Izar iheskorrak

XX. mendean migrazio mugimendu handiak izan ziren munduan zehar. Gerratik ihes egin nahiaz gain, lanpostuaren bila joatea izan zen migrazio horien arrazoi nagusietako bat. Esaterako, oparotasun ekonomiko garaian, mundu osoko langile kualifikatuenak AEBrantz joaten ziren lanera: "Run Brain" ("Burmuinen Lasterketa"). Horra geografia leziotxoa.
Euskal Telebista eta telebista kate espainiarren artean ere antzeko zerbait gertatzen da. Gero eta euskal aurkezle gehiago dira maletak egin eta Piruli Dorrera edo dorre horren anaia bikietara doazenak. Nor ez da oroitzen Ane Igartiburuz, Emma Garciaz, Jorge Fernandezez edo Yolanda Alzolaz? Ez dakit migrazio horri zein izen eman. "Burmuinen Lasterketa" ez behintzat. Gure aurkezleak, burmuinak baino aurpegiak egiten baititu erakargarri. Horregatik dira izarrak. Izar iheskorrak. Eta zer esan etxea utzi eta Madrileko proposamenari baietza emate horri buruz? Tira, badakizue, "txin txin, txin txin, diruaren hotsa...". "Date el bote" utzi eta "Gran Hermano"-n sartzen denak ongi baitaki bietan pote handiena non dagoen.
Lehen esan dut migrazioak eragiten zituzten motibo handienak gerrak eta lanpostuak zirela. Gure izar uxoen kasuan, ez dakit bi motiboak ez ote diren gurutzatzen. Hedabide espainiarrek Euskal Herriarekiko duten jarrera ikusirik, gure aurkezleak, Madrilera lanpostu bila joatean, ez ote doaz gerrara? Baina, noski, hori Joseba Iriondorekin Afganistanera joatea baino politagoa izango da.
Julian Retegi eta Josetxo Lizartza

Ez dute bikote txarra osatzen pilotarako. Bata leitzarra eta bestea Eratsungoa. Euskalkiekin gertatzen den bezala, hauei gaztelaniaz mintzo direnean ere antzematen zaie nongoak diren. Hass vissto esse ezker gantxo Julian ?. Ssi ssi, ha ssido manifiko. Esste Aimar Olaizola ess un gran plaza gizon!.
Ttin ttan ttan ttan ttin...

"Ttin ttan ttan ttan ttin ttikittin...". Lehen ere esan izan dut, baina merezi du errepikatzeak. Euskadi Irratiari zorionak eman behar dizkiogu. Ez hogei bete dituelako bakarrik, iragarki berri honegatik ere bai. Bikaina benetan, txapela kentzeko modukoa.