Izan hadi mezulari!

Izan hadi mezulari! https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2007/04/06
erreportajea
Gaztezulo
Gero eta arruntagoa da bat-bateko mezularitza bidez hitz egitea. Bertan, gure kontaktu sorta gorde dezakegu, eta lagunak noiz konektatu diren jakinda, haiekin hitz egin. Horrez gain, fitxategiak trukatu, ahots bidez hitz egin, irudiak erakutsi, eta abar ere egin daiteke. Zenbaitetan arazo bat sortzen da, ordea: mezularitza zerbitzu asko daude, eta zaila da kontaktu guztiak leku berean edukitzea. Horretan laguntzeko, Gaim izenekoa erabil dezakegu, bat-bateko mezularitza tresna, alegia.

Ezaugarriak
· Windows eta GNU/Linux sistemetan erabil daiteke.
· Software librea da.
· Hainbat saretako kontuak konektatzeko aukera ematen du: AOL Instant Messenger, Gadu-Gadu, ICQ, Internet Relay Chat, Jabber, MSN Messenger, QQ, Yahoo! Messenger, Session Initiation Protocol (SIP) eta abar.
· Elkarrizketak fitxen bitartez kudea ditzakezu, edozein momentutan, norekin hitz egiten ari zaren jakin dezazun.
· Hainbat egoeratan egon zaitezke —konektatuta ala ez, erabiltzen ala ez…—, eta kontaktuek zu nola zauden jakin dezakete.
· Gehigarrien bidez, funtzioak gehitu daitezke programan.
· Kontaktuak antolatzeko eta taldeak sortzeko aukera handia ematen du.
· Programaren emoticons-ak —emozioak azaltzeko erabiltzen diren aurpegi itxurako irudiak— erabilita, programa osoa pertsonaliza dezakezu.

Non lortu

Gaim-a gune askotan aurki daitekeen arren, toki ofiziala http://gaim.sourceforge.net da. Bertan programa jaisteko aukera izateaz gain, hari buruzko informazio ugari topatuko duzu. Windows bertsioak gune berezia du, http://gaim.sourceforge.net/win32/index.php helbidean. Bertako programa jaitsi, Gaim Windows sisteman instalatu nahi baduzu.

Nola ezarri

GNU/Linuxa. Sistema eragile hau erabiltzen duten pertsonek oso erraz ezar dezakete Gaim-a, programa jaisteko garaian, ez baitute normalean non dagoen jakin beharrik. Sistema eragile hauetan, programak aurkitu eta ezartzen dituen aplikazio bat etortzen da lehenetsi bezala, eta banaketa guztietan bera ez bada, oso antzekoa izan ohi da. Hala ere, beti dago programa jaisteko eta eskuz ezartzeko aukera.

· Ubuntu adibidea: sudo apt-get install gaim
· Red Hat adibidea: yum install gaim

Windowsa. Lehen aipatutako lekutik exekutagarria da; beraz, jaitsi eta pausoak jarraitu besterik ez duzu. GTK liburutegiak ezarrita edukitzea komeni da.
Etorkizunean

Gaur egun, interface-a hobetzen ari dira. Etorkizunean, 3.0 bertsioarekin batera, audioa eta bideoa ere erabili ahal izango direla aurreikusi dute.

Harritu gaitu


Zeharo harritu gaitu hainbat idazlek Euskadi Literatur Sariak direla-eta plazaratutako agiriak. Utikan.com webgunean jarri dute agiria, eta bertan, sarietan parte hartzeari uko egin dioten idazle gehiagori izenpetzeko aukera eman diete. Komunikatua sinatu dutenen ustez, literatur irizpideak baino, irizpide politikoak erabiltzen dituzte Euskadi Sariak aukeratzerakoan.
Lotura: http://www.utikan.com

Katxondoena


Euskal Herriko gazte askori skatea, snowboarda eta surfa izugarri gustatzen zaizkie, eta haietako batzuk, modu ero samarrean aritzen dira. Hiru bideo hauek, horren adierazgarri.
Txipiron Cup 2006 (Hondarribia): http:// www.youtube.com/watch?v=KJlriFOS120
Portuan (Zarautz): http://www.youtube.com/watch?v=8fy6Afi8j_g
Goitiberak Urretxuko festetan (papa-mobila): http://www.youtube.com/watch?v=RXboI7UDW9A

Informazio bila


Internet unibertso zabala da, eta informazio ugari topa dezakegu bertan, baina askotan, ez dugu guk nahi dugun hori aurkitzen. Horrelakoetan, zer egin dezakegu? Bada, beti bezala, dakienari galdetzea da onena. Galdetu.com webgunean, galderak egin eta besteen galderak erantzun ditzakezu. Horixe, beraz: laguntza behar baduzu, edo besteen zalantzak argitzeko moduan bazaude, erantzun.
Lotura: http://www.galdetu.com