Itziar Mendizabal: “Askotan erori egin behar da altuago igotzeko”

Itziar Mendizabal: “Askotan erori egin behar da altuago igotzeko” https://www.gaztezulo.eus/albisteak/itziar-mendizabal-askotan-erori-egin-behar-da-altuago-igotzeko/@@download/image/84p53dantza_1363643101.jpg
2008/04/04
elkarrizketa
Testua: Alberto Irazu
Lehenik oinez ikasi zuen, eta oinez ikasi eta berehala, hanka puntetan hasi zen herriko ballet eskolan: Itziar Mendizabal da, duela bi urtetik hona Leipizig-eko Operako Balletean bakarlari gisa ari den gazte hondarribitarra. Lanean serioa, baina irribarre errazekoa. Diziplinatua, baina festari uko egin gabe. Ballet dantzarien dotoreziaz erantzun ditu gure galderak.

Lau urterekin, balleta egin nahi zuela esan zion amari. Hamalau urterekin, Hondarribiko ballet eskolako lagunak agurtu eta Madrilera alde egin zuen, Victor Ullateren eskolara. Luze jo gabe, Victor Ullateren konpainian hasi zen, eta ondoren, Zuricheko Operako balleta eta Leipzigeko Operakoa etorri ziren. Esperientzia horiek guztiak barneratuta, heldutasun handia transmititzen du Itziarrek: "Hamabost urterekin apartamentu batean bakarrik bizi bazara, gaixotuz gero zuk egin behar duzu arroza, zuk joan behar duzu medikuarenera… Horrelakoek huskeria dirudite, baina hamabost urterekin zailak dira. Askorako balio izan dit horrek; heldutasuna eman dit, azkar".

Ullateren konpainian eman zenituen lehen pausoak profesional gisa. Zer ikasi zenuen Ullaterekin?

Victor Ullaterekin diziplina ikasi nuen. Hamalau urterekin gaztetxoa zara, eta beharbada, ez daukazu horren garbi lana zuk egin behar duzula, ez duela inork lana zuregatik egingo, eta borrokatu egin behar dela nahi dugun ametsa lortzeko, eta borroka horretan norberak egin behar duela lana, inork ez zaituelako zu eskutik helduta eramango.

Eta Zurich eta Leipzigen? Bi horietan, zeintzuk izan dira irakaspenik handienak?

Beste kultura batean egotea zer den ikasi nuen Zurichen, hangoa beste pentsamolde bat delako, eta niretzat aldaketa handia izan zelako Madriletik hara joatea. Hondarribitik Madrilerako aldaketa ez zen handia izan, baina Suitza beste pentsamolde bat da. Bestalde, beste koreografia mota batzuk lantzen hasi nintzen, eta Europan nola lan egiten duten ikusteko aukera izan nuen. Han askoz serioagoa da dena, askoz baldintza hobeak daude lanerako. Leipzigen, bestalde, nire lehen rol nagusietan hasi naiz, eta hor ere asko ikasten ari naiz. Orain, lehen pertsonaia jokatzen dut ikuskizun batean, eta erantzukizun hori onartzen ikasi dut.

Europa iparraldean hotzagoak, metodikoagoak, diziplinatuagoak dira?

Metodikoagoak dira, eta balletarekiko errespetu handiagoa dago. Madrilen ere oso gauza serioa zen, baina Zurich eta Leipzig-eko balletez ari garenean, beste maila batez ari gara. Konpainia hauek beren antzokia dute, ikuslego finkoa dute, Zuricheko jendeak diru asko ematen du balletarentzat… Horrek guztiak seriotasuna ematen dio balletari.

Esaiguzu: nolakoa izaten da zure egun normal bat balletean?

Normalean, 08:00-etan jaiki eta 09:00-etarako antzokian izaten naiz. Aldatu eta beroketa batzuk egiten ditut, eta 10:00-etarako entrenamendua edo klasea izaten dugu; ordubete edo ordu eta erdi, hor nonbait. Gero, 18:00-ak arte entseguak izaten dira. Zortzi orduko lana izaten da, gutxi gorabehera, egunero. Batzuetan pott eginda bukatzen dugu, baina ohituta gaude.

Zortzi orduz entrenatzen. Erraz esaten da! Gorputzak badu mugarik? Zuek oholtzan ikusita, mugagabea dirudi…

Gorputzak mugak ditu, noski, eta bakoitzak bereak ditu, gainera. Ni txikitan ez nintzen orain bezain malgua. Horrelako gauzetan, pertsona batzuek sentsazio naturalagoa izaten dute beste batzuek baino, baina horren atzean lan handia izaten da beti. Nik bi muturrak ezagutu ditut: alde batetik, sekulako ezaugarriak zituzten neskak eta mutilak, profesional izatera iritsi ez direnak; eta bestetik, askoz dohain gutxiagorekin profesional izatera iritsi direnak. Mundu honetan oso burugogorra izan behar duzu, nahiz eta batzuetan ezin duzun gehiago, eta fustrazioa sortzen den. Askotan erori egin behar da altuago igotzeko. Psikologikoki indartsua izan behar da.

Dantzaren bitartez, nola adierazten dituzue sentimenduak?

Obraren arabera izaten da. Koreografoak zer adierazi nahi duen jakin behar duzu. Obra klasiko batean, zu horko pertsonaia horretan sartzen zara, eta mugimenduak landu egiten dira horretarako. Dantza munduko mimika hori asko lantzen dugu. Neoklasikoetan, koreografoak berak transmititzen dizu zer esan nahi duen une horretan, berak ateratzen du hori zure barrutik, eta gero horrek zure nortasunarekin bat egin behar du. Adibidez, obra batean pertsona batekin maiteminduta bazaude, pentsatu behar duzu zuk nola adieraziko zenukeen hori, eta gero dantzaren bitartez transmititu. Esanahi berezia duten keinuak ere badaude; obra klasikoetan batez ere. Pantomima ere asko landu ohi dugu.

Dantzariak zer moduz moldatzen zarete zuen dantza estilotik ateratzen zaituztenean? Esaterako, zu moldatuko zinateke hop hopean?
Hip hopean ez dakit, baina saltsa dantzari trebea naiz, hori seguru. Estilo bat menderatzeak ez du esan nahi beste dantzak egin ditzakezunik, hori oso pertsonala delako. Nik denetarik ezagutu dut, baita tangoa eta saltsan bikain aritzen diren dantzariak eta gero diskoteka bateko musikarekin mugitu ezinik geratzen direnak ere!

Dantza estilo bakoitzari adjektibo sorta bat erantsi ohi zaio. Adibidez, joera dago balleta mundu serio eta klasiko batekin lotzeko, eta hip hopa, berriz, kalearekin, inkonformismoarekin... lotzen da. Benetakoak dira elkartze horiek? Edo topiko hutsa dira?

Ez dut hip hop mundua ezagutzen. Beraz, ez naiz ausartzen esaten nolakoa den beren eguneroko lana, entrenamendua eta bizimodua. Hala eta guztiz ere, argi dago balletean gabiltzanok aukera handiagoa dugula era profesionalean aritzeko. Dena den, balletean eta dantza neoklasikoan oso gauza modernoak egiten ari dira gaur egun; guk, adibidez, oso pieza berriak egiten ditugu, gaur egungo gaiekin lotuta eta abar. Gaur egun, konpainia klasikoek ez dituzte bakarrik obra klasikoak dantzatzen; joan den urtean, esaterako, ikuslegoa probokatzen zuten obra bereziak egin genituen Leipzig-eko balletean. Beti ez gaude hanka-puntetan eta aurpegitxoa jartzen!

Diziplina. Diziplina. Diziplina. Aspergarri samarra, ezta?

Diziplina beharrezkoa da edozein artetan, baina hautsi egin behar da batzuetan. Nire ustez, egunero bekatu txiki bat egin behar da, balletagatik ezin zaiolako bizitzeari utzi. Ez dut uste egokia denik.

Oso mundu lehiakorra ematen du dantza munduak. Telebistak eta zineak ere izaera gogor hori nabarmendu digute beti…

Oso lehiakorra da, noski. Azken finean, zure buruarengatik lan egiten duzu, ez duzu beste inorengatik egiten; beraz, lehia sortzen da. Adibidez, gerta daiteke obra batek rol nagusi bakarra izatea, eta rol horretarako bost neska egotea. Hala ere, normalean, lehia ez da bata bestearen kontra izaten; nork bere buruarekin izaten du borroka. Konpainiaren arabera asko aldatzen da hori, giro hobea edo okerragoa egon daitekeelako, eta zuzendariak ere zeresan handia izaten duelako, dantzariekin hartzen duen jokaeraren arabera. Gure konpainian oso giro ona dago.

Lucia Lakarrak bere senarrarekin dantzatzen du. Horren garrantzitsua da oholtza gaineko zure bikotekidearekin feeeling ona izatea?

Oso garrantzitsua da. Leipzigen nagoenetik, Jean Sebastien Colourekin dantzatzen dut, eta hasieratik oso feeling ona izan dugu. Ikusleek ere sentitzen dute kimika hori, baina noski, horrek ez du esan nahi dantzari horrek benetan zure bikotekidea izan behar duenik, bestela ere profesionala izan beharra dagoelako, eta sortu egin behar duzulako kimika, baina naturalago ateratzen da laguna bazara eta elkarrekin komunikazioa ona bada. Oso pozik nago Jean Sebastianekin.