Izenik gabeko pirata

Izenik gabeko pirata https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izenik-gabeko-pirata/@@download/image/2009946404madda_1362567226.jpg
2009/09/04
erreportajea
Maddalen Arzallus
Izenik gabeko pirata
Ametsetan ez dugu guk nahi dugun bezalako mundurik sortzen, errealitatearekin antz handia duen beste mundu bat baizik.


Leitzako festetatik etxera bidean izan zela uste dut. Itsasontzi batekin egin nuen amets. Bai, badakit Leitzan ez dagoela itsasorik, baina nik pirata asko ikusi nituen arratsaldeko zortzietatik goizaldeko zazpiak arte trago artean igerian nenbilela. Horrexegatik egin nuen amets itsasontzi harekin. Pirata kapitain bat imajinatu nuen ilargierdiko gau haizetsu batean, lema askatu eta sirena bati begira.

Amak Kako jarri nahi izan zion izena haurdun zegoela jakin zuenean; baina bera baino hilabete batzuk lehenago jaio zen Inoizezko lurraldean Kako kapitaina. Orduan, seme hark Bizar Gorri izango zuela izena erabaki zuen; baina bizarrik gabe jaio zen haurra. Hala, izenik gabe geratu zen nire ametsetako pirata. Bere ama ez zen ohartu, ordea, izenik ez duenak ez duela nortasunik izaten.

Itsaso zabaleko piratarik gorrotagarriena zen Leitzatik etxera nindoala sortu nuen kapitain hura. Ez zitzaion askorik axola; infernura joan nahi zuela esaten zuen berak: "Nik ez dut paradisuan bizi nahi. Han zoriontasuna besterik ez dago eta horren zoriontsu denari malkoak ateratzen zaizkio. Nahiago dut infernuan erre paradisuan negarrez bizi baino".

Bai, gorrotagarria zen izenik gabeko pirata. Ez zen bere errua, ordea, ama zen izenik eta nortasunik gabe utzi zuena. Eta, horrez gain, sirenak bihotza lapurtu zion. Gauero egoten zen lema askatu eta sirenari begira. Itsasoan beldur gehien sortzen zuen kapitainaren bihotza arrain zangoak zituen sorgin hark zeukan.

Bera zen izenik gabeko piratari barkua gidatzen ziona: sirenak nora esan, hara zuzentzen zuen itsasontzia gizonak. Lehen begiratuan lapurtu zion bihotza uretako neskak eta ordutik bere agindupean bizi zen. Tratu bat egin zuten bien artean: kapitainak itsasoko altxorrik ederrena aurkitutakoan, sirenari oparituko zion eta orduan itzuliko zion berak, trukean, bihotza.

Gauero elkartzen ziren biak, bata ur azalera eta bestea barkuko ertzera agertuta. Baina piratak ez zuen sekula sirena baino altxor ederragorik aurkitu...

Amesteari utzi nionean ohartu nintzen zein berdintsuak diren fantasia eta benetako mundua. Orain arazo bat daukat: ez dakit pirata edo sirena, zeinen ispilua naizen.