandioka, kokoak eta fruta garratzen ekoizpenak. Abeltzaintza ere ugaria da. Industriari dagokionez; bauxita mineralaren erauzketak garrantzi handia du. Bauxita mineralarekin aluminioa egiten da, eta Jamaika da, mundu osoan, bauxita gehien ekoizten duen estatua. Horretaz gain, azukrea, bananak eta rona esportatzen ditu Jamaikak. Erosle garrantzitsuenak AEB, Europa eta Kanada dira. Jamaikarren inportazio gehienak Europa eta AEBetatik heltzen dira: makinaria, lehengaiak eta janaria. Turismoa da Jamaikako beste diru iturri nagusia.

Esklabutza memorian

Cristobal Colonek 1494an aurkitu zuen Jamaika, Ameriketara egindako bigarren bidaia zoroan. Ordura arte, arawak indioak bizi ziren han, eta euren hizkuntzan, Xaymaka deitzen zioten irlari: ibai eta mendien lurra. Xaymaka.

Espainiarren zapalkuntzak indiarren akabera ekarri zuen, eta ondoren, Afrikatik esklaboak eramaten hasi ziren, eskulan merke gisa erabiltzeko. 1655ean, Ingalaterrak indarrez bereganatu zuen Jamaika, eta azukrea landatzen hasi ziren. Ingalaterrak esklabutzarekin jarraitu zuen, eta esklabo batzuek irlako mendietara ihes egin zuten, komunitate propioa sortuz: Cimarons-ak.

1833an esklabutza ofizialki indargabetu zuten, eta arazo asko izan zituzten landaketekin. 1962an Jamaikak independentzia lortu zuen, nahiz eta Commonwealth erakundearen barruan jarraitu zuen. Gaur egun, Isabel II.a da Jamaikako erregina, eta gobernadore batek ordezkatzen du. Bestalde, Jamaikak lehen ministroa du, jamaikarrek hautatutakoa.

Egoera soziala

Jamaikarren eguneroko bizitza ez da batere erraza. Biztanleriaren gehiengoa pobrea da, eta nahiko lan izaten du eguneroko ogia lortzeko. Datuei kasu eginez gero, badirudi Jamaikako ekonomia hobetzen ari dela pixkanaka, baina jamaikar herritar xumeek ez dute hobekuntza hori antzematen.

Hori gutxi balitz bezala, Karibean hain ohikoak diren haizeteek egoera asko okertzen dute. Adibidez, azken hilabeteotan gertatutako haizete bortitzek asko txartu dute egoera ekonomikoa. Jamaikar asko nekazaritzatik bizi dira, eta haizeteen ondorioz, aurten uzta asko galdu dira.

Bortizkeria

Hiru miloi biztanle inguru dituen irla txikia izan arren, Jamaikan 1.500 lagun hiltzen dira urtero bortizkeriaren ondorioz. Eta horietatik 150 inguru poliziaren esku hiltzen dira. Jamaikan, erailketak eguneroko ogia dira; asko dira suzko armaz edo arma zuriaz hiltzen diren gizon eta emakumeak.

Erailketa horietako askok oinarri politikoa dute. Izan ere, borroka gogorra dago Jamaikako bi alderdi politiko nagusien artean, eta hauteskunde garaian, ugaritu egiten dira hildakoak. 1999. urtetik hona, 800 lagun inguru hil dira poliziaren esku, eta erailketa horiek argitzeko egindako epaiketetan, ez dute inoiz polizia bat bera ere zigortu. Hain zuzen, otsailean gertatu zen salbuespen bakarra: polizia bati bizitza osorako kartzela zigorra ezarri zioten Michael Dorsett izeneko gizona hiltzeagatik.

Epaiaren arabera, poliziak bizkarrean tiro egin zion Michael Dorsetti. Poliziaren bertsioa bestelakoa zen, ordea: Michael Dorsettek polizi patruila tirokatu zuela, eta poliziak erantzun besterik ez zuela egin. 

Erailketez gain, salaketa asko aurkezten dira poliziaren bortizkeria dela eta. Atxilotu askok tratu txarrak eta torturak salatzen dituzte, baina salaketa hauek ezerezean geratzen dira.

Legedi gogorra

Jamaikak estatu demokratikotzat du bere burua, baina, aitzitik, ez ditu giza eskubideen nazioarteko tratatuak, ez sinatzen, ez errespetatzen. Jamaikan indarrean dago heriotza-zigorra, eta gaur egun, 50 bat preso daude zigor hori noiz gauzatuko zain.

Egia da, urteak joan direla heriotza-zigorra azken aldiz aplikatu zenetik; baina, hala ere, Jamaikako gobernuak ez-entzunarena egiten jarraitzen du, heriotza-zigorra indargabetu dezan eskatzen dioten nazioarteko erakundeen aurrean. Are okerrago: azken hilabeteotan, jamaikar politikari askok heriotza zigorrak berehala aplika daitezela eskatu dute.

Kartzeletan egoera ere ez da txantxetakoa. Kartzelarien esku jasandako jipoi eta tratu txarrei, kartzeletako baldintza txarrak gehitu behar zaizkie. Kartzela askotan, sei presok bi metro eta erdiko ziega konpartitu behar dute.

Homosexualitatea, zigortuta

Gauza jakina da jamaikar gizartea oso tradizionala dela, eta oso gaizki ikusia dagoela gizon eta emakumeen homosexualitatea. Jamaikan, homosexualek legez debekatuta dute sexu bereko pertsonekin harremanak edukitzea.

Urtarrilean, giza eskubideen aldeko erakundeek, legea bertan behera uzteko eskatu zioten gobernuari, eta gobernuak ezetz esan du.

2005eko urritik hona, Ingalaterrak asilo politikoa eskaintzen die Jamaikatik ihes egin behar duten homosexualei. Musika mailan ere ugari dira homosexualen kontrako abestiak, eta jamaikar reggae abeslari ezagun batzuek arazoak izan dituzte Jamaika kanpoko merkatuetan, abesti horiek kantatzeagatik. Kontua horrela dago.

Emakumeen aurkako bortizkeria

Jamaikakoa oso gizarte matxista da. Oso ondo ikusia dago emakume askorekin dabilen gizona, eta emakume ugarik batere laguntzarik gabe hezi behar dituzte haurrak. Horrez gain, urtero 1.000 bortxaketa inguru gertatzen dira Jamaikan, eta emakume gutxi ausartzen dira bortxaketa horiek salatzera. Giza eskubideen aldeko taldeek salatu dutenez, 15-19 urte bitarteko bost emakumeetatik bat sexu harremanak izatera behartzen dute Jamaikan.

Topikoak apurtu

Ikusten denez, Jamaika ez da guk uste genuen paradisua. Turismo txartelen atzean dagoen irudia, erakusten zaiguna baino askoz ere garratzagoa da. Topiko asko dago Jamaikari buruz, eta horietako batzuk apurtzera goaz jarraian.
Gure burmuineko Jamaikako irudi topikoan, jamaikarrak dreadlocks-ekin (ileko txurro edo kiribilekin) ikusten ditugu beti. Marihuana zigarroa ahoan izaten dute, eta ur garden eta hondar zuriko hondartzan etzanda egoten dira beti. Ez da horrela: benetako Jamaikan, Rasta erlijioaren jarraitzaileak gutxiengo dira, eta oso gaizki ikusiak daude (hemen ijitoekin gertatzen denaren antzera; aldeak alde, noski).

Rastek zailtasun handiak dituzte lana aurkitzeko, eta ez dira jamaikar gizarte "normalean" integratu. Bestalde, guztiz debekatua dago marihuana landatzea eta erretzea (beste izen askoren artean, jamaikarrek Ganja esaten diote marihuanari). Marihuana erretzen edo landatzen harrapatzen bazaituzte, kartzelara joan zaitezke.

Eta hondartza paradisiakoak? Hondartza ederrenak esku pribatuetan daude, eta ordaindu egin behar da horietara sartzeko. Hotel askok hondartza pribatua dute, eta jamaikarrek ezin dute bertan izan. Hori dela eta, jamaikarrek harrizko hondartzekin konformatu behar dute askotan (oso ederrak izan arren).

Reggae zaleentzat oharra

Reggae zale amorratua zara, eta ametsetako Jamaikara joan nahi duzu? Ondo. Kontuan har ezazu Bob Marleyk duela 25 urte utzi gintuela, eta egungo Jamaikak ez duela antz handirik duela 25 urteko Jamaikarekin (musikaren alorrean, bereziki). 

"The Harder They Come", "Rockers", "Prisoner In The Street", "Heartland Reggae" eta antzeko pelikula/dokumentalek zoratzen bazaituzte, eta film horietan ikus daitekeen Jamaikaren bila bazoaz, hobe denboraren-makina erosten baduzu. Egun, Jamaikako sound systemetan arrakasta duten doinuak ragga-dancehall doinu bortitzenak dira, eta musikalki, ez dute zerikusi handirik reggae klasikoarekin (roots reggae delakoarekin, alegia). Eta hori, noizbait jamaikar sound system bat ikusteko aukera izaten baduzu. Izan ere, oso kontaktu ona izan beharko duzu sound systemak antolatzen diren ghettoetan sartu ahal izateko, eta hala ere, zure azal zuri horrekin, inork ez dizu segurtasuna guztiz ziurtatuko. Diruaren usaina du zure azalak, lagun.

Datuak



Neurria: 11.000 km2. 1.000 km-ko kostaldea.
Biztanleak: 3 milioi lagun inguru.
Bizi itxaropena: 74 urte. Gizonek 72 urte, eta emakumeek 77.
Etniak: %76 afroak, % 16 afro-europearrak, %3 indiarrak (ekialdekoak), %3 zuriak, txinatarrak eta afro-txinatarrak % 1,2. Besteak % 1,2.
Hiriburua: Kingston. 600.000 biztanle.
Hizkuntza: Ingelesa. Pattoo izeneko hizkera da nagusi.
Txanpona: Dolar jamaikarra.
Erlijioa: Protestanteak % 62, katolikoak % 4, besteak % 34 (hemen barruan rastafarismoa sartzen da, beste sinesmenekin batera)