Izaro Iraeta: “Ez da erraza ligatzea Euskal Herrian"

Izaro Iraeta: “Ez da erraza ligatzea Euskal Herrian" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/izaro-iraeta-ez-da-erraza-ligatzea-euskal-herrianquot/@@download/image/22p26-1_1369748614.jpg
2002/09/06
elkarrizketa
Jon Odriozola
Izaro Iraeta: “Ez da erraza ligatzea Euskal Herrian"
Bost anaia-arrebetan zaharrena. Zaldibitarra da eta mendian barrena ibiltzea atsegin du, baita nobela historikoak irakurtzea ere. Jale ona, mondejoez gain, gozokiak ikaragarri gustatzen zaizkio; aukeran, txokolatea. "Esta es mi gente" saioaren laugarren denboraldirako prest dago, etxekoak jarraitzaile kritikoenak baditu ere. Izaro Iraetarekin mintzatu gara. 

Izaro, Bermeo eta Mundaka aurreko uhartearen izen berbera duzu. Zaldibiatik urrun samar, ezta?
Aitak eta amak, biek, gustuko zuten. Dena den, Zaldibia txikia izanik ere, bagara Izaro bat baino gehiago herrian, neska zein mutil.

Besteak beste, "Ikimilikiliklip", "Goenkale esker 1000", "La Monda" eta "Ikusgela" saioetan ibilia zara. Eskarmentua baduzu telebistan…

Hasierako urrats haietatik hamar urte igaro dira. Kazetaritza hasi berria nuen eta "Ikimilikiliklip" musika saio hura, niretzat, ez zen lanbidea izan; lagungiro polita zegoen taldekideen artean, hobbya zen niretzat, nahiz eta hil amaieran dirusaria jaso. Hala, hasieran kuriositatez hasitakoa, egun, nire lanbide bihurtu da. Dena dela, aldea badago platoan saio bat aurkeztearen eta, "La Monda"-n bezala, kalean jardutearen artean. Garai hartan Euskal Herriko herri asko ezagutu nituen eta lotsak alde batera uzten ikasi nuen.

Gazteekin diharduzu batik bat. "Ikusgela" hezkuntza saiotik "Esta es mi gente"-ko gelako gazteetara. Aldea badago, ezta?

Batak ez du bestearekin zerikusirik. "Ikusgela" saio hezitzailea da, modu fresko eta erakargarrian egina. "Esta es mi gente"-n, berriz, hizkuntzarekin esaterako, apur bat kostatu zitzaidan buruko txipa aldatzea, ama hizkuntzatik gaztelerara pasatu beharra, alegia.

Otsailean Emma Garcia ordiziarra ordezkatu zenuen "Esta es mi gente"-n. Erronka handia izan al da?

Hilabeteotan saioa aldatu egin da, eta aldaketak, audientziak eskatzen dituelako, ikusentzulearen eskaeren arabera egin dira. Datorren denboraldiari begira, saioa garatzen jarraitzeko asmoa dugu, gazteengandik are eta gertuago egoteko eta saio alai eta freskoa egiteko.

ETBn gehien ikusten den saioa aurkezteak zer suposatzen du?

Orain jende gehiagok ezagutzen nau. Kalean begiradak nabaritzen ditut: "Bera izango ote da? Ala ez?". Tarteka, autografo bat edo beste sinatu behar izaten dut. Bestalde, audientziaren erantzuna egunero jasotzen dut, eta horrek presio apur bat eragiten dit, gutxieneko audientzia batzuk bete behar dira eta. Ni "Esta es mi gente-n" hasi aurretik, audientzi maila bat zegoen eta beraz, lehen ahalegina horri eustea izan zen. Nire helburua buruhausteak albo batera utzi, lana ahalik eta hobekien egin eta aurrera egitea da.

Talk-show saioetan Euskal Herria punta-puntan omen dago, eta batik bat Gipuzkoa…

Datu bitxia da oso, eta jakin nuenean, harrituta geratu nintzen. Ez hori bakarrik: saioa inguru euskaldunetan ikusten da gehien.

Euskaldunak lotsati samarrak omen gara, baina zure saioan azaltzen diren neska-mutilek, nire bizilagun Pepik dioen bezala, ez dute lotsa zipitzik ere.

Egia esan, askok ez dute. Hala ere, telebistara joateko ausardia puntu bat behar da, guztion aurrean norberaren bizitzaren berri emateko, alegia. Baina, ausardiatik lotsagabe izatera, aldea badago. 

Saiora jendea eramateko arazorik izan al duzue sekula?

Ez da arazorik izaten, jendea beti etortzeko prest egon baita. Hala ere, emanaldi bakoitza gai baten inguruan mugitzen denez, ikaragarria da erredakzio eta produkzio taldearen lan isila. Zuzeneko saio batean, egunero, zortzi gonbidatu eramateak badu lana. Atzetik, jendeak ikusten ez duen lan izugarria dago.

Inork botatako erantzunen batekin lotsaturik edo sentitu al zara?

Bai, behin baino gehiagotan…

Izan ere, bertsolarien antzera, zenbaitek etorri ahala bota egiten dute!

Halaxe da. Batzuei ez zaie axola beraiei gertatutakoa lasai-lasai botatzea. Kontu bitxiak izaten dira, oro har, edonori gertatzen ez zaizkionak, tarteka bat baino gehiago identifikatuta sentitzen den arren. Bide batez, nire lana mingainetik tira egitea da, baina aurrean dudan pertsona errespetatuz.

Saioko "Lagun Bila" atalak oihartzun handia du. Euskal Herrian ligatzea zaila omen da. Mitoa hautsi nahi al duzue?

Egia da; Euskal Herrian ez da erraza ligatzea. Baina jendea gure saiora, ligatzera ezezik, ondo pasatzera, lagunak egitera eta jende berria ezagutzera etorri ohi da.

Yolanda Alzolak txutxumutxuei buruzko saioek entretenimendua bultzatu eta eguneroko arazoak ahazteko balio dutela dio. Zuen helburua al da hori? Oso bestelakoak ere esaten dira eta.

Saioak entretenimendua du helburu. Ordutegia ere aproposa da, ordurako jendea, lana amaitu ondoren, etxean izaten baita. Behin habira iritsi orduko, zapatak kendu, lasaitu eta eguneko buruhausteak ahazteko gogoz egoten gara. Saioak hori lortzen laguntzen duela uste dut.

Unax Ugaldek esana: "Telebista gizartearen ispilu bihurtzen ari da, eta jendeari eskatutakoa ematen zaio". Jokaera zuzena al da?

Etikak ez du inon falta behar, ezta telebistan ere. Jendea, lehenik eta behin, guztiok gara, baita gu ere. Bide batez, jendea ez da tontoa, eta norberak erabakitzen du saio jakin bat ikusi ala ez.

Andoni Egañaren "Aitaren batean" liburuko "Hirikoak eta herrikoak" atalean: "Denborak berdindu egiten ditu ezaugarriak. Orain ez da hiriko hirikorik, edo hobe esanda, ez da herriko herrikorik"…

Garai bateko hirikoak eta herrikoak alderatuta, bat nator, orduan herrietatik hirietara jende gutxiago joaten baitzen eta hartu harremanak ere ez baitziren egungoak bezalakoak. Asko berdindu da, baina, bakoitza, batik bat herrietakoak, bereari eusten ahalegintzen da.

Egin berri den inkesta baten arabera, gazteek, lana eta diruaren aldean, osasuna eta afektibitate harremanak garrantzitsuagotzat omen dituzte. Bat al zatoz?

Erabat ados nago. Horiek ezean, jai! Diruak eta lanak, hala ere, gero eta morrontza handiagoa dakarte. Ikusi besterik ez dago gure inguruan sortzen ari diren behar materialak…

Gazteak nartziso samarrak al gara?

Gure zilborrari gero eta gehiago begiratzen diogu. Zer pentsatua ematen dit merkataritza gune handietara joan eta beti gaztez josita daudela ikusteak. Gero eta kontsumistagoak gara, eta horri aurre egitea oso nekagarria da.

Kirol emanaldi edo informazio saioren bat aurkezteko gai izango al zinateke?

Bai noski! Kazetaria naiz, eta tokian tokiko lanari ez diot uko egiten.

Baita Eurovision aurkezteko ere, Benito Lertxundi Euskal Herriko ordezkari gisa?

Bai, gustura aurkeztuko nuke Benito, ez litzateke ordezkari txarra izango, ez!