Jai dauka parte hartzeak

Jai dauka parte hartzeak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/jai-dauka-parte-hartzeak/@@download/image/53p17-1.jpg
2005/06/03
erreportajea
Unai Brea
Jai dauka parte hartzeak
Jendartea aldatuz doa, eta jaiak ere bai. Txarrerako, askoren ustez. Azken hamarkadan areagotu egin da, antza, Euskal Herriko jaien betidaniko ezaugarri batzuen gainbehera. Horien artean nagusiena, parte hartzea. 

Patxi Juaristi soziologoak eskarmentu ederra dauka euskal herritarron ohiturak aztertzen. Jaien gainean berba egiten hasi, eta esaldi potolo bezain beldurgarria bota digu: "Jaiak hiltzen ari dira". Ai, ama! Eta zertaz idatziko du GAZTETXULOk urtero ekainean? Zorionez, Juaristik berehala zuritu du hainbeste ikaratu gaituen adierazpen hori: jaiak ez dira desagertuko, noski. Baina bai, beharbada, orain urte batzuk ezagutu genituen jaiak. Gauzak aldatzen dabiltza, eta Juaristik, beste askok bezala, azken hamarkadan kokatzen du aldaketa hori. Azkenerako, leundu egin du hasierako baieztapena: "Ez nuke esan gura hiltzen ari direla, ahultzen ari direla baizik". Gaitzerdi.

Hobe, hala ere, beste ezeren aurretik, jaien ezaugarrien eta zereginaren gaineko pare bat gogoeta ematea. Hona hemen Patxi Juaristiren ahotik datozenak: "Tradizioz, eta ikuspuntu antropologikotik, jaiak ihes egiteko bitartekoa izan dira. Zer egiten da jaietan? Ohiko lana eta jarrerak alboratu, ordutegiak aldatu, urtean zehar ez dauden gauzez gozatu… Guztiok behar ditugu egunerokotasunetik alde egiteko momentuak".

Horrez gain, jaiek jendartea trinkotzeko balio izan dute beti; berba apalagoz esanda, jendea elkarrekin egoteko. "Herrian bizi ez baina herrian jaioak direnak, jaietan etortzen dira bueltan: aspaldian ikusi gabeko jendearekin egoteko balio dute jaiek". Hain zuzen, jaien "heriotzaz" berba egitean Juaristik topagune funtzio horren krisia izan du gogoan, batez ere. Orain, jende asko, jaietan lagunekin egon beharrean, herritik kanpo joaten da oporretan. Ihesaldia bai, baina erabatekoa.

Gakoa: parte hartzea

Gero eta parte hartze txikiagoa dago euskal jaietan. Bai ekitaldiez gozatzeko, bai antolatzeko orduan. Patxi Juaristiren ustez, "ikuskizun hutserantz goaz. Parte hartzen da, bai, baina produktua kanpotik eginda dator. Erositako jaiak dira, ez norberak egindakoak".

"Nire umetako jaiak eta gaur egungo umeenak zerikusi gutxi dute", jarraitu du Juaristik, "orain gaztelu puzgarriekin jolasten dira, hau da, enpresa batek antolatutako zer edo zerekin. Izan ere, jaiak gero eta gehiago daude enpresen esku. Lehen herritarrek antolatzen zituzten umeentzako jolasak; burua sartu behar zen urez betetako ontzira, txanpona ahoz hartzeko. Eta hori prestatzeak lan bat eskatzen zuen". Orain, berriz, txekea sinatzea ei da jai-batzordeen zeregin handienetakoa. Honi lotuta, azken urteotako jaien beste ezaugarri bat ageri zaigu: homogeneotasuna. Herri guztietan daude ekitaldi berak, enpresa berek antolatzen dituztelako.

Erromeriaren gainbehera

Gazteek bizkarra erakutsi diote plazari. Xabier Saldias Egan taldeko abeslariak, 35 urte daroaz Euskal Herria osoan zehar erromeriak eskaintzen. Hastapenean, "musika entzuteko tresnarik eduki ez, eta jendeak gurea entzutea besterik ez zeukanean", denek egiten zuten dantza plaza-taldeen erritmoan. Orain, aldiz, hamalau urtera artekoak, horien gurasoak, eta adinekoak besterik ez dira geratu. Nora joan dira gazteak? Tabernetara, asko.

Dena dela, betiko erromeriak ez dauka sasoi bateko indarrik. Saldiasek urtero ehun emanaldi inguru egiten dituztela diosku; garai onenetan 200 ematen zituzten. Eta gero eta erromeria talde gutxiago geratzen dira, gainera. Alde batetik, gero eta kontzertu gehiago antolatzen dira: rock, heavy, punk, talde gazteak… Baina seguruenik, DJak eta enparauak izan dira betiko taldeak antzezlekutik bota dituztenak, azken boladan batez ere. "Aurreko urteetan horrek eduki zuen arrakasta, Joseina Etxeberriaren disko-festak".

Zertarako, azken batean, musika-tresnak jotzen ikasi, botoi bat sakatze hutsez egindakoa gehiago estimatzen bada? Eganek berak, esaterako, hainbat aldaketa egin ditu azken boladan, garaiei egokitze aldera: bateria eta baxuaren lana organo batek egiten du orain, eta bi dantzari gazte hartu dituzte. Berrikuntzek, hala ere, ez dute leku guztietan erreakzio bera sortu: "Gipuzkoan gehiago jarraitzen diote modari, eta beraz, hobe hartu dituzte aldaketok. Bizkaian, berriz, tradiziozaleagoak dira; euskal dantzak eta halakoak ere hobe gorde dituzte jai egitarauetan. Nafarroan ere,  orkestrek indarra dute oraindik".

Jai herrikoien alde

Iaz, Bilboko konpartsa batzuen ekimenez, Euskal Herriko talde mordo batek jai herrikoien aldeko manifestua kaleratu zuen. Gehienak hiriburuetako jaien inguruan dabiltzan taldeak dira: konpartsak, koadrillak blusak, peñak… Manifestua Interneten dago ikusgai (www.manifestua.org); bertan, irakurri ez ezik, atxikimendua emateko aukera ere badago. Dagoeneko ehunka jaso dituzte.

Manifestuaren muinean, orain arte erabili ditugun argudioetako bat dago: parte hartzea. Hau Pittu Hau konpartsako Igor Quincocesek honela azaldu digu: "Euskal Herrian, frankismoa amaitu zenetik, jai partehartzaileak egotea lortu da: koadrilek eta abarrek antolatu izan dituzte jaiak, baina hori arriskutsua da botere publikoentzat, ezin dutelako gehiegi kontrolatu. Horregatik, gero eta protagonismo handiagoa hartuz joan dira".

Bilbo bera adibide ederra da. Azken mende laurdenean, Bizkaiko hiriburuko Aste Nagusia jai herrikoien eredu modura agertu da, baina gero eta gutxiago da horrela, Quincocesek argitzen duenez: "Konpartsek erabakitzeko ahalmen handia eduki dugu iraganean, baina gaur egun ez. Udaletxea eta konpartsak batzen dituen jai batzordea hor dago oraindik, baina irudi hutsa da. Erabakiak aurretik hartuta daude".

Erakundeek bultzatzen duten jai eredua eta konpartsek eta abarrena ez dira berdinak. "Botereak eredu komertzialak bultzatzen ditu, argi eta garbi," —dio Igor Quincocesek—, " eta ematen du jaiaren balioa musika taldeak ekartzeko erabili den diruan datzala. Zenbat eta garestiago, hobe. Gure ustez, jai ona kaleko parte hartzearen eta alaitasunaren bidez neurtzen da".

Txosnek hor diraute


Kini Noya algortarra Jaikit enpresako langilea da. Jaikit-ekoek txosnak alokatzen dituzte, eta alor horretan, eurak dira Euskal Herri osoa  lan eremutzat daukaten enpresa bakarra. Erreportaje honetan esan ditugun gauza gehienek kontrakoa pentsarazi diezaguketen arren, Noyak diosku ez dela gainbeherarik izan txosna kopuruan. Aitzitik, beharbada, duela urte batzuk baino gehitxoago ipintzen dira gaur egun. Txosnak osasuntsu dabiltza, beraz.

Azken urteotan, hala ere, txosnak ipintzeko baldintzak aldatu dira. Gogortu, izan ere. "Legeari dagokionez —azaldu digu Noyak—, lehen eskatzen ez zituzten gauza asko eskatzen dira orain: baimenak, montaje-ziurtagiriak, erantzun zibileko aseguruak…".

Noyak dioskunez, udalerri batzuetan trabak ipintzen zaizkie zenbait talderi. Hala, azken urteotan arazoak egon dira hainbat hiri esanguratsutan, baina oro har, txosnak gorabehera handi barik paratzen dira Euskal Herri osoan: "Nik uste dut txosnek euren `bezeroei´ eusten dietela, orain denak tabernetara joaten direla esaten den arren. Batzuek txosnak atsegin dituzte, besteek tabernak, eta herri gehienetan giro desberdin bi horiek topa ditzakegu. Hala ere, nik beti esaten dut tabernak urte osoan dauzkagula hor, eta txosnak hiru egunez baino ez; hemengo estiloaren ezaugarrietako bat ez ezik, talde askoren diru iturri nagusia dira, eta merezi du horiei laguntzea".

Alkoholemia kontuak


Alkoholaren aurkako neurriak gero eta zorrotzagoak izateak ba ei dauka zerikusirik jaien bilakaeran. Patxi Juaristi soziologoaren ustez, baloreen alorrean gertatutako aldaketek garrantzi handiagoa daukate, baina alkoholemia kontuak ezin dira gutxietsi zenbait portaera azaltzeko garaian. Orain hamar urte, esaterako, herri txikietako jaiek —gaueko erromeriek, batez ere— inguruko jende ugari erakartzen zuten. Gaur egun, berriz,"herrikoak baino ez dira joaten horietara, salbuespenak salbuespen", Xabier Saldiasek dioenez. Gauza bat argi dago, hala ere: alkohol tantorik edan gabe, ederki asko ibili daitekeela festetan.