J. Sang: "“Hatortxurako abestia eginda, jende gehiagorengana heldu ginen”"

J. Sang: "“Hatortxurako abestia eginda, jende gehiagorengana heldu ginen”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/j-sang-quothatortxurako-abestia-eginda-jende--gehiagorengana-heldu-ginenquot/@@download/image/2010568116Governors.jpg
2010/05/07
elkarrizketa
Igone Fdez. Mariezkurrena
Batez ere Ekon eta Fjord taldeei esker zaigu ezaguna, baina 2007az geroztik Governors egitasmoaren ahotsa dugu Juan Sangre arrasatearra. Aitor (gitarra), Heloy (danborrak), Jorge (baxua) eta berriki Pako (gitarra) bide lagun dituela, bigarren diskoa aurkeztu berri du: "Frenetikodrome". Urte  hasieran Usurbilgo Higain estudioetan eta Haritz Herreguyrekin batera ernalduriko lan frenetikoa bazterrak aztoratzera dator.

Zer da Frenetikodrome?
Titulu bila genbiltzala, diskoa konposatzeko eta ekoizteko izan ditugun bost hilabete frenetiko hauei erreferentzia egingo zion zerbait nahi genuen. Kaña handia sartu diogu gure buruari eta, nolabait, Frenetikodrome horrek laburbiltzen du konposizio prozesu estresagarri samar hori.

Zaila dirudi 5 hilabetetan eta presiopean ezer onik kaleratzeak…

Presioa sorkuntza esparrukoa izan da, ez pentsa atzetik inor akuiluarekin bultzaka eduki dugunik! Hemen, Euskal Herrian, diskoak kaleratzeko bi une daude: martxoa eta apirila, udaberria alegia; edo Durangoko azoka garaia. Horregatik, bagenekien orain atera ezean denbora luze itxaron beharko genuela. Bi urte eta erdi generamatzan aurreko diskoarekin eta bagenuen gogoa proposamen berri bat egiteko.

Nolatan edo zergatik estetika mafioso samar hori?

Azkenean, nik behintzat hala ikusten dut, gu ere aktore modukoak gara: oholtza gainera igotzen gara eta bizitza paralelo bat bizitzen dugu. Taldearen izenarekin bat etorriko zen estetika bilatzen genuen, baina guri gobernari politikoen ideia ez zaigu gustatzen. Nahiago genuen gobernariak bai, baina mafiari lotutakoak izatea. Hortaz, eszenatokiko nagusiak gara, baina bere aldaera ustelenean. Egia esan, taldearentzat bururatu zitzaigun lehenengo izena Governors Corrupter zen, baina luzeegia zela eta, Governorsekin geratu ginen.

Oraingoan ere ez diozue intentsitateari uko egin. Guardia jaisten ez duten horietakoak zarete. Non bilatzen duzue halako indarra?

Inspirazioa gauza askotatik. Nik behintzat askotariko musika entzuten dut: rocka, metala, baina baita popa, elektronika eta bestelakoak ere… Abesti energikoak gustatzen zaizkit, estribillo edo errepika indartsudunak. Pentsatzen dut halakoak bilatzeak garamatzala intentsitate horretara. Abesti apalagoak egiten ere saiatu gara –Ibiltaria, Jostailu hautsiak–, baina egia da hauetan ere estribilloak eutsi diola intentsitate maila altu horri.

Diskoaren azken kanta, Kristal Kolpatuak, 10. Hatortxu Rock jaialdiaren abestia izan zen. Zer moduzko esperientzia da halako jaialdi indartsu bati doinua jartzea?

Guretzat kristoren albistea izan zen. Neuri izugarrizko ilusioa egin zidan, horrek esan nahi zuelako nire konpositore lanarengan konfiantza osoa zutela antolatzaileek. Lanari ekin genion, hasieran pittin bat urduri, bagenekielako abesti horrek Governors ez ezik jaialdi oso bat eta bere espiritua ere irudikatuko edo ordezkatuko zuela. Ardura handia zen eta presioa sentitu genuen zentzu horretan. Hala ere, azkenean abesti ona egin genuela uste dugu, lagun bikainak –Sorkun, Juanra…– izan genituen kolaboratzaile, eta badirudi jendeari gustatu zaiola. Bideoa ere grabatu genuen, orain gutxi saritu dutena.

Eta jende gehiagorengana heltzeko aukera eman zizuen…

Baita ere, noski. Askori, agian, ezaguna zitzaien Governors izena, baina ez zuten sekula gure musika entzun. Abesti honek jendearen arreta erakarri du eta askok taldeari erreparatu diote. Eta diskoa erosi ere bai, zenbait kasutan.

Letra gehientsuenak zureak dira, baina disko honetan nabariak dira kolaborazioak. Fredi Payarena adibidez.

Hatortxun egindako talde lana asko gustatu zitzaidan. Gainera, nik denbora dezente behar izaten dut euskarazko letrak ganoraz lantzeko eta, bost hilabeteko margena genuela kontuan hartuta, laguntza handia izan da halako letra onak egiten dituen norbait alboan izatea. Saiatu naiz neure ukitua ematen baina, egia esateko, Fredirenak eta Aitor Antruejorenak oso letra egokiak dira disko honetarako.

Atzera begiratu eta zein irakurketa egiten duzu hiru urte hauetaz?

Balorazioa oso ona da. Askotan, lanean ari zarela, ez zara jabetzen igotzen dituzun eskailerez. Baina badira zenbait gauza edo momentu jendartean taldea errotzen ari dela adierazten digutenak. Orain gutxi, adibidez, Lemoako gaztetxean jo genuen. Duela bi urte 80 lagun bildu genituen bertan, baina oraingoan ia 200 etorri ziren. Beraz, badirudi baietz, funtzionatzen ari dela, eta guk hasiera-hasierako ilusio berarekin jarraitzen dugu.