Jaialdi bat basamortu zabalean

Jaialdi bat basamortu zabalean https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jaialdi-bat-basamortu-zabalean-2/@@download/image/2010820213burningman3.jpg
2012/12/13
berria
Hori da Burning Man hitz gutxitan. Abuztuaren 30etik irailaren 6ra bitarte egingo dute aurten. Nolako jaialdia den? Arte adierazpide askok dute tokia: musika, eskultura, performancea… Non egiten duten zehazki? Nevadako basamortuan, Renotik 150 kilometrora gutxi gorabehera.




1986an antolatu zuten lehenengo aldiz Burning Man. Orduko hartan, San Frantziskon egin zuten, hondartzan. Larry Harvey, Jerry James eta beste batzuk izan ziren sustatzaileak. Urteen joanarekin hondartza txiki geratu zitzaien. Oso txiki. Eta hori dela-eta, basamortura lekuz aldatzea erabaki zuten. Jaialdiak hartutako tamaina ez da txantxetakoa:25.000 lagun elkartzen dira, alajaina! Sarrerek 210 eta 300 dolar artean balio dute eta urtarriletik eros daitezke Internet bidez.
Nola antolatzen duten dena? Ba parte hartzaileek nork bere gauzak eraman behar dituzte. Den-dena. Janaria eta arropatik hasi eta higiene papereraino. Basamortuan ez dago ezer erosterik. Urtero-urtero gai bat aukeratzen dute, parte hartzaileek gai horren inguruko ekintzak presta ditzaten. Aurtengo gaia, esate baterako, Metropolisa da. Hortaz, Atenas, Bagdad, El Cairo, Detroit eta beste hainbat hiriren izenak hartuko dituzte jaialdiaren txokoek.
Astebetez hamaika arte adierazpide egiten dituzte, eta etxera itzuli aurretik gizonezko baten irudi edo panpin erraldoiari su ematen diote –hortik datorkio izena hitzorduari-. Antolakuntzak ingurumenari erreparatzen dio eta Burning Man egiteko hartutako basamortuko esparrua hasi aurretik zegoen bezala utzi beharra dagoela diote euren webgunean.